14. IKASKETARAKO ARTIKULUA
sjj 56. KANTA Bizi egia
«Egin dezagun aurrera heldutasunera»
«Egin dezagun aurrera heldutasunera» (HEB. 6:1, NWT).
IDEIA NAGUSIA
Ikasi kristau heldu batek nola pentsatzen eta jokatzen duen Jainkoaren nahiarekin bat eginez, baita erabaki onak nola hartzen dituen ere.
1. Zer eskatzen digu Jehobak gutako bakoitzari?
EZKONDUTAKO bikote batentzat momenturik pozgarrienetako bat beraien haurtxoa jaiotzen den eguna da. Baina, jaioberria asko maite duten arren, ez dute betirako haurtxo bat izaterik nahi. Izan ere, asko larrituko ziren haurra haziko ez balitz. Era berean, Jehoba oso pozik jartzen da berari buruz ikasten hasten garenean. Baina ez du gu horrekin bakarrik konformatzerik nahi (1 Ko. 3:1). Horren ordez, kristau «helduak» izatea eskatzen digu (1 Ko. 14:20).
2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Zer esan nahi du kristau heldua izateak? Zer egin behar dugu kristau helduak izatera iristeko? Zer eragin du janari sendoak gure hazkuntza espiritualean? Zergatik ibili behar dugu kontuz geure buruarengan gehiegizko konfiantzarik ez izateko? Artikulu honetan, galdera hauen erantzunak aztertuko ditugu.
ZER ESAN NAHI DU KRISTAU HELDUA IZATEAK?
3. Zer esan nahi du kristau heldua izateak?
3 Biblian, «heldu» bezala itzulitako hitz grekoak honako esanahia ere izan dezake: kristau ezaugarriak modu betean, edo osoan, garatuta izatea (Efe. 4:13). Haurtxo bat heldu izatera iritsi arte hazten doan bezala, gure kasuan ere, kristau helduak izatera iristeko, Jehobarekin dugun harremanak hazten jarraitu behar du. Baina, noski, kristau helduak garenean ere, espiritualki aurrera egiten jarraitu behar dugu (1 Tim. 4:15). Gu guztiok, baita gaztetxoak ere, kristau helduak izan gaitezke. Baina nola jakin dezakegu helduak garen ala ez?
4. Nolakoa da kristau heldua?
4 Kristau heldua Jehobaren arau guztien arabera bizi da. Beraz, ez ditu jarraitu nahi dituen arauak bakarrik aukeratzen. Noski, inperfektua denez, akatsak egingo ditu. Baina egunero ahal duen guztia egiten du bere pentsaerak eta jokaerak Jehobaren nahiarekin bat egin dezaten. Bestalde, izaera berria jantzi du, eta Jainkoaren pentsatzeko modura gerturatzen saiatzen da etengabe (Efe. 4:22-24, NWT). Gainera, Jehobaren arau eta printzipioetan oinarrituz, erabaki onak hartzen ikasi du. Beraz, ez du arau zerrenda luze bat behar zer egin behar duen jakiteko. Eta erabaki bat hartzen duenean, gogor egiten du lan erabakitakoa betetzeko (1 Ko. 9:26, 27).
5. Zer gertatu ahal zaio heldugabea den kristau bati? (Efesoarrei 4:14, 15)
5 Bestalde, heldugabea izaten jarraitzen duen kristaua erraz erori daiteke trikimailu eta engainuetan, eta teoria konspiratiboek eta apostatek esaten dutena sinetsi dezakea (Irakurri Efesoarrei 4:14, 15). Bestalde, inbidia sentitzeko, besteekin arazoak izateko, erraz ofenditzeko eta tentaldian erortzeko joera izan dezake (1 Ko. 3:3).
6. Nolakoa da kristau bat heldua izatera iristeko prozesua? Jarri adibide bat. (Ikusi irudia ere)
6 Aurretik aipatu bezala, kristau bat heldua izatera iristeko prozesua, haur bat heldua izatera iristearekin konparatzen da Biblian. Haur batek oraindik gauza asko ez dakizkienez, heldu baten babesa eta gida behar du. Jarri dezagun adibide bat. Ama batek bere alabatxoari errepidea gurutzatu aurretik bere eskutik heltzeko eskatzen dio. Denborarekin, neskatxa hazten doan heinean, amak bere kabuz gurutzatzen utzi ahal dio. Hala ere, gurutzatu aurretik, ezker-eskuinera begiratzeko eskatzen jarraitzen dio. Era horretara, neskatxa heldua izatera iristen denerako, arriskuak nola saihestu jakingo du. Ikusi dugun moduan, haur batek heldu baten laguntza behar du arriskuak saihesteko. Era berean, heldugabea den kristau batek, arrisku espiritualak saihesteko eta erabaki onak hartzeko, kristau heldu baten laguntza behar izaten du askotan. Kristau heldu batek, aldiz, erabaki bat hartu behar duenean, Biblia printzipioak aztertzen ditu Jehobak zer pentsatzen duen jakiteko eta, gero, ikasitakoa praktikan jartzen du.
