26. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Lagundu al dezakezu ikasleak egiteko lanean?
«Jainkoa da, izan ere, bai nahi izateko eta bai burutzeko gai egiten zaituztena» (FLP 2:13).
sn 44. KANTA Parte hartu pozik uztan
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Zer egin du Jehobak zuregatik?
NOLA egin zinen Jehobaren lekuko? Lehenengo, «berri onak» entzun zenituen, agian, zure gurasoengandik, eskolakide edo lankide batengandik edo etxez-etxe predikatzen ari zen Lekuko batengandik (Mk 13:10). Orduan, norbaitek denbora asko igaro zuen eta ahalegin handiak egin zituen zurekin Biblia ikasteko. Ikastaroan zehar, Jehoba maitatzera iritsi zinen eta berak ere zu maite zaituela ikasi zenuen. Jehobak egiara erakarri zintuen eta, orain, Jesu Kristoren jarraitzailea zarenez, betiko bizitzeko esperantza duzu (Jn 6:44). Jehobak norbait bultzatu zuen zuri egia irakastera eta, gainera, bere zerbitzari izateko onartu zintuen. Zalantzarik gabe, oso eskertuta egoteko arrazoiak dira horiek.
2. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?
2 Orain egia ezagutzen dugunez, besteei bizira daraman bidean gurekin ibiltzen laguntzeko ohorea dugu. Agian, etxez etxe predikatzea ez zaigu zaila egiten, baina biblia-ikastaroak eskaini eta zuzentzea erronka handia dela sentitu dezakegu. Hori al da zure kasua? Hala bada, artikulu honetako aholkuak lagungarriak izango zaizkizu. Ikasleak egitera zerk bultzatzen gaituen aztertuko dugu. Gainera, biblia-ikastaroak zuzentzeko oztopo eta beldurrak izan ditzakegu. Hauek gainditzeko zer egin behar dugun ere ikusiko dugu. Baina, lehenengo, aztertu dezagun berri onak predikatzeaz gain, zergatik irakatsi behar ditugun ere.
JESUSEK PREDIKATZEKO ETA IRAKASTEKO AGINDU ZIGUN
3. Zergatik predikatzen dugu?
3 Lurrean egon zenean, Jesusek bere jarraitzaileei eginkizun bat eman zien. Honek bi alderdi zituen. Lehenik eta behin, Erreinuaren berri onak predikatzeko agindu eta hau nola egin behar zuten erakutsi zien (Mt 10:7; Lk 8:1). Adibidez, jendeak Erreinuaren mezua entzuten zuenean, baita entzuten ez zuenean ere, zer egin behar zuten esan zien (Lk 9:2-5). Gainera, predikazioa noraino iritsiko zen aurresan zien, «herri guztiek haren berri» izango zutela esanez (Mt 24:14; Eg 1:8). Jendeak mezua onartzen zuen edo ez axola gabe, Jainkoaren Erreinuari eta honek lortuko duenari buruz guztiei hitz egiteko esan zien.
4. Mateo 28:18-20 pasartearen arabera, zer egin behar dugu predikatzeaz gain?
4 Zein da Jesusek emandako eginkizunaren bigarren alderdia? Berak agindutako guztia betetzen irakastea. Batzuek predikatzeko eta irakasteko agindua lehen mendeko kristauentzat bakarrik zela esaten dute. Baina, egia ote da hau? Ez, Jesusek garrantzia handiko lan honek gaur egun arte jarraituko zuela esan baitzuen, «munduaren azkena arte» (Irakurri Mateo 28:18-20). Seguruenik, agindu hau 500 jarraitzaile baino gehiagoren aurrean agertu zenean eman zuen (1 Ko 15:6). Gainera, Apokalipsia liburuko Joanen ikuskarian, Jesusek bere jarraitzaile guztiek Jehobari buruz irakastea nahi zuela argi esan zuen (Ap 22:17).
5. 1 Korintoarrei 3:6-9 pasartearen arabera, zer adibide erabili zuen Paulok predikatzeko eta irakasteko lanaren arteko lotura erakusteko?
5 Paulo apostoluak ikasleak egiteko lana nekazaritza lanarekin konparatu zuen. Landatu baino gehiago egin behar dugula esan zien korintoarrei: «Landatu, nik egin nuen; ureztatu, Apolok; [...] zuek, Jainkoak lantzen duen soroa [zarete]» (Irakurri 1 Korintoarrei 3:6-9). Gu Jainkoaren soroko langileak gara. Beraz, predikatzen dugunean, landareak landatzen ditugu eta, irakasten dugunean, ureztatu (Jn 4:35). Baina Jainkoak hazarazten dituela aitortzen dugu.
