10. KAPITULUA
«Jehobaren hitza zabaltzen [...] joan zen»
Pedro askatua da, eta pertsekuzioak ez du lortzen berri onen zabaltzea gelditzea
Eginak 12:1-25 pasartean oinarrituta
1-4. Zein egoerari egin behar izan zion aurre Pedrok, eta nola sentituko zinateke bere lekuan egongo bazina?
DANBA! Kartzelako burdinazko ate handia Pedroren atzean ixten da. Bi erromatar soldaduren artean kateatuta, Pedro zelda batean sartzen dute. Zelda horretan orduak, agian egunak, pasako ditu berarekin zer egingo duten jakin gabe. Inguruan ez du ezer askorik ikusteko: hormak, barroteak, kateak eta guardiak besterik ez.
2 Azkenean albisteak iritsi dira, albiste ilunak. Herodes Agripa I.a erregea Pedro hiltzeko erabakita dago.a Izan ere, Pazkoa ondoren Pedro herriaren aurrean aurkeztu eta heriotzara kondenatu nahi du jendetzari gustatuko zaiola dakielako. Duela gutxi Pedroren lagun bat, Santiago apostolua, exekutatu egin du. Beraz, ez da mehatxu huts bat Herodesek Pedro hiltzeko boterea duelako.
3 Imajinatu Pedro zelda ilun hartan bera exekutatuko duten aurreko gauean. Zer ariko da pentsatzen? Agian, Jesusek duela urte batzuk esandakoan. Jesusek egunen batean lotu, bere nahiaren kontra hartu eta hilko zutela esan zion (Joan 21:18, 19). Iritsi ote da egun hura?
4 Pedroren egoeran egongo bazina, nola sentituko zinateke? Asko etsita egongo lirateke, ez dagoela itxaropenik pentsatuz. Hala ere, ba al dago itxaropenik gabeko egoerarik Jesu Kristoren benetako jarraitzaileentzat? Zer ikasi dezakegu Pedrok eta beste kristau batzuek pertsekuzioari aurre egin zioten modutik? Ikus dezagun.
«Kongregazioak Jainkoari bihotz-bihotzez eta etengabe egiten zion otoitz» (Eginak 12:1-5)
5, 6. a) Zergatik pertsegitu zuen Herodes Agripa I.ak kristau kongregazioa, eta nola egin zuen? b) Zergatik izan zen Santiagoren hilketa kongregazioarentzat proba latz bat?
5 Liburu honen aurreko kapituluan ikusi genuen bezala, jentilak ziren Kornelio eta bere familia kristau egin ziren, eta gertakari hori oso garrantzitsua izan zen kristau kongregazioarentzat. Kristauak ez ziren juduak zur eta lur geldituko ziren judu jatorriko hainbeste kristau jentilekin batera Jainkoa adoratzen ikustean.
6 Herodes politikari azkarra eta maltzurra zenez, egoera hori aprobetxatuz, juduen aurrean ondo geratzeko aukera ikusi zuen. Hortaz, kristauak gaizki tratatzen hasi zen. Dudarik gabe, Santiago apostolua Jesu Kristoren lagun mina zela jakingo zuen. Beraz, «Santiago, Joanen anaia, ezpataz hil zuen» (Eg. 12:2). A zer proba latza kongregazioarentzat! Santiago Jesusen itxuraldatzea eta beste mirari batzuk ikusi zituzten hiru apostoluetako bat izan zen (Mat. 17:1, 2; Mar. 5:37-42). Santiago eta bere anaia Joan hain sutsuak zirenez, Jesusek «Trumoi Semeak» deitu zien (Mar. 3:17). Beraz, kongregazioak asko maite zuen anaia ausart eta leiala galdu zuen.
7, 8. Zer egin zuen kongregazioak Pedro kartzelaratu zutenean?
7 Agripak espero zuen moduan, Santiagoren hilketak juduak poztu zituen. Ondorioz, harropuztu eta Pedroren aurka joan zen. Hasierako paragrafoetan ikusi dugun bezala, Pedro atxilotu egin zuen. Iraganean apostoluak mirari baten bidez kartzelatik askatuak izan zirela gogoratuko zuen ziurrenik Herodesek. Argitalpen honen 5. kapituluan pasarte hori agertzen da. Ihes egingo ez zuela ziurtatzeko, Herodesek Pedro bi soldadurekin kateatuta jarri zuen. Guztira 16 soldadu zeuden lanean, gau eta egun txandaka. Ihes egiten bazuen, guardiek Pedroren zigor bera jasoko zuten: heriotza. Egoera latz horren aurrean, zer egin ahalko zuten beste kristauek Pedro laguntzeko?