7. Behar al dute helduak diren kristauek besteen laguntza?
7 Esan nahi al du honek heldua den kristau batek ez duela inoiz besteen laguntzarik beharko? Ez. Heldua denak ere laguntza eskatzeko beharra du batzuetan. Adibidez, jakinduria eta esperientzia gehiago dutenei eskatu ahal die laguntza. Hala ere, badaki azken erabakia berea dela, eta Jehobak «nork bere zama erama[tea]» espero duela (Gal. 6:5). Heldugabea denak, aldiz, besteek berak zer egin behar duen esatea edo bere ordez erabaki bat hartzea nahi du.
8. Zer gauzetan desberdintzen dira kristau helduak beraien artean?
8 Pertsona helduek itxura fisiko desberdina duten bezala, kristau helduek ere ezaugarri espiritual ezberdinak dituzte. Adibidez, batzuek jakinduriaz jokatzen dute eta, beste batzuek, ausardiaz. Batzuk oso eskuzabalak dira eta, beste batzuk, enpatia handikoak. Are gehiago, antzekoa den egoera baten aurrean, bi kristau heldu Biblia printzipioen arabera onargarriak eta, aldi berean, desberdinak diren ondorioetara iritsi daitezke. Hau gure kontzientziaren arabera hartu behar ditugun erabakietan gertatzen da bereziki. Beraz, bi kristau helduk erabaki desberdinak hartu arren, ez dute bata bestea epaitzen. Horren ordez, elkartuta mantentzen dira (Erm. 14:10; 1 Ko. 1:10).
ZER EGIN BEHAR DUGU KRISTAU HELDUAK IZATERA IRISTEKO?
9. Ahaleginik egin gabe iristen al gara kristau helduak izatera? Azaldu.
9 Haur bat modu naturalean iristen da heldua izatera. Baina kristau helduak izatera iristeko, ahaleginak egin behar dira. Adibidez, Korintoko anai-arrebek berri onak onartu, bataiatu, espiritu santua jaso eta Paulo apostoluak irakatsitakoari probetxua atera zioten (Eg. 18:8-11). Hala ere, bataiatu eta urte batzuetara, askok oraindik heldugabeak izaten jarraitzen zuten (1 Ko. 3:2). Beraz, zer egin dezakegu guri hau ez gertatzeko?
10. Zer egin behar dugu helduak izatera iristeko? (Judas 20)
10 Heldutasunera iristeko, lehenik, helduak izateko desira izan behar dugu. «Esperientzia falta» maite dutenek ez dute aurrera egingo, espiritualki haurrak izaten jarraitzea nahiago dutelako (Esa. 1:22, NWT). Batzuk dagoeneko fisikoki helduak diren arren, gurasoengana jotzen jarraitzen dute erabakiak beraien ordez hartu ditzaten. Baina guk ez dugu horrelakoak izan nahi. Horren ordez, norberak bere aurrerapen espiritualaz arduratu behar duela ulertzen dugu (Irakurri Judas 20). Heldutasunera iristeko lanean ari bazara oraindik, egin otoitz Jehobari eta berak «bai nahi izateko eta bai burutzeko gai» egingo zaitu (Flp. 2:13).
11. Zer laguntza ematen dizkigu Jehobak kristau helduak izatera iristeko? (Efesoarrei 4:11-13)
11 Jehobak ez du espero heldutasunera gure kabuz iristea. Guri laguntzeko prest dauden artzain eta irakasleak eman dizkigu. Hauek «heldutasun beteko pertsona[k]» izatera iristen laguntzen digute, «Kristoren betetasunaren neurriko» izatera iritsi arte (Irakurri Efesoarrei 4:11-13). Gainera, Jehobak bere espiritu santua ematen digu «Kristoren pentsamendua» izan dezagun (1 Ko. 2:14-16). Are gehiago, Jainkoak lau ebanjelioak inspiratu zituen Jesusek lurrean egon zenean nola pentsatu, hitz egin eta jokatu zuen erakusteko. Beraz, Jesusen pentsaera eta jokaera imitatzen badituzu, zure helburua lortu ahal izango duzu: kristau heldua izatea.
