BIZIPENA
Jehobari nire bidea zuzentzen utzi diot
16 URTE nituenean, nire bidea aukeratu nuen: asko gustatzen zitzaidan lanbide bat. Baina Jehoba eskuzabala izan zen eta beste bide bat hartzera gonbidatu ninduen. Hitz hauek esaten zizkidala sentitu nuen: «Irakatsi egingo dizut eta jarraibidea erakutsiko» (Sal 32:8). Jehobari nire bidea zuzentzen utzi diot eta berak aukera eta bedeinkapen ederrez betetako ibilbidea oparitu dit, besteak beste, 52 urtez Afrikan zerbitzatzea.
HERRIALDE BELTZETIK AFRIKAKO BIHOTZ GOXORA
1935ean jaio nintzen Darlaston-en, Ingalaterrako Herrialde Beltza izenez ezaguna den eskualdean. Fundizioetatik eta beste fabrika batzuetatik ateratzen zen ke beltzak eman zion izena eskualdeari. Lau urte inguru nituela, gurasoak Jehobaren lekukoekin Biblia ikasten hasi ziren. Gaztetxoa nintzela, egia nirea egin nuen eta 16 urterekin bataiatu nintzen, 1952an.
Garai hartan, eskuko erremintak eta ibilgailuen piezak egiten zituen fabrika handi batean hasi nintzen aprendiz moduan. Enpresako bulegoan lanpostu on bat izateko trebakuntza jasotzen hasi nintzen. Ikaragarri gustatzen zitzaidan lan hura.
Arduradun ibiltari batek nire kongregazioan, Willenhall-en, kongregazioko liburuaren ikasketa zuzentzera gonbidatu ninduen. Orduan erabaki inportante eta, era berean, zaila hartu behar izan nuen. Bromsgrove-n lan egiten nuen, etxetik 32 bat kilometrora. Horregatik, garai hartan bi kongregaziorekin biltzen nintzen. Astean zehar, lantokitik hurbilen nuen kongregaziora joaten nintzen. Asteburuetan berriz, gurasoen etxean egoten nintzen eta Willenhall-eko kongregaziora joaten nintzen.
Jehobaren erakundean lagundu nahi nuenez, arduradun ibiltariaren gonbidapena onartu eta hainbeste gustatzen zitzaidan lana utzi nuen. Ez naiz sekula damutu Jehobari nire bidea zuzentzen utzi izanaz, horrek bizitza zoragarria ekarri didalako.
Bromsgrove kongregaziora joaten nintzenean, Anne izeneko arreba espiritual eta eder bat ezagutu nuen. 1957an ezkondu ginen. Elkarrekin aitzindaritza erregular eta berezia, ibiltari lana eta Beteleko zerbitzuez gozatu dugu. Annek oso zoriontsu egin nau nire bizitza osoan zehar.
1966an, Galaadeko 42. klasera gonbidatu gintuzten. A zer emozioa! Malawira bidali gintuzten, Afrikako bihotz goxora. Askok horrela deitzen diote bertako jendea jatorra eta gertukoa delako. Nork esango zigun ez ginela bertan luzaroan geratuko!
ESTU ETA LARRI MALAWIN
1967ko otsailaren 1ean Malawira iritsi ginen. Lehenengo hilabetean, ia denbora osoa hizkuntza ikasten aritu ondoren, ibiltari lanetan hasi ginen. Kaiser Jeep batean ibiltzen ginen. Batzuek pentsatzen zuten edonon sartu zitekeela, baita ibaietan ere. Baina sakonera txikiko ibaiak igarotzea bakarrik lortu genuen. Batzuetan buztinez eta lastoz egindako txaboletan geratzen ginen lotan. Urtaro euritsuan, beharrezkoa genuen teilatu azpian lona bat jartzea. Misiolari lanaren hasiera ez zen erraza izan, baina asko gustatu zitzaigun!
