42. IKASKETARAKO ARTIKULUA
«Obeditzeko prest» al zaude?
«Goiko jakinduria […] obeditzeko prest dago» (ST 3:17, NWT).
sjj 101. KANTA Elkartuta zerbitzatzen
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zergatik izan daiteke zaila obeditzea?
ZAILA egin al zaizu inoiz obeditzea? Dabid erregeari bai. Horregatik, honakoa eskatu zion otoitzean Jainkoari: «Piztu nigan zuri obeditzeko desira» (Sal 51:12, NWT). Dabidek Jehoba maite zuen, baina batzuetan zaila egin zitzaion obeditzea. Guri gauza bera gertatzen zaigu. Zergatik? Lehenik, denok dugulako desobeditzeko joera. Bigarrenik, Satanas guk Jehobaren aurka egin dezagun saiatzen ari delako etengabe (2 Ko 11:3). Hirugarrenik, mundu honen jarrera desobedienteaz, hau da, «jende errebeldeagan ari den espiritua[z]» inguratuta gaudelako (Ef 2:2). Beraz, gogor saiatu behar gara bekatu egiteko dugun joeraren aurka, baita Deabruak eta bere munduak guk Jehoba desobeditzearren egiten duten presioaren aurka ere. Aldi berean, gogor egin behar dugu lan Jehobari eta berarengandik autoritatea jaso dutenei obeditzeko.
2. Zer esan nahi du «obeditzeko prest» egoteak? (Santiago 3:17, NWT)
2 Irakurri Santiago 3:17, NWTb. Santiagok zuhurrak «obeditzeko prest» daudela idatzi zuen inspirazioz. Zer esan nahi du honek? Jehobarengandik autoritate neurri bat jaso dutenei gogotsu obeditzeko desira izan beharko genukeela. Baina, noski, norbaitek Jainkoaren arauak desobeditzea eskatzen badigu, Jehobak ez du espero guk hori egitea (Eg 4:18-20).
3. Zergatik da inportantea Jehobarentzat guk autoritatea jaso dutenei obeditzea?
3 Jehobari obeditzea gizaki bati obeditzea baino errazagoa dela sentitu dezakegu. Azken finean, Jehobaren gida beti da perfektua (Sal 19:8 [19:7, NWT]). Autoritatea duten gizakiak, aldiz, ez dira perfektuak. Hala ere, gure zeruko Aitak autoritate neurri bat eman die gurasoei, agintariei eta adindunei (Es 6:20; 1 Ts 5:12; 1 P 2:13, 14). Beraz, hauei obeditzea, errealitatean, Jehobari obeditzea da. Azter dezagun Jehobarengandik autoritatea jaso dutenei nola obeditu ahal diegun, nahiz eta batzuetan hauen gida onartu eta jarraitzea zaila izan.
GURASOEI OBEDITU
4. Zergatik desobeditzen diete seme-alaba askok gurasoei?
4 Gazteak «gurasoentzat errebelde» edo desobediente diren beste gazteez inguratuta daude (2 Tm 3:1, 2). Zergatik desobeditzen dute gazte askok? Ez zaielako bidezkoa iruditzen beraien gurasoen jokabidea. Izan ere, guraso batzuek ez dute esaten dutena egiten. Beste gazte batzuek gurasoen aholkuak zaharkituta daudela, edo zorrotzegiak edo praktikoak ez direla uste dute. Gaztea bazara, sentitu al zara inoiz horrela? Askori zaila egiten zaie Jehobaren hurrengo araua betetzea: «Izan zaitezte gurasoen esaneko, hori baita zuzena Jaunarenak direnentzat» (Ef 6:1). Zerk lagundu ahal dizu hau lortzen?