ZER ERAGIN DU GUREGAN JANARI ESPIRITUAL SENDOAK?
12. Zer da «Kristori buruzko lehen mailako doktrina»?
12 «Kristori buruzko lehen mailako doktrina[k]» oinarrizko kristau irakaspenak dira. Irakaspen hauen artean damua, fedea, bataioa eta berpizkundea daude (Heb. 6:1, 2). Kristau guztiek sinesten dituzten oinarrizko irakaspen batzuk dira hauek. Horregatik hitz egin zuen gauza hauei buruz Paulo apostoluak jendetzari predikatzean Pentekostean (Eg. 2:32-35, 38). Jesusen dizipuluak izateko, oinarrizko irakaspen hauek onartu behar ditugu. Adibidez, berpizkundean sinesten ez badugu, ezin garela benetako kristauak izan erakutsi zuen Paulok (1 Ko. 15:12-14). Hala ere, kristau helduak izatera iristeko, ezin gara egiaren oinarrizko irakaspenak ezagutzearekin bakarrik konformatu.
13. Zer egin behar dugu Hebrearrei 5:14 (NWT) aipuan aipatzen den janari espiritual sendoari probetxua ateratzeko? (Ikusi irudia ere)
13 Oinarrizko irakaspenak Jehobaren arauetan oinarritzen dira. Janari espiritual sendoak, aldiz, Biblia printzipioak ere hartzen ditu kontuan. Printzipio hauek Jehobaren pentsaera ulertzen laguntzen digute. Janari sendo honi probetxua ateratzeko, Jainkoaren Hitza aztertu, honetan hausnartu eta ikasitakoa praktikan jarri behar dugu. Hau egiten dugun heinean, Jehoba pozten duten erabakiak hartzen ikasiko dugub (Irakurri Hebrearrei 5:14, NWTc).
14. Nola lagundu zien Paulok korintoarrei kristau helduak izatera iristen?
14 Kristau heldugabeei askotan zaila egiten zaie erabaki on bat hartzea Biblian honi buruzko arau zehatzik ez badago. Kasu hauetan, batzuek nahi dutena egiteko askatasuna dutela pentsatu dezakete. Baliteke beste batzuek arau zehatz bat eskatzea honen beharrik ez dagoenean. Adibidez, Korintoko kristauek antzeko zerbait eskatu omen zioten Paulori: idolo bati eskainitako janaria jan ahal zuten ala ez erabakitzeko arau bat. Esan al zien Paulok zehazki zer egin behar zuten? Ez. Bakoitzak bere kontzientziaren arabera aukeratzeko «askatasun[a]» zuela azaldu zien. Hau egiten laguntzeko, Biblia printzipio batzuk aipatu zizkien. Printzipio hauen bidez, kontzientzia txarrik ez izaten eta besteentzat estropezu ez izaten lagunduko zieten erabakiak hartu ahal izango zituzten (1 Ko. 8:4, 7-9). Paulo korintoarrei espiritualki hazten laguntzen ari zitzaien. Horrela, beste batek beraien alde erabakiak hartzea eskatu edo arauen bila ibili beharrean, euren bereizteko gaitasuna erabili ahal izango zuten.
15. Nola lagundu zien Paulok hebrearrei espiritualki aurrerapausoak ematen?
15 Irakaspen baliotsu bat ikasi dezakegu Paulok hebrearrei idatzitako gutunetik. Anai-arreba hauetako batzuek ez zuten espiritualki hazten jarraitu. Izan ere, «janari sendo [espiritualaren] ordez, esnea behar izatera itzuli» ziren (Heb. 5:12, NWT). Kongregazioaren bidez Jehoba gauza berriak progresiboki irakasten ari zitzaien arren, beraiek ez zituzten irakaspen hauek onartu nahi izan (Esa. 4:18). Adibidez, kristau judu askok Moisesen Legea bete behar zela esaten jarraitzen zuten. Baina, 30 urte lehenago, Jesusen sakrifizioak Moisesen Legeari amaiera eman zion (Erm. 10:4, NWT; Tit. 1:10, NWT). 30 urte horietan zehar, kristau juduek nahiko denbora izan zuten beraien pentsaera egokitzeko! Paulok hebrearrei idatzitako gutun inspiratua irakurri duen edonork liburu honek janari espiritual sendoa duela ikusi dezake. Gutun honek Jesusen bidez Jehoba adoratzeko modu berria hobea zela ikusten lagundu zien. Gainera, juduengandik oposizioa jasan arren, ausardiaz predikatzen jarraitzen lagundu zien (Heb. 10:19-23).