Apirilean, herrialdean arazoak hastear zeudela konturatu nintzen. Irratian Hastings Banda presidentearen hitzaldi bat entzun nuen. Jehobaren lekukoek ez zituztela zergak ordaintzen eta politikan muturrak sartzen ari zirela esan zuen. Noski, salaketa haiek gezur hutsa ziren. Denok genekien benetako arazoa gure neutraltasuna zela, bereziki ez genuelako alderdi politikoaren txartela erosi nahi.
Irailean, egunkarian presidenteak anai-arreben aurka egindako salaketa irakurri genuen. Han eta hemen istiluak sortzen ari zirela esan zuen. Partidu politikoaren batzar batean, gobernuak Jehobaren lekukoak berehala debekatuko zituela iragarri zuen. 1967ko urriaren 20an iritsi zen debekua. Handik gutxira, poliziak eta immigraziokoek sukurtsala itxi eta misiolariak herrialdetik bota zituzten.
Kartzelan hiru egun pasa ondoren, Britania Handiak kontrolatzen zuen herrialde batera deportatu gintuzten, Mauriziora. Baina bertako agintariek ez ziguten misiolari bezala bertan geratzen utzi. Orduan, erakundeak Rhodesiara bidali gintuen (gaur egun Zimbabwe). Han, immigrazio-ofizial kopetilun batek sarrera ukatu zigun, esanez: «Debekatua daukazue Malawin egotea. Maurizion ez zaituzte sartzen utzi eta orain hona zatozte ez daukazuelako besterik». Anne gaixoa negarrez hasi zen. Bazirudien ez gintuztela inon nahi! Momentu hartan, alde egin eta etxera bueltatu nahi nuen, Ingalaterrara. Azkenean, immigrazioko agintariek gaua sukurtsalean pasatzen utzi ziguten, hurrengo egunean beraien kuartel nagusian presentatzeko baldintzarekin. Leher eginda geunden, baina gauzak Jehobaren eskutan uzten jarraitu genuen. Hurrengo arratsaldean, ustekabean, Zimbabwen bisitari bezala geratzeko baimena jaso genuen. Ez dut sekula ahaztuko egun hartan sentitu nuena: ziur nengoen Jehoba gure bidea zuzentzen ari zela.
ZIMBABWETIK MALAWIKO ANAI-ARREBAK ZERBITZATZEN
Zimbabweko sukurtsalean Zerbitzu Departamentuan aritu nintzen, Malawi eta Mozambikeko lanaz arduratzen. Besteak beste, Malawiko eskualde-arduradunek bidaltzen zituzten txostenak itzultzen nituen. Malawiko gure anai-arrebak pertsekuzio beldurgarria jasaten ari ziren. Gau batean lanean ari nintzela, negarrez hasi nintzen anai-arrebak sufritzen ari ziren tratu txar izugarriei buruz irakurtzean.a Baina, asko animatzen ninduen beraien leialtasuna, fedea eta nola irauten ari ziren ikusteak (2 Ko 6:4, 5).
Malawin geratu ziren anai-arrebek eta Mozambikera ihes egin zutenek, janari espirituala behar zuten. Ahal genuen guztia egin genuen behar zutena izan zezaten. Horretarako, argitalpenak behar ziren Malawin gehien hitz egiten den hizkuntzan, Txeweran. Zimbabweko anaia batek etxeak eta bulego bat eraiki zituen itzulpen taldearentzat bere lur eremuan. Ekintza maitekor honi esker, argitalpenak itzultzeko ezinbesteko lanak aurrera jarraitu ahal izan zuen.
Urtero, antolaketak egin genituen Malawiko eskualde-arduradunak Zimbabwera Txewera biltzarrera etortzeko. Biltzarreko hitzaldien zirriborroak lortzen zituzten eta Malawira bueltatzean informazio hori ahal zuten moduan konpartitzen zuten anai-arrebekin. Urte batean, Erreinua zerbitzatzeko eskola antolatu genuen eskualde-arduradun ausart haiek indarberritzeko.