6. Jendeari irakasten diogunean, zer egiten lagundu behar diogu?
6 «Betiko bizirako jarrera egokia» dutenen bila gabiltza (Eg 13:48, NWT). Jarraitzaileak izan daitezen, honakoa egiten lagundu behar diegu: Biblian ikasitakoa 1) ulertzen, 2) onartzen eta 3) praktikan jartzen (Jn 17:3; Kol 2:6, 7; 1 Ts 2:13). Kongregazioko guztiok lagundu ditzakegu biblia-ikasleak. Nola? Bileretara etortzen direnean maitasuna erakutsiz eta ongietorri goxoa emanez (Jn 13:35). Askotan, ikasleak sakonki errotuta dituen sinesmenak eta ohiturak aldatzeko, ikastaroa zuzentzen duenak denbora eta energia asko behar du (2 Ko 10:4, 5). Irakasleak agian hilabete asko eman beharko ditu ikasleari aldaketa horiek egiten laguntzen eta, denborarekin, bataioraino heltzen. Baina, dudarik gabe, esfortzuak merezi du.
MAITASUNAK IKASLEAK EGITERA BULTZATZEN GAITU
7. Zerk bultzatzen gaitu predikatzera eta irakastera?
7 Zerk bultzatzen gaitu predikatzera eta irakastera? Lehenik, Jehobari diogun maitasunak. Eginkizun hori betetzeko ahal duzun guztia egiten duzunean, Jainkoa maite duzula frogatzen duzu (1 Jn 5:3). Pentsatu honetan: Jehobari diozun maitasunak etxez etxe predikatzera bultzatu zintuen. Erraza izan al zen agindu hori betetzea? Ziurrenik ez. Lehen aldiz predikatzera joan zinenean, urduri al zeunden? Bai, ezta? Baina Jesusek emandako agindua zela bazenekienez, bete egin zenuen. Eta seguruenik, denborarekin, predikazioan parte hartzea errazagoa egin zaizu. Baina, zer sentitzen duzu biblia-ikastaro bat zuzentzeari buruz? Pentsatze hutsarekin urduri jartzen al zara? Agian bai. Jehobari otoitzean ausarta izateko eta biblia-ikastaro bat eskaintzeko laguntza eskatzen badiozu, ikasleak egiteko nahia handitzen lagunduko dizu.
8. Markos 6:34aren arabera, zer beste arrazoirengatik irakasten diegu besteei?
8 Egia irakastera bultzatzen gaituen bigarren arrazoia jendeari diogun maitasuna da. Behin, asko predikatu ondoren, Jesus eta bere jarraitzaileak neka-neka eginda zeuden. Atseden hartzeko leku bat behar zuten, baina jendetza handi batek aurkitu egin zituen. Jesus, errukiaz bultzatuta, «irakasten hasi zitzaien luze eta zabal» (Irakurri Markos 6:34). Nekatuta egon arren, jendeari laguntzen saiatu zen. Zergatik? Beraien larruan jarri zelako. Zenbat sufritzen ari ziren eta esperantzarik ez zutela ikustean, lagundu nahi izan zien. Gaur egungo jendea ere egoera berdinean dago. Ez gaitzala beraien itxurak engainatu. Galdutako ardiak bezalakoak dira, gidatuko dituen artzainik gabe. Paulo apostoluak pertsona hauek itxaropenik gabe eta Jainkorik gabe bizi direla esan zuen (Ef 2:12). «Hondamenerako» bidean daude! (Mt 7:13). Gure eremuko jendearen egoera espiritualean pentsatzen dugunean, maitasunak eta errukiak beraiei laguntzera bultzatzen gaitu. Eta beraiei laguntzeko modurik onena biblia-ikastaro bat eskaintzea da.
9. Filipoarrei 2:13aren arabera, nola lagundu zaitzake Jehobak?
9 Zugandik denbora asko eskatuko duela dakizunez, agian biblia-ikastaro bat eskaintzeko zalantza egiten duzu. Hala bada, kontatu Jehobari nola sentitzen zaren. Eskatu otoitzean biblia-ikastaro bat aurkitzeko eta zuzentzeko gogoa (Irakurri Filipoarrei 2:13). Jainkoari bere nahiaren arabera zerbait eskatzen badiogu, erantzungo digula ziurtatzen digu Joan apostoluak (1 Jn 5:14, 15). Beraz, ziur egon Jehobak jendeari irakasteko nahia izaten lagunduko dizula.