8 Kongregazioak ondo zekien zer egin behar zuen. Eginak 12:5ak dio: «Beraz, Pedro kartzelan utzi zuten. Bitartean, kongregazioak Jainkoari bihotz-bihotzez eta etengabe egiten zion otoitz haren alde». Bai, beraien anaia maitearen alde egindako otoitzak sutsuak ziren, bihotz-bihotzez egindako erreguak. Ez ziren etsita sentitu Santiagoren heriotzarengatik. Otoitzek ez zutela ezertarako balio ere ez zuten pentsatu. Zer ikasgai baliotsua gaur egungo kristauontzat! Ez dezagun inoiz ahaztu gure otoitzak oso garrantzitsuak direla Jehobarentzat. Gainera, bere nahiaren araberakoak badira, beti erantzuten ditu (Heb. 13:18, 19; St. 5:16).
9. Zer ikasi dezakegu Pedroren alde otoitz egin zuten kristauengandik?
9 Ezagutzen al duzu aurkaritza, pertsekuzioa edo hondamendi naturalak bezalako proba latzetatik pasatzen ari den anai-arrebarik? Hala bada, zergatik ez duzu bihotz-bihotzetik beraien alde otoitz egiten? Agian, hain nabariak ez diren probei aurre egin behar dieten anai-arrebak ere ezagutzen dituzu, esaterako, familia arazoei, desanimoari edo euren fedea probapean jartzen duten beste proba batzuei aurre egin behar dietenak. Otoitz egin aurretik hausnartzen baduzu, zailtasunetatik pasatzen ari diren anai-arrebak gogoratuko dituzu. Era horretara, euren izenak erabili ahalko dituzu Jehobari, otoitzak entzuten dituen Jainkoari, beraiei laguntzeko eskatzeko (Sal. 65:3 [65:2, NWT]). Azken finean, zuk ere une zailetan zure anai-arreben otoitzak beharko dituzu.
«Etorri nire atzetik» (Eginak 12:6-11)
10, 11. Azaldu Jehobaren aingeruak Pedro nola askatu zuen.
10 Estututa al zegoen Pedro gertatuko zitzaionagatik? Ez dakigu, baina gau hartan lotan zegoen bi guardien artean. Pedro fede handiko gizona zen eta ziur zegoen Jehoba berarekin zegoela, hurrengo egunean zer gertatuko zen axola gabe (Erm. 14:7, 8). Baina seguru Pedrok ez zuela imajinatzen gertatuko zena. Bat-batean, zelda guztia argiz bete zen eta aingeru bat agertu zen bere ondoan zutik. Badirudi guardiek ez zutela ikusten. Orduan, aingeruak Pedro esnatu zuen eta hautsi ezinak ziruditen kateak eskuetatik erori zitzaizkion!
11 Orduan, aingeruak Pedrori agindu labur batzuk eman zizkion: «Jaiki, bizkor! […] Jantzi eta jarri sandaliak. […] Jarri mantua eta etorri nire atzetik». Pedrok berehala obeditu eta aingeruari jarraitu zion. Zeldatik atera, kanpoan zeuden guardien aurretik pasa eta isil-isilik burdinazko ate handiraino iritsi ziren. Baina nola pasako ziren atetik? Hori izan bazen Pedrok pentsatu zuena, segituan jaso zuen erantzuna: «Atea berez ireki zitzaien». Atea zeharkatu eta, Pedro konturatu orduko, kalean zeuden. Gero, aingerua desagertu egin zen. Momentu horretan, Pedro gertatu zenaz konturatu zen: Ez zen ikuskari bat izan, aske zegoen! (Eg. 12:7-11).
12. Zergatik da lasaigarria Jehobak Pedro nola askatu zuen ikustea?
12 Ez al da lasaigarria Jehobak bere zerbitzariak salbatzeko duen mugarik gabeko boterea ikustea? Pedro atxilotuta zuen gizona Erromatar Inperioak ezarri zuen, ordura arteko inperiorik boteretsuena. Hala ere, Pedro erraz-erraz atera zen kartzelatik! Noski, Jehobak ez ditu beti mirari hauek egiten bere zerbitzariak askatzeko. Ez zuen Santiagorekin egin, ezta Pedrorekin beranduago ere, Jesusek aurresandakoa betez. Gaur egungo kristauok ere ez dugu espero Jehobak gu mirari baten bidez askatzea. Hala ere, badakigu Jehoba ez dela aldatu (Mal. 3:6). Laster, bere Semea erabiliko du heriotzatik, ateratzeko ezinezkoa dirudien kartzelatik, milioika lagun askatzeko (Joan 5:28, 29). Horrelako promesek ausardiaz betetzen gaituzte ditugun erronkei aurre egiteko.