1975eko otsailean Malawitik Mozambikeko errefuxiatu kanpalekuetara ihes egindako anai-arrebak bisitatzera joan nintzen. Jehobaren erakundearen martxa jarraitzen ari ziren. Adibidez, adindun-taldeen antolaketa berriarekin hasiak ziren. Espiritualki lan eta lan ari ziren eguneko aipua eta Talaia aztertuz, baita hitzaldi publikoak eta biltzarrak antolatuz ere. Kanpalekua biltzar bat bezala antolatu zuten. Adibidez, garbiketa, janari banaketa eta segurtasun departamentuak zituzten. Jehobaren bedeinkapenari esker lortu zutena ikusteak, izugarri animatu ninduen.
1970eko hamarkada amaieran, Zambiako sukurtsala hasi zen Malawiko anai-arrebez arduratzen. Hala ere, niretzako oso bereziak izaten jarraitzen zuten eta beraien alde otoitz egiten nuen, beste askok bezala. Zimbabweko sukurtsal-batzordeko kide nintzenean, behin baino gehiagotan egoitza nagusiko ordezkariekin, eta Malawi, Hegoafrika eta Zambian ardura zeramaten anaiekin bildu nintzen. Elkartzen ginen bakoitzean galdera bera egiten genuen: «Zer gehiago egin dezakegu Malawiko anai-arreben alde?».
Denborarekin, pertsekuzioa baretzen joan zen. Ihes egin zutenak pixkanaka-pixkanaka Malawira bueltatzen hasi ziren eta bertan geratu zirenentzat egoera hobetzen joan zen. Inguruko herrialdeak Jehobaren lekukoak legalki onartzen eta askatasun gehiago ematen hasi ziren. 1991n Mozambikek ere gauza bera egin zuen. Baina, guztiok galdera bera genuen: «Noiz lortuko dute askatasuna Malawiko Jehobaren lekukoek?».
MALAWIRA BUELTAN
Azkenean, Malawiko egoera politikoa aldatu eta 1993an Jehobaren lekukoen aurkako debekua altxatu zen. Handik gutxira misiolari batek galdetu zidan: «Itzuliko al zarete Malawira?». Garai hartan 59 urte nituen eta erantzun nion: «Ez, zaharregia nauk eta!». Egun hartan bertan, Zuzendari-batzordearen fax bat jaso genuen Malawira bueltatzera gonbidatuz.
Asko disfrutatzen genuen Zimbabwen egiten genuenaz, horregatik ez zen erabaki xamurra izan. Zoriontsu ginen eta oso lagun onak egin genituen bertan. Zuzendari-batzordeak, nahiago bagenuen, geratzeko aukera eman zigun. Gure bidea hartzea eta Zimbabwen geratzea aukeratu genezakeen. Baina Abraham eta Sararen ereduan pentsatzen jarri ginen. Adinekoak zirenean, etxeko erosotasunak atzean utzi eta Jehobak aurrean jarri zien ibilbidea aukeratu zuten (Has 12:1-5).
Jehobaren erakundearen gida jarraitzea erabaki genuen. 1995eko otsailaren 1ean iritsi ginen Malawira, lehendabiziko aldiz iritsi ginela 28 urte bete ziren egun berean. Beste bi anaia eta hirurok osatu genuen sukurtsal-batzordea eta segituan hasi ginen Jehobaren lekukoen jarduerak berriro antolatzen.
JEHOBAK HAZARAZTEN DU
Jehobaren bedeinkapenari esker, lana segituan izugarri hazi zen! 1993an 30.000 berri-emaile izatetik, 1998an 42.000 baino gehiago izatera pasa ginen.b Hazkundea ikusita, Zuzendari-batzordeak sukurtsal berria eraikitzeko baimena eman zigun. Lilongwe-n 12 hektareako lursail bat lortu genuen, eta eraikuntza-batzordean lan egiteko aukera izan nuen.