5. Lukas 2:46-52 pasartearen arabera, zergatik da aipagarria Jesusek gurasoei obeditu izana?
5 Jesus obedientzia eredu onena denez, asko ikasi dezakezu berarengandik (1 P 2:21-24). Bera guraso inperfektuak izan zituen gizaki perfektua izan zen. Baina, Jesusek bere gurasoak errespetatu zituen, nahiz eta hauek batzuetan akatsak egin edo berarekin gaizki-ulertuak izan (Ir 20:12). Azter dezagun zer gertatu zitzaion Jesusi 12 urte zituenean (Irakurri Lukas 2:46-52). Jerusalemen egon ondoren, etxerako bidean, Jose eta Maria beraiekin batera zihoan familia osoaren artean Jesus ez zegoela konturatu ziren. Jesus azkenean aurkitu zutenean, Mariak errieta egin zion sortu zituen buru-hauste guztiengatik. Baina, haurrak beraiekin zeudela ziurtatzea Jose eta Mariaren ardura zen. Jesusek hau bidezkoa ez zela esan ahal zuen. Hala ere, errespetuz jokatu zuen eta erantzun sinplea eman zien gurasoei. Eta nahiz eta Jose eta Mariak «ez zuten ulertu zer esan nahi zuen», Jesusek «beraien menpe» bizitzen jarraitu zuen.
6, 7. Zerk lagundu ahal die gazteei gurasoei obeditzen?
6 Gazte, zaila egiten al zaizu obeditzea gurasoek akatsak egiten dituztenean edo beraiekin gaizki-ulertuak dituzunean? Zerk lagundu ahal dizu egoera horietan? Lehenik, Jehoba nola sentitzen den pentsatu. Bibliaren arabera, «Jaunak gogoko» du zuk gurasoei obeditzea (Kol 3:20). Jehobak badaki batzuetan zure gurasoek ez zaituztela guztiz ulertzen edo bidezkoak ez diruditen arauak jartzen dituztela. Baina, dena dela, obeditzea erabakitzen duzunean, Jehoba pozten duzu.
7 Bigarrenik, zure gurasoak nola sentitzen diren pentsatu. Beraiei obeditzean, poztu egiten dituzu eta beraien konfiantza irabazten duzu (Es 23:22-25). Gainera, ziurrenik zuen arteko harremana estuagoa izango da. Belgikan bizi den Alexandre izeneko anaia batek honakoa dio: «Gurasoek eskatzen zidatena egiten hasi nintzenean, gure harremana estutu egin zen eta zoriontsuagoak izaten hasi ginen».c Hirugarrenik, gurasoei orain obeditzeak etorkizunean nola lagunduko dizun pentsatu. Paulo Brasilen bizi da eta honakoa dio: «Gurasoei obeditzen ikasteak Jehobari eta autoritatea dutenei obeditzen lagundu dit». Bestalde, Jainkoaren Hitzak zure gurasoei obeditzeko arrazoi garrantzitsu bat ematen dizu: «Luzaroan bizi eta zoriontsu izan zaitezen» (Ef 6:2, 3).
8. Zergatik erabakitzen dute gazte askok gurasoei obeditzea?
8 Gazte askok gurasoei obeditzean gauzak ondo ateratzen zaizkiela ikusi dute. Azter dezagun Brasilen bizi den Luizaren kasua. Denbora batez, ez zuen mugikorra izateko baimenik izan. Bere adineko gazte gehienek mugikorra zutenez, zaila egin zitzaion bere gurasoen erabakia ulertzea. Baina, orduan, gurasoak bera babesten ari zirela konturatu zen. Luizak orain dio: «Gurasoei obeditzea nire bizia salbatu dezakeen kotxe baten segurtasun-uhala bezala ikusten dut, eta ez indarrezko alkandora bezala». Estatu Batuetako Elizabeth izeneko arreba gazte bati noizbehinka zaila egiten zaio gurasoei obeditzea. Berak dio: «Gurasoek guztiz ulertzen ez ditudan arauak jartzen dizkidate batzuetan. Orduan, iraganean beraien arauek nola babestu nauten gogoratzen dut». Bestalde, Armenian bizi den Monika izeneko gazte batek dioen moduan, gurasoei obeditzen dienean zoriontsuagoa da.