GAINDITU BESTE ZAILTASUN BATZUK
10, 11. Zergatik izan dezakegu biblia-ikastaro bat zuzentzeko zalantza?
10 Badakigu irakastea oso garrantzitsua dela, baina zaila izan daiteke irakasteko lanean gustatuko litzaigukeen guztia egitea. Ikus dezagun horrela sentitzeko arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen eta zailtasun horiek nola gainditu ditzakegun.
11 Dugun egoerarengatik mugatuta sentitu. Berri-emaile batzuk adinekoak dira eta beste batzuek osasun kaskarra dute. Hori al da zure egoera? Hala bada, COVID-19aren pandemiak erakutsi dizkigun gauzetan pentsatu. Esaterako, biblia-ikastaroak telefonoz edo beste gailu elektronikoen bidez zuzendu ditzakegu. Beraz, goxo-goxo zure etxetik biblia-ikastaro bat hasi eta zuzendu dezakezu. Beste abantaila bat ere badago. Pertsona batzuek Biblia gustura aztertuko lukete, baina ezin dute ikasi gure anai-arrebek normalean predikatzen duten orduetan. Agian, goizean goiz edo gauean posible izango lukete. Eskaini al dezakezu zeure burua ordu horietan norbaitekin Biblia aztertzeko? Jesusek Nikodemori gauez irakatsi zion, ordutegi hori Nikodemok nahiago zuena baitzen (Jn 3:1, 2).
12. Zergatik egon gaitezke ziur irakasle onak izan gaitezkeela?
12 Biblia-ikastaro bat zuzentzeko dugun gaitasunean konfiantza falta izan. Agian norbaitekin Biblia aztertu baino lehen gehiago jakin beharko genukeela edo irakasle hobeak izan beharko ginatekeela sentitzen dugu. Horrela sentitzen bazara, pentsatu zure konfiantza indartu dezaketen hiru arrazoitan. Lehenik, Jehobak besteei irakasteko gai zarela pentsatzen du (2 Ko 3:5). Bigarrenik, Jesusek, zeru-lurretan «ahalmen osoa» duenak, irakasteko autoritatea eman dizu. Honek zugan konfiantza duela erakusten du (Mt 28:18). Eta hirugarrenik, besteen laguntzan konfiantza izan dezakezu. Jesusek, zer esan jakiteko, bere Aitak irakatsitako gauzetan jarri zuen konfiantza eta zuk ere berdina egin dezakezu (Jn 8:28; 12:49). Honetaz gain, biblia-ikastaro bat hasteko eta zuzentzeko laguntza eskatu dezakezu, adibidez, predikatzeko taldearen arduradunari edo trebea den aitzindari edo berri-emaile bati. Hauek ikastaroak nola zuzentzen dituzten ikustean, irakasle hobea izaten ikasiko duzu.
13. Zergatik izan behar dugu moldakorrak?
13 Metodo eta tresna berriak erabiltzeko zailtasuna izan. Biblia-ikastaroak zuzentzeko modua aldatu egin da. Ikasteko argitalpen nagusia Gozatu bizitzaz betirako! denez, orain beste modu batera prestatu eta zuzendu behar ditugu ikastaroak. Paragrafo gutxiago irakurtzen ditugu eta ikaslearekin gehiago hitz egiten dugu. Irakasterakoan bideoak eta JW Library® bezalako tresna elektronikoak gehiago erabiltzen ditugu. Tresna hauek erabiltzean ez bagara eroso sentitzen, hitz egin dezagun erabiltzen lagunduko gaituen norbaitekin. Gauzak betiko moduan egitea errazagoa egiten zaigunez, agian zaila egiten zaigu metodo berriak erabiltzea. Baina Jehoba eta besteen laguntzarekin moldatzea errazagoa egingo zaigu eta jendearekin ikasteaz gehiago gozatuko dugu. Aitzindari baten arabera, ikasteko metodo hau «bai ikaslearentzat, baita irakaslearentzat ere, freskagarria da».
14. a) Zer gogoratu behar dugu eremu zailean predikatzen badugu? b) Nola animatzen gaitu 1 Korintoarrei 3:6, 7ak?
