Irakurleen galderak
Kristau bat biblia-oinarririk gabe bere emazteaz dibortziatu eta beste pertsona batekin ezkontzen bada, nola ikusten du kongregazioak aurreko ezkontza eta ezkontza berria?
Horrelako egoera batean, gizona berriro ezkontzean, kongregazioak aurreko ezkontza amaitutzat emango luke eta ezkontza berria baliozkoa izango litzateke. Ondorio honen arrazoiak ulertzeko, aztertu dezagun Jesusek dibortzioa eta berriro ezkontzeari buruz esandakoa.
Jesusek ezkontza bat amaitzeko Biblian oinarritutako arrazoi bakarra azaldu zuen: «Inor emazteaz dibortziatu –moralgabekeria sexualarengatik ez bada behintzat– eta beste batekin ezkontzen bada adulterio egiten du» (Mt 19:9, NWT). Hitz hauetatik bi gauza ikasten ditugu: 1) Sexu moralgabekeria dela dibortziatzeko oinarri bakarra eta 2) biblia-oinarririk gabe bere emazteaz dibortziatu eta beste batekin ezkontzen den gizonak, adulterio egiten duela.a
Zer esan nahi izan zuen Jesusek? Sexu moralgabekeria egiten duen eta emazteaz dibortziatzen den gizona, Biblian oinarrituta berriro ezkontzeko libre dagoela? Ez du zertan. Adulterio egiten denean, ezkontide errugabeak bere senarrari barkatuko dion ala uko egingo dion erabaki behar du. Senarrari uko egitea erabakitzen badu eta legalki dibortziatzen badira, prozesua amaitzean, biak berriro ezkontzeko libre egongo dira.
Bestetik, baliteke ezkontide errugabeak bere senarrarekin ezkonduta jarraitu nahi izatea eta senarrari barkatzeko prest dagoela esatea. Baina zer gertatzen da adulterio egin duen senarrak emaztearen eskaintza onartzen ez badu eta alde bakarreko dibortzio legala lortzen badu? Emaztea barkatzeko eta ezkonduta jarraitzeko prest dagoenez, Bibliaren arabera, ez litzateke berriro ezkontzeko libre egongo. Adulterio egin duenak bere horretan jarraitzen badu eta ezkontzeko libre egon gabe beste norbaitekin ezkontzen bada, adulterio egiten du berriro. Bekatu larri honen ondorioz, kongregazioko adindunek berriro epaiketa-batzorde bat antolatu beharko lukete (1 Ko 5:1, 2; 6:9, 10).
Ezkontzeko libre ez dagoen gizona berriro ezkontzen bada, nola ikusten du kongregazioak aurreko ezkontza? Eta berria? Aurreko ezkontza Bibliaren ikuspuntutik oraindik baliozkoa al da? Ezkontide errugabea senar ohiari barkatu ala uko egingo dion erabakitzeko egoeran egongo al litzateke oraindik? Ezkontza berria adulteroa izango al litzateke kongregazioarentzat?
Iraganean, kongregazioak ezkontza berria adultero bezala ikusten zuen hiru baldintza hauetako bat ematen ez zen bitartean: ezkontide errugabea berriro ezkontzea, hiltzea edo sexu moralgabekerian erortzea. Hala ere, Jesusek dibortzioa eta berriro ezkontzeari buruz hitz egin zuenean, ez zuen arreta ezkontide errugabean jarri. Horren ordez, biblia-oinarririk gabeko dibortzioa lortu eta berriro ezkontzen den gizonak, adulterio egiten duela esan zuen. Jesusek dibortzioa eta berriro ezkontzea adulterioarekin parekatu zuen. Beraz, horrelako kasuetan aurreko ezkontza bukatu egiten da.
«Inor emazteaz dibortziatu –moralgabekeria sexualarengatik ez bada behintzat– eta beste batekin ezkontzen bada adulterio egiten du» (Mt 19:9, NWT).
Ezkontza bat dibortzio eta ezkontza berri baten ondorioz bukatzen denean, ezkontide errugabeak ez du senar ohiari barkatu ala uko egingo dion erabakitzeko aukerarik edukiko. Beraz, ez du ardura horren zama izango. Gainera, kongregazioak ezkontza berriari buruz duen ikuspuntua ez du ezkontide errugabea berriro ezkontzeak, hiltzeak edo sexu moralgabekerian erortzeak baldintzatuko.b
Aipatu dugun adibidean, senarrak adulterio egiten du eta bikotea dibortziatu egiten da. Eta zer gertatzen da senarrak ez badu adulterio egiten baina dibortziatu eta berriro ezkontzen bada? Edo baliteke senarra sexu moralgabekerian dibortziatu aurretik ez erortzea, baina bai ondoren. Orduan, zer gertatzen da emaztea barkatzeko prest egon arren, senarrak beste norbaitekin ezkontzea erabakitzen badu? Adibide guzti hauetan dibortzioa eta berriro ezkontzea adulterioa da. Beraz, aurreko ezkontza amaitu egingo luke. Ezkontza berria baliozkoa izango litzateke legearen ikuspuntutik. La Atalaya aldizkariaren 1980ko otsailaren 15eko aleak zera zioen 30. orrialdean: «Orain ezkontza berri baten parte da eta ezin du besterik gabe lehengora itzuli. Aurreko ezkontza dibortzioa, adulterioa eta berriro ezkontzearekin bukatu zen».c
Ulermen berri honek ez du esan nahi ezkontza sakratua ez denik eta adulterioa bekatu hain larria ez denik. Gizon bat emazteaz biblia-oinarririk gabe dibortziatu eta libre egon gabe beste batekin ezkontzen bada, adulterio egin duenez, adindunek epaiketa-batzorde bat antolatu beharko dute. (Ezkontide berria kristaua bada, berari ere epaiketa-batzordea antolatuko zaio adulterio akusaziopean). Nahiz eta ezkontza berria adultero bezala ez ikusi, urte asko pasa beharko dira gizonak kongregazioan eginkizun bereziak jasotzeko. Gainera, jendea egindakoagatik nola sentitzen den eta errespetua berreskuratu duen ala ez kontuan hartuko da. Horregatik, adindunek ondo-ondo aztertu behar dute agian aldez aurretik pentsatutako traizioa jasan duen emazte ohiaren gaur egungo egoera. Kontuan hartuko dute ere aitak agian abandonatu zituen adin txikiko seme-alaben gaur egungo egoera (Ml 2:14-16, NWT).
Biblia-oinarririk gabeko dibortzio eta berriro ezkontzearen ondorio larriak ikusita, kristauak ondo egiten du Jehobaren ikuspuntua mantendu eta ezkontzaren santutasunari balioa emanez (Koh 5:3, 4 [5:4, 5, NWT]; Heb 13:4).
a Gauzak errazteko, adulterio egiten duena gizona dela esango dugu eta errugabea emakumea. Hala ere, Markos 10:11, 12an Jesusek argi utzi zuen aholku hau bai gizonentzat, baita emakumeentzat ere, balio zuela.
b Honek lehen genuen ulermena eguneratzen du. Lehen, ezkontide errugabea berriro ezkondu, hil edo sexu moralgabekerian erortzen ez zen bitartean, ezkontza berria adultero bezala ikusten zen.
c La Tour de Garde aldizkariaren 1980ko otsailaren 15eko alearen 31 eta 32 orrialdeak.