Zuzendari-batzordeko Guy Pierce anaiak eraikinen eskaintza-hitzaldia eman zuen 2001eko maiatzean. Bi mila anai-arreba baino gehiago etorri ziren. Gehienek 40 urte baino gehiago zeramaten bataiatuta. Anai-arreba leial hauek pertsekuzio latza jasan zuten urte askotan zehar. Pobreak ziren, baina espiritualki izugarri aberatsak. Eta hortxe zeuden, beraien Betel berrian poz-pozik bisitaz disfrutatzen. Sukurtsaleko txoko guztietan zehar Erreinuko kantak abesten joan ziren afrikar estiloan. Benetan, nire bizitzako momenturik hunkigarriena izan zen hura. Argi ikusi nuen Jehobak leial mantentzen direnak izugarri bedeinkatzen dituela.
Sukurtsalaren eraikuntza bukatu zenean, bilera-areto berrietan eskaintza-hitzaldia ematera gonbidatu ninduten. Ohore oso handia izan zen hori niretzat. Malawiko kongregazioei asko lagundu zien diru gutxi duten herrialdeetan bilera-aretoak eraikitzeko programak. Ordura arte, eukalipto zuhaitzez egindako aterpeetan biltzen ziren. Teilatuak kainaberazko esterilaz egiten zituzten eta buztinezko bankuetan esertzen ziren. Baina, programa honi esker, bilera-areto ederrak eraikitzen hasi ziren. Horretarako, beraiek egindako labeetan buztinezko adreiluak egosten zituzten. Nahiago zuten aulkien ordez bankuak erabiltzen jarraitzea, esaten duten bezala, bankuetan beti dagoelako beste bat esertzeko tokia!
Jehobaren herria espiritualki aurreratzen ikusteak ere poz handia eman dit. Anaia gazte afrikarrak lanerako nola eskaintzen ziren ikustea oso berezia izan zen niretzako. Jehobaren erakundeak ematen zien prestakuntzarekin segituan esperientzia handia hartzen joan ziren. Horrela, Betelen eta kongregazioetan ardura gehiago jaso zituzten. Izendatu zituzten herrialdeko eskualde-arduradun berriek pila bat indartu zituzten kongregazioak. Hauetako asko ezkonduta zeuden eta kultura eta familiak seme-alabak izatera bultzatu arren, Jehobarentzako gehiago egiteko, sistema honetan haurrik ez izatea erabaki zuten.
NIRE ERABAKIAREKIN POZIK
Afrikan 52 urte eman ondoren, osasun arazoak izaten hasi nintzen. Sukurtsal-batzordeak gu Britania Handira bidaltzea proposatu zuen eta Zuzendari-batzordeak onartu egin zuen. Pena handia eman zigun hainbeste maite genuen eginkizuna uzteak, baina hemengo Betel familiak oso ongi zaintzen gaitu gure zahartzaroan.
Jehobari nire bidea zuzentzen utzi nion eta ziur nago inoiz hartu dudan erabakirik onena izan dela. Nire adimenaz fio izan banintz, auskalo nora eramango gintuen bide hark. Jehobak bazekien zer behar nuen «bide zuzenetik» joateko (Es 3:5, 6). Gaztetan, ikaragarri interesatzen zitzaidan enpresa handi batek nola funtzionatzen zuen jakitea. Baina Jehobaren mundu mailako erakundeak askoz ere gehiago eman dit. Jehoba zerbitzatzeari esker bizitza zoragarria izaten ari naiz!
a Malawiko Jehobaren lekukoen historia 1999ko Anuario de los testigos de Jehová (Annuaire 1999 des Témoins de Jéhovah) argitalpenean kontatzen da, 148-223 orrialdeetan.
b Gaur egun Malawin 100.000 berri-emaile baino gehiago daude.