Lukas
4 Orduan Jesus, espiritu santuz beteta, Jordanetik aldendu zen, eta espirituak basamortuan zehar gidatu zuen 2 40 egunez eta, bertan, Deabruak tentatu zuen. Egun horietan ezer jan ez zuenez, azkenean, gosetu egin zen. 3 Orduan, Deabruak esan zion Jesusi: «Jainkoaren seme* bazara, esan harri honi ogi bihurtzeko». 4 Baina Jesusek erantzun zion: «Idatzita dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi”».
5 Ondoren, leku altu batera eraman zuen, eta lurreko* erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean. 6 Orduan, Deabruak esan zion: «Erreinu guzti hauen handitasuna eta beraiengan autoritatea emango dizkizut, autoritate hau niri eman zaidalako eta nik nahi dudanari ematen diodalako. 7 Beraz, behin bakarrik adoratzen banauzu, zurea izango da guztia». 8 Jesusek erantzun zion: «Idatzita dago: “Jehoba*, zure Jainkoa, adoratu eta bera bakarrik zerbitzatu* behar duzu”».
9 Deabruak, orduan, Jerusalemera eraman zuen, eta tenpluko toki altuenean* jarri zuen, eta esan zion: «Jainkoaren seme bazara, salto egin hemendik, 10 idatzita baitago: “Zuri buruzko agindu bat emango die bere aingeruei zu babesteko” 11 eta “Eskuetan eramango zaituzte zure oinak harri bakar baten kontra jo ez dezan”». 12 Jesusek erantzun zion: «Idatzita dago: “Ez duzu Jehoba*, zure Jainkoa, proban jarri behar”». 13 Beraz, Deabruak, tentatzen bukatu ondoren, alde egin zuen beste momentu apropos bat iritsi arte.
14 Orduan, Jesus, espirituaren indarrez beterik, Galileara itzuli zen. Eta bere fama lurralde guztian zehar zabaldu zen. 15 Beraien sinagogetan irakasten ere hasi zen, eta denek goraipatzen zuten.
16 Gero, Nazaretera joan zen, bera hazi zen herrira. Larunbatetan ohitura zuen bezala, sinagogan sartu eta zutik jarri zen irakurtzeko. 17 Isaias profetaren erroilua eman zioten. Orduan, erroilua ireki eta pasarte hau idatzita zegoen tokia aurkitu zuen: 18 «Jehobaren espiritua nire gain dago, pobreei berri onak emateko gantzutu bainau. Berak bidali nau gatibuei askatuak izango direla eta itsuei berriro ikusiko dutela esatera, zapalduta daudenak askatzera, 19 eta Jehobaren bedeinkapen urtea* predikatzera». 20 Gero, erroilua bildu ondoren, sinagogako laguntzaileari eman eta eseri egin zen. Han zeuden guztiak begira-begira zituen. 21 Orduan, esan zien: «Gaur betetzen da oraintxe entzun duzuen Idazkietako pasarte hau».
22 Denak ondo hitz egiten hasi ziren Jesusi buruz, eta harrituta geratzen ziren bere ahotik ateratzen ziren hitz politekin. Eta esaten zuten: «Ez al da hau Joseren semea?». 23 Orduan, Jesusek esan zien: «Dudarik gabe, esaera hau esango didazue: “Mediku, sendatu zeure burua. Kapernaumen egin zenituen gauzak entzun ditugu. Egin hemen ere, zeure herrian, gauza horiek”». 24 Beraz, esan zuen: «Benetan esaten dizuet: ez da profetarik bere herrian onartua denik. 25 Bai, argi esango dizuet: Eliasen garaian, hiru urte eta erdiz zerua itxi zenean eta lurralde osoan gosete handi bat egon zenean, emakume alargun asko zegoen Israelen. 26 Hala ere, Jainkoak ez zuen Elias horietako alargun bakar batengana ere bidali, Sidon lurraldean dagoen Sareptako alargun batengana baizik. 27 Eliseo profetaren garaian ere, lepradun asko zegoen Israelen, baina ez zuen haietako bakar bat ere sendatu*, Naaman siriarra baizik». 28 Hau entzutean, sinagogan zeuden guztiak sutan jarri ziren. 29 Beraz, altxatu eta hiritik kanpora presaka atera zuten, eta beraien hiria eraikita zegoen mendiko puntara eraman zuten, bertatik buruz behera botatzeko asmotan. 30 Baina Jesus beraien erditik pasa eta bere bidea jarraitu zuen.
31 Gero, Galileako hiri batera jaitsi zen, Kapernaumera. Larunbatetan jendeari irakasten zion, 32 eta guztiz harrituta geratzen ziren bere irakasteko moduarekin, Jainkoak emandako autoritatearekin hitz egiten zuelako. 33 Bazen sinagogan gizon bat espiritu baten menpe, hau da, deabru baten menpe* zegoena, eta ozen oihukatu zuen: 34 «Alde! Zer nahi duzu gugandik, Jesus Nazaretarra? Gu suntsitzera etorri al zara? Ondo dakit nor zaren, Jainkoaren Santua». 35 Baina Jesusek zorrotz hitz egin zion deabruari, esanez: «Isildu eta atera berarengandik». Beraz, deabruak gizona jendearen erdian lurrera bota ondoren, berarengandik atera zen minik eman gabe. 36 Den-denak, orduan, harrituta geratu ziren, eta elkarri esaten zioten: «Zer da esan duen hori? Espiritu gaiztoei* agintzen die autoritate eta boterearekin, eta atera egiten dira!». 37 Beraz, lurralde hartako txoko guztietan hitz egiten zen Jesusi buruz.
38 Sinagogatik atera ondoren, Jesus Simonen etxera sartu zen. Simonen emaztearen amak sukar handia zuen, eta Jesusi emakumeari laguntzeko eskatu zioten. 39 Orduan, berarengana makurtuz, Jesusek sukarrari zorrotz hitz egin zion eta sukarra desagertu egin zitzaion. Berehala, emakumea altxatu eta zerbitzatzen hasi zitzaien.
40 Eguzkia sartzen ari zela, beraien etxeetan gaixoak zituzten guztiek Jesusengana ekarri zituzten. Jesusek orduan, gaixotasuna zein zen inporta gabe, sendatu egin zituen, bakoitzari eskuak gainean ezarriz. 41 Gainera, askorengandik deabruak ateratzen ziren, oihukatuz: «Jainkoaren Semea zara zu!». Baina errieta* egiten zien eta ez zien hitz egiten uzten, deabruek Kristo zela zekitelako.
42 Egunsentian, handik atera eta toki bakarti batera joan zen. Baina jendetza bere bila hasi zen eta, Jesus zegoen tokira iritsi zirenean, ez joateko erregutu zioten. 43 Baina Jesusek esan zien: «Beste hirietan ere Jainkoaren Erreinuaren berri onak predikatu behar ditut, horretarako izan bainaiz bidalia». 44 Beraz, Judeako sinagogetan predikatzen jarraitu zuen.