78. PASARTEA
Jesusek Jainkoaren Erreinuari buruzko mezua zabaldu zuen
Bataiatu eta denbora gutxira, Jesus predikatzen hasi zen: «Jainkoaren Erreinua gertu da». Galilea eta Judean bidaiatu zuen bitartean, ikasleak berarekin joan ziren. Jesus bere jaioterrira, hau da, Nazaretera itzuli zenean, sinagogara joan, Isaiasen eskuizkribua ireki eta ozen irakurri zuen: «Jehobak espiritu santua eman dit berri onak predikatu ditzadan». Zer esan nahi zuen honek? Espiritu santua jasotzearen arrazoi nagusia berri onak predikatzea zela, nahiz eta jendeak Jesus mirariak egiten ikusi nahi zuen. Orduan, honakoa esan zien entzuten ari zirenei: «Gaur bete da profezia hau».
Gero, Galileako aintzirara joan zen. Han, beranduago bere jarraitzaile izango ziren lau arrantzalerekin elkartu zen. Honako gonbidapena luzatu zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet». Andres, Joan, Pedro eta Santiago ziren lau gizon hauek. Arrantza-lana berehala utzi eta Jesusekin joan ziren. Galilea osoan ibili ziren Jehobaren Erreinuari buruz hitz egiten. Sinagoga, merkatu eta kaleetan predikatu zuten. Edonora joaten zirela, jende multzo handi batek jarraitzen zituen. Jesusi buruzko berriak alde guztietan zabaldu ziren, baita Siria urrunean ere.
Denborarekin, Jesusek jendea sendatzeko eta deabruak kanporatzeko boterea eman zien bere jarraitzaile batzuei. Beste batzuk berarekin joan ziren hiriz hiri eta herriz herri predikatzen zuen bitartean. Hainbat emakume leialek, hauen artean Magdalako Maria, Joana eta Susanak, Jesus eta bere jarraitzaileak zaindu zituzten.
Bere jarraitzaileak trebatu ondoren, predikatzera bidali zituen Jesusek. Galilean zehar bidaiatzen zuten heinean, beste asko Jesusen ikasle bihurtu eta bataiatu egin ziren. Hainbeste jendek nahi zuen Jesusen jarraitzaile izan, uzta jasotzeko prest zegoen soroarekin konparatu zituela berak. Honakoa esan zuen: «Erregutu Jehobari bidali ditzala langile gehiago uzta jasotzera». Gero, jarraitzaileetako 70 aukeratu zituen binaka Judea osoan predikatu zezaten. Mota guztietako jendeari irakatsi zioten Erreinuari buruz. Itzuli zirenean, irrikan zeuden gertatutakoa Jesusi azaltzeko. Deabruak ezin izan zuen ezertxo ere egin predikatze-lana gelditzeko!
Jesusek dena prest utzi zuen bere jarraitzaileek lan garrantzitsu honekin segi zezaten bera zerura itzulitakoan. Esan zien: «Predikatu berri onak lur zabalean. Irakatsi jendeari Jainkoaren Hitza eta bataiatu itzazue».
«Gainerako herriei ere adierazi behar diet Jainkoaren erregetzaren berri ona, horretarako bidali bainau Jainkoak» (Lukas 4:43).