AGINTARIEI OBEDITU
9. Zer pentsatzen dute askok legea obeditzeari buruz?
9 Jende askok gobernuak egotea beharrezkoa dela eta «agintarie[k]» ezarritako lege batzuk behintzat obeditu beharko genituzkeela onartzen du (Erm 13:1). Baina, aldi berean, pertsona hauek gustuko ez dituzten edo beraien ustez bidezkoak ez diren legeak ez betetzea erabakitzen dute agian. Honen adibide bat zergen ordainketa da. Europako herrialde batean inkesta bat egin ondoren, lau pertsonetatik batek honakoa erantzun zuen: «Ondo dago zergak ez ordaintzea hauek bidezkoak ez direla uste baduzu». Beraz, ez da harritzekoa herrialde honetako hiritarrek gobernuari dagozkion zergen % 65 inguru bakarrik ordaintzea.
10. Zergatik obeditzen ditugu gustuko ez ditugun legeak ere bai?
10 Bibliaren arabera, giza gobernuak sufrimenduaren arrazoietako bat dira, Satanasen kontrolpean daude eta Jainkoak laster suntsituko ditu (Sal 110:5, 6; Koh 8:9; Lk 4:5, 6). Baina, aldi berean, «agintarien menpeko egiten ez denak Jainkoaren erabakiari egiten dio[la] aurka» esaten du Bibliak. Oraingoz, Jehobak gobernuen agintaritza baimendu du hauek ordena neurri bateraino mantendu dezaten. Beraz, guk agintari hauei obeditzea espero du. Horregatik, Bibliak dio: «Eman bakoitzari zor diozuena». Honen barne zergak, errespetua eta obedientzia daude (Erm 13:1-7). Lege bat praktikoa edo justua ez dela, edo betetzeak diru asko eskatzen duela pentsatu dezakegu. Baina, agintariei obeditzen diegu Jehobak hala egitea eskatzen digulako, baldin eta Jehobaren arau bat haustea eskatzen ez badigute (Eg 5:29).
11, 12. Lukas 2:1-6 pasartearen arabera, zer egin zuten Jose eta Mariak beraientzat praktikoa ez zen lege bat obeditzeko, eta zein izan zen emaitza? (Ikusi irudia ere)
11 Asko ikasi dezakegu Jose eta Mariaren eredutik. Agintariei «obeditzeko prest» egon ziren, baita beraientzat praktikoa ez zenean ere (Irakurri Lukas 2:1-6). Adibidez, Jesus jaiotzeko hilabete bat baino gutxiago falta zenean, Maria eta Joseren obedientzia probapean jarri zen. Erromako Augusto enperadoreak errolda bat egitea agindu zuen. Ondorioz, Jose eta Mariak bide menditsuetatik 150 km baino gehiagoko bidaia egin behar izan zuten Belenera. Bidaia ziurrenik deserosoa izango zen, bereziki Mariarentzat. Beharbada, jaio gabearen osasunaz kezkatuta egongo ziren. Zer gertatuko zen bidaiaren erdian bat-batean Maria erditzen hasi izan balitz? Mesias izango zena zeraman bere umetokian. Egoera honetan legea ez obeditzeko aske al ziren?
12 Nahiz eta Jose eta Mariak kezkatuta egoteko arrazoiak izan, legea obeditu zuten. Jehobak beraien obedientzia bedeinkatu zuen. Maria onik iritsi zen Belenera, haurtxo osasuntsu bat izan zuen eta, gainera, Bibliako profezia bat betetzen lagundu zuen! (Mi 5:1 [5:2, NWT]).
13. Zer eragin izan dezake gure obedientziak anai-arrebengan?
13 Agintariei obeditzen diegunean, emaitza onak jasotzen ditugu, bai guk, baita besteek ere. Nola? Alde batetik, legeak desobeditzeak dakarren zigorra saihesten dugu (Erm 13:4). Bestalde, agintariei obeditzen diegunean, Jehobaren lekukoak hiritar onak garela erakusten diegu. Honen harira, ikus dezagun duela hamarkada batzuk Nigeriako bilera areto batean gertatu zena. Anai-arrebak bileran zeudela, soldadu batzuk aretora sartu ziren zergak ordaintzearen aurka zeuden pertsonen bila. Baina, soldaduen kargu zegoen ofizialak hauei aretotik ateratzeko agindu zien, honakoa esanez: «Jehobaren lekukoek beti ordaintzen dituzte zergak». Beraz, legea obeditzen duzun bakoitzean, Jehobaren lekukoen izen ona mantentzen laguntzen duzu. Eta baliteke egunen batean izen on honek anai-arrebak babestea (Mt 5:16).