EZ DEZAGUN GEURE BURUARENGAN GEHIEGIZKO KONFIANTZARIK IZAN
16. Zer gehiago egin behar dugu kristau helduak izatera iristeko?
16 Gogor saiatu behar dugu kristau helduak izatera iristeko, baina baita helduak izaten jarraitzeko ere. Hau lortzeko, ez dugu geure buruarengan gehiegizko konfiantzarik izan behar (1 Ko. 10:12). Paulok honakoa esan zuen: «Jarraitu zeuen buruak aztertzen». Zertarako? Aurrera egiten dugula ziurtatzeko (2 Ko. 13:5, NWT).
17. Nola erakusten du Paulok kolosarrei idatzitako gutunak heldutasunean mantentzea behar-beharrezkoa dela?
17 Kolosarrei idatzitako gutunean, Paulok heldutasunean mantentzea behar-beharrezkoa dela azpimarratu zuen berriz ere. Dagoeneko kristau helduak izan arren, Paulok munduko pentsaerekin kontuz ibiltzeko esan zien (Kol. 2:6-10). Epafrasek ere ondo ezagutzen zituen kongregazio honetako anai-arrebak. Eta kristau hauek «osoak», edo helduak, izaten jarraitzeko eskatu zuen etengabe otoitzean (Kol. 4:12, NWT). Zer ikasten dugu Paulok eta Epafrasek esandakoaz? Kristau helduak izaten jarraitzeko, esfortzu pertsonalak egin behar direla eta Jainkoaren laguntza behar dela. Honakoa espero zuten Paulok eta Epafrasek kolosarrengandik: zailtasunak izan arren, heldutasunean mantentzea.
18. Zer gertatu ahal zaio kristau heldu bati? (Ikusi irudia ere)
18 Bestalde, kristau heldu batek Jainkoaren aprobazioa betirako galdu dezakeela ohartarazi zien Paulok hebrearrei. Izan ere, kristau baten bihotza gehiegi gogortuz gero, ezingo luke damutu eta Jainkoaren barkamenik jaso. Zorionez, kristau hebrearrak ez ziren egoera horretaraino iritsi (Heb. 6:4-9). Orduan, zer esan dezakegu denborarekin damutzen diren inaktibo edo kanporatuei buruz? Apalki damutzen badira, ez dira Paulok bere gutunean aipatutako pertsonak bezalakoak izango, hau da, ez dute Jainkoaren aprobazioa betirako galduko. Baina, noski, Jehobarengana itzultzean, bere laguntza beharko dute (Eze. 34:15, 16). Horregatik, adindunek espiritualki sendoa den anaia edo arreba batekin hitz egin dezakete Jehobarengana itzuli denari espiritualki sendotzen laguntzeko.
19. Zer helburu izan beharko genuke?
19 Kristau heldua izateko ahal duzun guztia egiten baduzu, zure helburua lortu dezakezu! Jarraitu janari espiritual sendoaz elikatzen eta Jehobaren pentsaerara gero eta gehiago gerturatzen. Bestalde, dagoeneko kristau heldua bazara, jarraitu heldutasunean mantentzeko ahaleginak egiten.
ZER ERANTZUNGO ZENUKE?
Zer esan nahi du kristau heldua izateak?
Zer egin behar dugu kristau helduak izatera iristeko?
Zergatik ez genuke geure buruarengan gehiegizko konfiantzarik izan beharko?
sn 45. KANTA Egin aurrera!
a Ikusi «Babestu zaitez informazio faltsutik» artikulua «Gai gehiago» artikulu sailean, jw.org webgunean eta JW Library-n.®
b Ikusi ale honetako «Ikasketarako proiektua» atala.
c Hebrearrei 5:14, NWT: «Baina janari sendoa pertsona helduentzat da, erabileraren bidez ona eta txarra bereizteko gaitasuna entrenatu dutenentzat».
d IRUDIAREN DESKRIBAPENA: Anaia batek ikasitako Biblia printzipioak praktikan jartzen ditu telebistan zer ikusi aukeratzean.