Galaziarrei
5 Horrelako askatasuna izateko egin gintuen libre Kristok. Beraz, sendo mantendu, eta ez jarri berriro esklabotza uztarri baten menpe.
2 Begira! Nik, Paulok, esaten dizuet: zirkunzidatzen bazarete, Kristok egindakoak ez dizue ezertarako balioko. 3 Zirkunzidatzen diren guztiei berriro esaten diet Lege osoa betetzera behartuta daudela. 4 Zuek, Legearen bidez justu deklaratuak izaten saiatzen ari zaretenak, Kristorengandik bananduta zaudete; bere merezigabeko eskuzabaltasunetik aldendu zarete. 5 Guk, berriz, espirituaren bidez, desiratzen dugun justizia irrikaz itxaroten dugu, fedearen bidez lortzen den justizia. 6 Zeren Kristo Jesusekin bat eginda egotean, zirkunzidatuta egoteak edo zirkunzidatu gabe egoteak ez du ezertarako balio. Balio duena, maitasuna erakutsiz azaltzen den fedea edukitzea da.
7 Orain arte ongi ari zineten korrika egiten. Nork jarri zizkizuen oztopoak egiari obeditzen ez jarraitzeko? 8 Horrelako arrazoiketak ez datoz deitzen ari zaizuen Harengandik. 9 Legamia pixka batek masa osoa altxatzen du. 10 Ziur nago zuek, Jaunarekin bat eginda zaudetenok, ez duzuela beste modu batera pentsatuko; baina arazoak sortzen dizkizuenak, nor den axola gabe, merezi duen sententzia jasoko du. 11 Niri dagokidanez, anai-arrebok, oraindik zirkunzisioa predikatzen ari banaiz, zergatik jarraitzen dut pertsegitua izaten? Hori egiten arituko banintz, tortura zutoina* ez litzateke dagoeneko oztopo izango. 12 Nahiko nuke zuek nahastu nahian dabiltzan gizonek euren burua zikiratzea*.
13 Anai-arrebok, libre izateko izan zineten deituak, baina ez erabili askatasun hori haragiaren desirak betetzeko aukera bezala. Horren ordez, maitasunagatik, lan egin esklabo bezala batak bestearen alde. 14 Izan ere, Lege osoa agindu bakar honekin betetzen da: «Maitatu lagun hurkoa* zeure burua bezala». 15 Hala ere, elkarri hozka egiten eta elkar irensten jarraitzen baduzue, kontuz ibili elkar ez suntsitzeko.
16 Beraz, hauxe esaten dizuet: segi espirituaren arabera ibiltzen, eta ez duzue haragiaren inolako desiorik beteko. 17 Zeren haragia, bere desirak direla eta, espirituaren aurka dago, eta espiritua haragiaren aurka. Bata bestearen aurka daudenez, zuek ez dituzue nahi dituzuen gauzak egiten. 18 Are gehiago, espirituak gidatzen bazaituzte, ez zaudete legepean.
19 Haragiaren ekintzak argi eta garbi ikusten dira eta honakoak dira: sexu moralgabekeria*, zikinkeria, jokabide lotsagabea*, 20 idolatria, espiritismoa*, elkarren etsai izatea, borrokak*, jeloskorkeria, haserre biziak, eztabaidak, banaketak, sektak, 21 inbidia, mozkorkeria, kontrolik gabeko festak eta horrelako gauzak. Abisatzen dizuet, lehen ere abisatu nizuen bezala: gauza hauek praktikatzen dituztenek ez dute Jainkoaren Erreinua heredatuko.
22 Bestalde, espirituaren fruitua hau da: maitasuna, poza, bakea, pazientzia, atsegina izatea, ona izatea, fedea, 23 lasaitasuna*, autokontrola. Gauza hauen kontra ez dago legerik. 24 Are gehiago, Kristo Jesusenak direnek zutoinean iltzatu dute haragia, honen pasio eta desirekin batera.
25 Espirituaren arabera bizi bagara, segi dezagun ere espirituaren arabera zuzen ibiltzen. 26 Ez gaitezen harroputz bihurtu, elkarren artean lehiak bultzatuz eta elkarri inbidia izanez.