14. Zerk lagundu zion arreba bati agintariei «obeditzeko prest» egoten?
14 Hala ere, agian batzuetan zaila egiten zaigu agintariei obeditzea. Estatu Batuetako Joanna izeneko arreba batek honakoa onartzen du: «Oso-oso zaila egiten zitzaidan obeditzea, agintariek nire senide batzuk modu injustuan tratatu zituztelako». Baina, Joanna gogor saiatu zen bere pentsaera aldatzen. Lehenik, sare sozialetan agintarien aurkako sentimendu negatiboak bultzatzen zituzten komentarioak irakurtzeari utzi zion (Es 20:3). Bigarrenik, Jehobari laguntza eskatu zion otoitzean berarengan konfiantza jartzeko, eta ez giza gobernuak aldatzeko mugimenduetan (Sal 9:10, 11 [9:9, 10, NWT]). Hirugarrenik, neutraltasunari buruzko artikuluak irakurri zituen gure argitalpenetan (Jn 17:16). Ondorioz, Joannak orain dio agintariak errespetatu eta obeditzeak «hitzez azaldu ezin daitekeen bakea» ematen diola.
JEHOBAREN ERAKUNDEAREN GIDA OBEDITU
15. Zergatik izan daiteke zaila batzuetan Jehobaren erakundearen gida obeditzea?
15 Jehobak honakoa eskatzen digu: «Obeditu itzazue zuen artean aurrea hartzen dutenei» (Heb 13:17, NWT). Kongregazioko Buru den Jesus perfektua da; lurrean aurrea hartzeko aukeratu dituen anaiak, aldiz, ez. Horregatik, agian, anaia hauei obeditzea zaila egiten zaigu, bereziki egin nahi ez dugun zerbait egiteko eskatzen digutenean. Behin, Pedro apostoluari ere zaila egin zitzaion obeditzea. Aingeru batek Moisesen Legearen arabera garbiak ez ziren animaliak jatea eskatu zionean, Pedrok, ez behin bakarrik, baizik eta hiru aldiz ezetz esan zion! (Eg 10:9-16). Zergatik? Berarentzat argibide berri honek ez zuelako zentzurik. Pedrok bere bizitza osoan zehar gauzak beste era batera egin zituen. Beraz, Pedrori aingeru perfektu baten argibideak jarraitzea zaila egin bazitzaion, normala da guretzat ere batzuetan zaila izatea gizon inperfektuen gida obeditzea.
16. Zer egin zuen Paulok jasotako jarraibidea agian arrazoitsua ez zela pentsatu arren? (Eginak 21:23, 24, 26)
16 Paulo apostolua «obeditzeko prest» egon zen jasotako jarraibideak agian arrazoitsuak ez zirela sentitu zuenean ere. Adibidez, kristau ziren judutarrek zurrumurruak entzun zituzten Paulori buruz. Dirudienez, Paulok «Moisesengandik aldentze[a]» predikatzen zuela eta Moisesen Legea errespetatzen ez zuela esaten ari ziren batzuk (Eg 21:21). Jerusalemgo adineko kristauek hurrengo jarraibidea eman zioten Paulori: tenplura lau gizon eraman eta bere burua zeremonialki garbitzea, Legea errespetatzen ari zela erakusteko. Paulok bazekien kristauak jada ez zeudela Legearen menpe eta, bestalde, ez zuen gaizki zegoen ezer egin. Hala eta guztiz ere, segituan obeditu zuen. «Hartu zituen, bada, Paulok gizon haiek berekin, eta hurrengo egunean, beraiekin batera garbikuntza egin» zuen (Irakurri Eginak 21:23, 24, 26). Bere obedientziak anai-arreben arteko batasuna bultzatu zuen (Erm 14:19, 21).
