Korintoarrei lehena
5 Izan ere, zuen artean sexu moralgabekeria* kasu bat dagoela entzun dut. Nazioen* artean ere ez da hain moralgabekeria* kasu larririk entzuten. Gizon bat bere aitaren emaztearekin bizi dela* esan didate. 2 Harro al zaudete horretaz? Ez al zenukete penatuta egon behar? Ez al zenukete hori egin duen gizona zuen artetik atera behar? 3 Fisikoki hor ez egon arren, espirituan bertan nago, eta hori egin duen gizona dagoeneko epaitu dut, hor egongo banintz bezala. 4 Jesus gure Jaunaren izenean biltzen zaretenean, eta ni espirituan eta Jesus gure Jaunaren boterearekin batera zuekin nagoela jakinda, 5 utzi gizon hori Satanasen esku haragiaren suntsipenerako. Horrela, espiritua Jaunaren egunean salbatua izango da.
6 Ez da ona zuek harro egotea. Ez al dakizue legamia pixka batek masa osoa altxatzen duela? 7 Kendu legamia zaharra masa berria izan zaitezten, altxatu* gabekoa, berez zareten bezala. Izan ere, Kristo, gure Pazko bildotsa, sakrifikatua izan da. 8 Beraz, ospatu dezagun Pazko Jaia, baina ez legamia zaharrarekin, ezta gaiztakeriazko eta maltzurkeriazko legamiarekin ere, baizik eta legamia gabeko ogiarekin, zintzotasunezko eta egiazko ogiarekin.
9 Idatzi nizuen gutunean, sexualki moralgabeak* diren pertsonekin harremana* izateari uzteko esan nizuen. 10 Baina honekin ez nuen esan nahi mundu honetan sexualki moralgabeak* direnekin, kodiziotsuekin, estortsiogileekin edo idolatrekin tratua izateari utzi behar zeniotenik. Bestela, mundutik atera beharko zenukete. 11 Baina, orain, honakoa idazten dizuet: anaia deitua izan arren, pertsona bat sexualki moralgabea*, kodiziotsua, idolatra, iraintzailea*, mozkorra edo estortsiogilea bada, berarekin harremana* izateari utzi. Horrelako pertsona batekin, ezta jan ere. 12 Zergatik epaitu beharko nituzke nik kanpokoak? Ez al zarete zuek barrukoak epaitzen dituzuenak, 13 Jainkoak kanpokoak epaitzen dituen bitartean? «Atera pertsona gaiztoa zuen artetik».