Joan
15 «Neu naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. 2 Nigan fruiturik ematen ez duten adar* guztiak kendu egiten ditu, eta fruitua ematen dutenak garbitu egiten ditu fruitu gehiago emateko. 3 Zuek dagoeneko garbi zaudete esan dizkizuedan hitzei esker. 4 Segi nirekin bat eginda eta nik zuekin bat eginda segituko dut. Adarrak bere kabuz ezin du fruiturik eman; mahatsondoarekin bat eginda segi behar du. Modu berean, zuek ere ezin duzue fruiturik eman ez baduzue nirekin bat eginda segitzen. 5 Ni naiz mahatsondoa eta zuek adarrak. Nirekin bat eginda segitzen duenak, eta nik berarekin bat eginda, honek fruitu asko ematen du. Zeren nigandik bananduta ezin duzue ezertxo ere egin. 6 Norbaitek nirekin bat eginda segitzen ez badu, moztu ondoren ihartzen den adarra bezalakoa da. Gero, adar horiek bildu, sutara bota eta erre egiten dira. 7 Nirekin bat eginda segitzen baduzue eta nire hitzek zuengan jarraitzen badute, nahi duzuena eskatu eta beteko zaizue. 8 Hau da nire Aitari aintza ematen diona: zuek fruitu asko ematen jarraitzea eta nire dizipuluak zaretela erakustea. 9 Aitak maitatu nauen bezalaxe maitatu zaituztet; segi nire maitasunean. 10 Nire aginduak obeditzen badituzue, nire maitasunean segituko duzue, nik, Aitaren aginduak obedituz, bere maitasunean segitzen dudan bezalaxe.
11 «Gauza hauek esan dizkizuet nik sentitzen dudan poza zuek sentitu dezazuen, eta zuen poza bete-betea izan dadin. 12 Hau da nire agindua: maitatu batak bestea nik maitatu zaituztedan bezalaxe. 13 Inork ez du maitasun handiagorik bere bizia* bere lagunen alde ematen duenak baino. 14 Zuek nire lagunak zarete nik agintzen dizuedana egiten baduzue. 15 Hemendik aurrera ez dizuet morroi deituko, morroiak ez baitaki bere nagusiak zer egiten duen. Zuei lagun deitzen dizuet, zeren nire Aitarengandik entzundako gauza guztiak kontatu dizkizuet. 16 Zuek ez nauzue ni aukeratu; nik aukeratu zaituztet zuek. Eta honetarako izendatu zaituztet: joateko eta fruitua ematen segitzeko, irauten duen fruitua. Horrela, nire izenean Aitari eskatzen diozuen edozer gauza, eman egingo dizue berak.
17 «Gauza hauek agintzen dizkizuet batak bestea maitatu dezazuen. 18 Munduak gorrotatzen bazaituzte, badakizue zuek baino lehen ni gorrotatu nauela. 19 Munduaren parte izango bazinate, munduak maitatuko zintuzkete, munduak bereak direnak maite dituelako. Baina munduaren parte ez zaretenez, baizik eta mundutik nik aukeratu zaituztedanez, horrexegatik gorrotatzen zaituzte munduak. 20 Gogoratu esan nizuena: morroia ez da bere nagusia baino handiagoa. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete. Niri obeditu badidate, zuei ere obedituko dizuete. 21 Nire izenagatik egingo dizkizuete gauza guzti hauek, ez dutelako bidali nauena ezagutzen. 22 Etorri izan ez banintz eta hitz egin izan ez banie, ez lukete bekaturik izango. Baina, orain, ez dute beraien bekatuarentzako aitzakiarik. 23 Ni gorrotatzen nauenak nire Aita ere gorrotatzen du. 24 Beste inork egin ez dituen ekintzak beraien aurrean egin ez banitu, ez lukete bekaturik izango. Baina, orain, ikusi naute eta gorrotatzen naute, eta nire Aita ere gorrotatzen dute. 25 Baina hau beraien Legean idatzita dagoena betetzeko gertatu da: “Arrazoirik gabe gorrotatu naute”. 26 Aitaren partetik bidaliko dizuedan laguntzailea etortzen denean, hau da, Aitarengandik datorren egiaren espiritua etortzen denean, horrek emango du nire aldeko testigantza; 27 eta zuek ere testigantza eman behar duzue, hasieratik nirekin egon zaretelako.