«Ikusi zutenean, harrituta geratu ziren» (Eginak 12:12-17)
13-15. a) Nola erantzun zuten Mariaren etxean zeudenek Pedro iristean? b) Zeri buruz jarraitzen du Eginak liburuak hitz egiten? Zer egiten jarraitu zuen Pedrok anai-arreben alde?
13 Pedro kale ilun baten erdian zegoen. Nora joango ote zen orain? Orduan, Mariaren etxera joatea erabaki zuen. Emakume kristau hura gertu bizi zen eta badirudi alarguna eta diruduna zela. Izan ere, kongregazio oso bat biltzeko tamainako etxea zuen. Mariaren semea Joan Markos zen. Pasarte honetan da Joan Markos Eginak liburuan aipatzen den lehen aldia eta, denborarekin, dizipulu hau Pedrorentzat seme bat bezalakoa izan zen (1 Ped. 5:13). Gau hartan, Mariaren etxean kongregazioko asko zeuden bilduta sutsuki otoitz egiten, nahiz eta berandu izan. Zalantzarik gabe, Pedro askatzeko arituko ziren eskatzen. Baina ez zuten espero Jehobak emango zien erantzuna!
14 Pedrok etxe aurreko patioaren sarrerako atea jo zuen. Rode izeneko neskame bat joan zen irekitzera. Rode «Arrosa» esan nahi duen ohiko izen grekoa zen. Ezin zuen sinetsi entzuten ari zena. Pedroren ahotsa zen! Atea ireki beharrean, poz-pozik zegoen neskak Pedro kalean utzi eta korrika sartu zen besteei Pedro sarreran zegoela esatera. Beraiek ez zegoela burutik sano esan zioten, baina Rodek Pedro hantxe zegoela behin eta berriz errepikatzen zuen. Azkenean, batzuek neskak zerbait entzun zuela onartu eta Pedro irudikatzen zuen aingeru bat izan zitekeela esan zuten (Eg. 12:12-15). Bitartean, Pedrok han jarraitu zuen ate-joka ireki zioten arte.
15 Orduan, «ikusi zutenean, harrituta geratu ziren»! (Eg. 12:16). Oso pozik zeudenez, iskanbila handia sortzen ari ziren. Horregatik, Pedrok isiltzeko eskatu zien gertatu zena kontatu ahal izateko. Gero, Santiago dizipuluari eta beste anaiei ere azaltzeko esan zien. Ondoren, joan egin zen Herodesen soldaduek aurkitu ez zezaten. Era horretara, leku seguruago batean leialki zerbitzatzen jarraitu zuen. Une horretatik aurrera, Pedro beste behin bakarrik aipatzen da Eginak liburuan, 15. kapituluan, zirkunzisioaren kontua konpontzen lagundu zuenean. Eginak liburuak Paulo apostoluaren lanari eta bidaiei buruz jarduten du orain. Hala ere, honakoaz ziur egon gaitezke: Pedro edonora joan zela ere, leku horietako anai-arreben fedea sendotuko zuen. Apostolu hura Mariaren etxetik joan zenean, han zeuden guztiak pozik eta animatuta geldituko ziren zalantzarik gabe.
16. Zergatik egon gaitezke ziur etorkizunean garai zoriontsu askoz gozatuko dugula?
16 Batzuetan, Jehobak bere zerbitzariei espero dutena baino gehiago ematen die, pozez gainezka utziz. Pedrorekin zeuden anai-arrebak horrela sentitu ziren gau hartan. Gu ere horrela sentitu gaitezke Jehobak bedeinkatzen gaituenean (Esa. 10:22). Etorkizunean, Jehobaren promes guztiak mundu osoan betetzen ikusiko ditugu. Jasoko ditugun bedeinkapen zoragarriak imajinatu dezakeguna baino hobeak izango dira. Beraz, leial mantentzen bagara, garai zoriontsu askoz gozatuko dugu.
«Jehobaren aingeruak gaixotu egin zuen» (Eginak 12:18-25)
17, 18. Zer egoerak eraman zuen jendetzak Herodes goratzera?
17 Herodes ere harrituta gelditu zen Pedrok ihes egin zuela jakitean, eta sutan jarri zen. Beraz, bazter guztiak miatzeko agindua eman zuen eta, gero, Pedroren guardiei galdeketa egin zien. Orduan, «hauek zigortzeko agindu zuen», seguruenik heriotza zigorraz (Eg. 12:19). Argi dago Herodes Agripa ez dela pertsona errukitsua izateagatik gogoratuko. Zigorrik gabe geratuko ote zen gizon gaizto hura?
