Markos
3 Berriro ere, Jesus sinagoga batean sartu zen eta, bertan, eskua elbarri* zeukan gizon bat zegoen. 2 Fariseuek ez zioten Jesusi begirik kentzen*. Gizona Larunbatez sendatuko ote zuen ikusi nahi zuten, horrela, salatu ahal izateko. 3 Orduan, eskua elbarri* zuen gizonari esan zion: «Altxa eta etorri hona, erdira». 4 Gero, esan zien: «Zer dago baimenduta Larunbatean? On egitea ala kalte egitea? Bizi bat salbatzea ala hiltzea?». Baina ez zioten txintik ere esan. 5 Fariseuei haserre begiratu ondoren eta beraien bihotz gogorrarengatik pena handia sentituz, esan zion gizonari: «Luzatu eskua». Luzatu zuen eta eskua sendatu zitzaion. 6 Orduan, fariseuak handik atera eta, berehala, Herodesen alderdiko kideekin batera, Jesus hiltzeko konspiratzen hasi ziren.
7 Baina Jesus, bere dizipuluekin batera, itsasorantz abiatu zen eta Galilea eta Judeako jendetza handi batek jarraitu zion. 8 Egiten ari zen gauza guztiak entzutean, Jerusalemetik, Idumeatik, Jordanaren beste aldetik eta Tiro eta Sidon ingurutik ere, jendetza handia etorri zen Jesusengana. 9 Eta jendeak estutu ez zezan, Jesusek dizipuluei berarentzat txalupatxo bat prest edukitzeko esan zien. 10 Izan ere, jende asko sendatu zuenez, gaixotasun larriak zituzten guztiak tropelean joaten ziren Jesusengana bera ukitu nahian. 11 Espiritu gaiztoek* ere ikusten zutenean, bere oinetara erori eta oihukatzen zuten: «Zu zara Jainkoaren Semea!». 12 Baina Jesusek behin eta berriz argi agindu zien inori ez esateko bera nor zen.
13 Gero, mendi batera igo zen eta buruan zituenak deitu zituen, eta haiek berarengana etorri ziren. 14 Orduan, 12ko talde bat osatu* zuen eta apostolu izena eman zien. Hauek berarekin joango ziren, predikatzera bidaliko zituen 15 eta deabruak botatzeko autoritatea emango zien.
16 Hona hemen osatu* zuen 12ko taldea: Simon (Pedro izena ere eman ziona); 17 Santiago Zebedeoren semea eta bere anaia Joan (hauei Boanerges izena ere eman zien, hau da, «Trumoi Semeak»); 18 Andres, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeoren semea, Tadeo, Simon Gogotsua* 19 eta Judas Iskariote (geroago Jesus traizionatu zuena).
Gero, etxe batean sartu zen Jesus 20 eta, berriro jendetza handia bildu zenez, ezin zuten jan ere egin. 21 Bere familiakoek zer gertatzen ari zen jakin zutenean, bere bila joan ziren beraiekin eramateko, honakoa esaten baitzuten: «Burua galdu du». 22 Gainera, Jerusalemetik jaitsitako lege maisuek esaten zuten: «Beeltzebuben* menpe dago, eta deabruen agintariaren bidez botatzen ditu deabruak». 23 Beraz, Jesusek berarengana hurbiltzeko eskatu eta, konparaketak erabiliz, esan zien: «Nola botako du Satanasek Satanas? 24 Erreinu bat bere buruaren aurka zatitzen bada, ezin izango da zutik mantendu; 25 eta etxe bat bere buruaren aurka zatitzen bada, ezin izango da zutik mantendu. 26 Modu berean, Satanas altxatu eta bere buruaren aurka zatitzen bada, ezin izango da zutik mantendu; bereak egin du. 27 Izan ere, gizon indartsu baten etxean sartzen den inork ezin ditu gizonaren gauzak lapurtu lehenik gizona lotzen ez badu. Orduan bakarrik lapurtu ahal izango dio etxeko guztia. 28 Benetan esaten dizuet: gizakiei gauza guztiak barkatuko zaizkie zer bekatu egiten eta zer blasfemia esaten dituzten axola gabe. 29 Baina espiritu santuaren aurka blasfematzen duenari ez zaio sekula barkatuko; bere bekatuaren erruak betirako iraungo du». 30 Hau esan zuen, «espiritu gaizto bat dauka» esaten ari zirelako.
31 Orduan, Jesusen ama eta anaiak etorri ziren, baina kanpoan geratu ziren eta norbait bidali zuten Jesusi deitzera. 32 Bere inguruan jende asko zegoen eserita, eta esan zioten: «Hara!, zure ama eta anaiak kanpoan daude, eta zutaz galdezka ari dira». 33 Baina Jesusek erantzun zien: «Nortzuk dira nire ama eta anaiak?». 34 Orduan, bere inguruan eserita zeudenei begira, esan zuen: «Hauek dira nire ama eta nire anaiak! 35 Jainkoaren nahia egiten duen edonor da nire anaia, arreba eta ama».