17. Zer ikasten duzu Stephanie-ren bizipenetik?
17 Stephanie izeneko arreba bati zaila egin zitzaion sukurtsalean aurrea eramaten zuten anaiek hartutako erabaki bat onartzea. Bere senarrarekin batera, atzerriko hizkuntzako talde batean ari zen zerbitzatzen eta biak oso pozik zeuden. Baina, orduan, sukurtsalak taldea itxi zuen, eta Stephanie eta bere senarra beraien ama hizkuntza hitz egiten zen kongregazio batera bidali zituzten. Stephaniek honakoa onartzen du: «Ez nengoen batere pozik. Ez nuen uste gure ama hizkuntzan behar handiagoa zegoenik». Hala ere, jarraibide berriaren alde egitea erabaki zuen. Berak dio: «Denborarekin, anaiek erabaki ona hartu zutela ikusi nuen. Gure kongregazio berrian, anai-arreba askoren familia ez dago egian. Beraz, beraien familia espirituala izatera iritsi gara. Gainera, kongregaziora itzuli berri den arreba batekin Biblia aztertzen ari naiz. Eta, orain, nire ikasketa pertsonala egiteko denbora gehiago dut». Honakoa ere dio: «Kontzientzia garbia dut, obeditzeko ahal dudan guztia egin dudala dakidalako».
18. Nola laguntzen digu obeditzeak?
18 Obeditzen ikasi dezakegu. Jesusek berak ere «ikasi zuen obeditzen», baina ez egoera ideala zuelako, «oinazearen oinazez» baizik (Heb 5:8). Antzera, guk ere zailtasunak ditugunean obeditzen ikasten dugu askotan. Esaterako, COVID-19 pandemia hasi zenean, bilera aretoetara ez joateko eta etxez etxe ez predikatzeko eskatu ziguten. Zaila egin al zitzaizun obeditzea? Hala ere, zure obedientziari esker babesa jaso, anai-arrebekin zenuen harremana estutu eta Jehoba poztu zenuen. Gainera, orain hobeto prestatuta gaude larrialdi handian zehar jasoko dugun edozein jarraibide obeditzeko. Eta jarraibide horiek obeditzeak seguruenik geure bizia salbatuko du! (Jb 36:11).
19. Zergatik obeditu nahi duzu?
19 Obeditzeak bedeinkapen amaigabeak ekartzen dituela ikasi dugu. Baina, Jehobari obeditzearen arrazoi nagusia bera maite dugula eta pozteko desioa dugula da (1 Jn 5:3). Izan ere, ezingo diogu Jehobari inoiz ordaindu berak gure alde egindako guztia (Sal 116:12). Baina, badago egin ahal dugun zerbait: Berari eta gure gain autoritatea dutenei obeditu. Obeditzen badugu, zuhurrak garela erakutsiko dugu, eta zuhurrek Jehobaren bihotza pozten dute (Es 27:11).
sjj 89. KANTA Entzun, obeditu eta bedeinkapenak jaso
a Inperfektuak garenez, obeditzea zaila egiten zaigu batzuetan, baita gida ematen diguten pertsonek hau egiteko autoritate osoa dutenean ere. Artikulu honetan, gurasoei, agintariei eta kongregazioan aurrea eramaten duten anaiei obeditzearen emaitza onak aztertuko ditugu.
b Santiago 3:17, NWT: «Baina goiko jakinduria lehenik garbia da, gero baketsua, arrazoitsua, obeditzeko prest dago, errukiz eta fruitu onez betea, ez du bereizketarik egiten eta ez da itxurazalea».
c Obeditzeko zailak diren arauei buruz zure gurasoekin hitz egiteko aholku praktikoak topatzeko, ikusi «¿Cómo puedo hablar con mis padres sobre las reglas que me ponen?» («Comment parler à mes parents des règles qu’ils me fixent?») artikulua jw.org webgunean.
d IRUDIAREN AZALPENA: Jose eta Mariak Belenen erroldatzeko Zesarren agindua obeditu zuten. Gaur egun, kristauok agintariek ezarritako trafiko arauak obeditu, zergak ordaindu eta osasun jarraibideak betetzen ditugu.