18 Agripa umiliatuta sentituko zen Pedro ezin izan zuelako hiltzea lortu. Baina, laster, harrotzeko aukera ikusi zuen. Bere etsai batzuk etorri ziren bakea eskatzeko, eta jende askoren aurrean hitzaldi ikusgarria emateko aprobetxatu zuen. Lukasen arabera, hitzaldiaren aurretik «Herodesek errege arropak jantzi zituen». Josefo historialari juduak Herodesen jantziak zilarrez eginak zirela idatzi zuen. Era horretara, eguzkiak jotzen zionean, aintzaz beteta zegoela zirudien. Politikari harro horrek hitzaldia eman ondoren, jendetzak Herodes goratu nahian, oihukatu zuen: «Jainko baten ahotsa, eta ez gizon batena!» (Eg. 12:20-22).
19, 20. a) Zergatik zigortu zuen Jehobak Herodes? b) Zergatik izan daiteke kontsolagarria Herodes Agriparen heriotzaren pasartea?
19 Aintza hori Jainkoak bakarrik merezi zuen, eta bera dena ikusten ari zen! Herodesek zetorkion hondamendia saihestu zezakeen jendetzari errieta eginez edo, gutxienez, haiekin ados ez zegoela esanez. Horren ordez, esaera zahar batek esaten duena gertatu zitzaion: «Harropuzkeriaren ondoren hondamendia» (Esa. 16:18). «Bat-batean, Jehobaren aingeruak gaixotu egin zuen» eta gizon harroputz hura «zizareek janda hil zen» (Eg. 12:23). A zer heriotza nazkagarri eta beldurgarria! Josefok ere Herodes Agripa bat-batean gaixotu zela aipatu zuen. Horretaz gain, historialari horren arabera, erregeak berak jendetzaren goraipamenak onartzeagatik hiltzen ari zela onartu zuen. Gainera, hil arte bost egunez sufritzen egon zela idatzi zuen Josefok.b
20 Batzuetan, badirudi gaiztoek txarto jokatu arren, ez dutela zigorrik jasotzen. Hau ez da harritzekoa badakigulako «mundu osoa Gaiztoaren esku dagoela» (1 Joan 5:19). Hala ere, noizean behin, Jainkoaren zerbitzari leialok desanimatuta sentitu gaitezke justizia ez dela egiten ikustean. Horregatik dira honelako pasarteak animagarriak. Izan ere, Jehobak gaiztoak zigortzen dituela eta justizia maite duela gogoratzen digute (Sal. 33:5). Lehenago edo beranduago, Jehobak justizia egingo du.
21. Zein da Eginak 12ko pasartearen helburu nagusia, eta zergatik da animagarria?
21 Pasartea ikasgai animagarriago batekin amaitzen da: «Jehobaren hitza zabaltzen eta dizipuluen kopurua handitzen joan zen» (Eg. 12:24). Lehen mendeko predikazioaren zabalkuntzak Jehobak lan bera gaur egun nola bedeinkatzen duen gogorarazten digu. Argi dago Eginak 12. kapituluko pasartea ez dela apostolu baten heriotzaz eta beste baten askapenaz bakarrik hitz egiten ari. Pasartearen helburu nagusia honakoa irakastea da: Jehobak zapuztu egiten dituela kristau kongregazioa suntsitzeko eta predikazioa eteteko Satanasen saiakerak. Deabruaren erasoek huts egin zuten eta huts egiten jarraituko dute (Is. 54:17). Bestalde, Jehoba eta Jesu Kristoren alde jartzen direnak inoiz huts egingo ez duen lan bat egiten ari dira. Ez al da animagarria? Zer-nolako ohorea gaur egun «Jehobaren hitza» zabaltzen laguntzea!
a Ikusi «Herodes Agripa Lehenengoa erregea» taula.
b Osasun aditu batek idatzi zuenaren arabera, Josefok eta Lukasek deskribatutako sintomak zizareek eragindako hesteen ixte larriaren ondorioa izan zitezkeen. Batzuetan, zizare horiek pertsonaren gorputzetik botaka eginez ateratzen dira eta, beste batzuetan, gaixoa hil ondoren gorputik ateratzen dira. Liburu batek honakoa dio: «Lukas medikua zenez, zehaztasunez azaldu zuen Herodesi gertatutakoa, eta honen heriotza zein izugarria izan zen ulertzen laguntzen digu» (A Bible Handbook to the Acts of the Apostles, editorea: Mal Couch).