Mateo
18 Momentu horretan, dizipuluak Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten: «Nor da zeruko Erreinuan handiena?». 2 Orduan, Jesusek haur bati deitu eta beraien erdian jarri zuen, 3 eta esan zien: «Benetan esaten dizuet: ez bazarete aldatzen* eta haurtxoak bezalakoak bihurtzen, ez zarete inola ere zeruko Erreinuan sartuko. 4 Horregatik, haurtxo hau bezain umila bihurtzen dena, horixe izango da zeruko Erreinuan handiena. 5 Eta nire izenean horrelako haurtxo bati ongietorria ematen dionak, niri ere ematen dit. 6 Baina nigan fedea duen txiki hauetako bat estropezu* egitera eramaten duenak, hobe luke lepoan errotarri handi bat* lotu eta itsaso zabalean hondoratuko balute.
7 «Gaixoa* mundua, estropezu egitera daramaten oztopoengatik! Noski, oztopoak etorri, etorriko dira, baina gaixoa oztopoa jartzen duen pertsona! 8 Beraz, eskuak edo oinak estropezu egitera eramaten bazaitu, moztu eta bota urrutira. Hobe duzu eskumotz edo herren bizia lortu, bi esku eta bi oinekin betirako sutara botata izatea baino. 9 Era berean, begiak estropezu* egitera eramaten bazaitu, atera eta bota urrutira. Hobe duzu begi bakarrarekin bizia lortu, guztiz suntsitua* izatea baino. 10 Kontuz ibili eta ez mespretxatu txiki hauetako inor. Zeren nik esaten dizuet zeruan dauden beraien aingeruak, zeruan dagoen nire Aitaren aurrean daudela beti. 11* ——
12 «Zer esango zenukete? Norbaitek 100 ardi baditu eta bat galtzen bada, ez al ditu beste 99ak mendian utziko, eta galdu denaren bila hasiko? 13 Eta aurkitzen badu, benetan esaten dizuet gehiago poztuko dela harengatik, galdu ez diren 99 ardiengatik baino. 14 Gauza bera gertatzen da zeruan dagoen nire* Aitarekin ere; ez du txiki hauetako bakar bat galtzerik nahi.
15 «Beraz, zure anaiak zure aurka bekatu egin badu, zoaz eta esaiozu bakarka zer egin duen gaizki*. Entzuten badizu, anaia irabazi duzu. 16 Baina entzuten ez badizu, hartu zurekin lekuko bat edo bi gehiago. Horrela, bi edo hiru lekukoren testigantzarekin* gauza guztiak argituko dira. 17 Haiei entzuten ez badie, kongregazioari jakinarazi. Kongregazioari ere entzuten ez badio, izan dadila zuretzat nazioetako norbait edo zergalari bat bezalakoa.
18 «Benetan esaten dizuet: lurrean lotzen duzuen guztia dagoeneko lotuta egongo da zeruan, eta lurrean askatzen duzuen guztia dagoeneko askatuta egongo da zeruan. 19 Beste hau ere esaten dizuet benetan: zuetako bi, hemen lurrean, inportantea den zerbait eskatzeko ados jartzen bazarete, zeruan dagoen nire Aitak emango dizue. 20 Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun bilduta dauden tokian, bertan nago ni beraiekin».
21 Orduan, Pedro hurbildu eta esan zion: «Jauna, zenbat aldiz barkatu behar diot nire anaiari nire aurka bekatu egiten badu? Zazpi aldiz?». 22 Jesusek erantzun zion: «Ez, zazpi aldiz ez, 77 aldiz.
23 «Horregatik, zeruko Erreinua honekin konparatu daiteke: bere morroiekin kontuak garbitu nahi zituen errege batekin. 24 Kontuak garbitzen hasi zenean, 10.000 talentu* zor zizkion morroi bat ekarri zioten. 25 Baina ordaindu ezin zuenez, erregeak morroia, honen emaztea, seme-alabak eta bere gauza guztiak saltzeko eta horrekin zorrak ordaintzeko agindu zuen. 26 Orduan, morroia bere oinetara erori, makurtu* eta esan zion: “Izan pazientzia nirekin; den-dena itzuliko dizut”. 27 Zeharo hunkituta, erregeak morroiari joaten utzi eta zorra barkatu zion. 28 Baina handik atera zenean, morroiak 100 denario* zor zizkion beste morroi bat topatu zuen. Ito nahian, lepotik heldu eta esan zion: “Itzuli zor didazun guztia!”. 29 Orduan, beste morroi hura bere oinetara erori eta erreguka hasi zitzaion: “Izan pazientzia nirekin, eta itzuliko dizut”. 30 Baina ez zion kasurik egin nahi izan. Orduan, handik alde egin eta zorra ordaindu arte kartzelan sartzeko agindu zuen. 31 Gainerako morroiak, gertatutakoa ikusi zutenean, oso triste jarri ziren eta erregeari gertatutako guztia kontatzera joan ziren. 32 Orduan, erregeak morroiari deitzeko agindu zuen, eta esan zion: “Zu bai zu morroi gaiztoa! Erregutu zenidanean, barkatu nizun zor guzti hura. 33 Ez al zenuke beste morroiaz errukitu behar, ni zutaz errukitu naizen bezala?”. 34 Orduan, haserre bizian, erregeak kartzelarien esku utzi zuen zor zuen guztia ordaindu arte. 35 Berdin-berdin egingo du zuekin zeruko nire Aitak zuen anaiari bihotzez barkatzen ez badiozue».