14 Gure eremuan biblia-ikastaroak hastea zaila izatea. Batzuek ez dute gure mezuan interesik eta beste batzuk honen aurka daude. Zerk lagundu gaitzake jarrera positiboa izaten? Gogoratu arazoz jositako mundu honetan jendearen egoera azkar aldatu daitekeela. Horregatik, garai batean interesik agertu ez zutenek, denborarekin, Jainkoaren beharra dutela konturatu daitezke (Mt 5:3). Iraganean gure argitalpenak beti baztertu zituzten batzuek, beranduago, biblia-ikastaro bat onartu zuten. Gainera, badakigu Jehoba uztaren jabea dela (Mt 9:38). Guk landatzen eta ureztatzen jarraitu dezagun nahi du, baina hazaraztea bere ardura da (1 Ko 3:6, 7). Nahiz eta orain biblia-ikastarorik ez zuzendu, Jehobak gure ahaleginen arabera, ez gure emaitzen arabera, sarituko gaituela oroitu behar dugu. Ez al da hau animagarria?b
BIZI IKASLEAK EGITEAREN POZA
15. Nola sentitzen da Jehoba norbaitek biblia-ikastaro bat onartu eta ikasten ari dena praktikan jartzen duenean?
15 Norbaitek Bibliako egia onartzen duenean eta honi buruz besteei hitz egiten dienean, Jehoba bihotz-bihotzez pozten da (Es 23:15, 16). Zein zoriontsu egongo den Jehoba gaur egun gertatzen ari dena ikustean! Adibidez, nahiz eta 2020ko zerbitzu-urtean mundu-mailako pandemia bat izan, 7.705.765 biblia-ikastaro zuzendu ziren eta 241.994 lagunek eskaini zioten euren burua Jehobari eta bataiatu egin ziren. Era berean, jarraitzaile berri hauek biblia-ikastaroak zuzendu eta jarraitzaile gehiago egingo dituzte (Lk 6:40). Zalantza izpirik gabe, Jehoba zoriontsu egiten dugu irakasteko lanean parte hartzen dugunean.
16. Zer helburu izan dezakegu?
16 Ikasleak egitea lan gogorra da, baina Jehobaren laguntzarekin berriei gure zeruko Aita maitatzen irakatsi ahal diegu. Jarri al dezakegu gutxienez biblia-ikastaro bat hasteko eta zuzentzeko helburua? Aproposa den bakoitzean, topatzen dugun pertsona bakoitzari gurekin Biblia ikastea eskaintzen badiogu, agian, harrituta geldituko gara emaitzarekin. Ziur egon gaitezke Jehobak gure ahaleginak bedeinkatuko dituela.
17. Zer sentituko dugu biblia-ikastaro bat zuzentzen badugu?
17 Besteei egiari buruz predikatzea eta irakastea ohore izugarria da! Lan honek oso zoriontsu egiten gaitu. Paulo apostoluak Tesalonikako askori Jesusen jarraitzaile izaten lagundu zien eta honela adierazi zuen sentitzen zuena: «Izan ere, nor izango da gure itxaropena eta poza? Nor, zuek izan ezik, Jauna agertuko denean beronen aurrean harro aurkeztuko dugun garaipen-koroa? Bai, zuek zaituztegu geure aintza eta poza» (1 Ts 2:19, 20; Eg 17:1-4). Gaur egun ere askok sentimendu berdinak dituzte. Stéphanie izeneko arreba batek, bere senarrarekin batera, jende askori lagundu dio bataioraino heltzen, eta honakoa dio: «Jendeari euren burua Jehobari eskaintzen lagundu diogu; ez dago hau baino poz handiagorik».
sjj 57. KANTA Guztiei predikatu
a Jehobak besteei predikatzeko ohorea emateaz gain, Jesusek agindutako guztia betetzen irakasteko ohorea ere eman digu. Zerk bultzatzen gaitu besteei irakatsi nahi izatera? Zer zailtasuni egin behar diegu aurre predikatzeko eta irakasteko lanean? Nola gainditu ditzakegu zailtasun horiek? Artikulu honek galdera hauek erantzungo ditu.
b Ikasleak egiteko lanean dugun eginkizuna aztertzeko, jo aldizkari honen 2021eko martxoko alearen «Denok lagundu ditzakegu biblia-ikasleak bataioraino heltzen» artikulura.
c IRUDIAREN AZALPENA: Ikusi biblia-ikastaro batek pertsona baten bizimoduan izan dezakeen eragina: Hasieran, gizon batek bere bizitzak ez duela helbururik sentitzen du eta ez du Jehoba ezagutzen. Orduan, Lekukoek predikatze-lanean aurkitzen dute eta biblia-ikastaro bat onartzen du. Ikasitakoak bere burua Jehobari eskaintzera eta bataiatzera bultzatzen du. Denborarekin, berak beste batzuei ere ikasleak izaten laguntzen die. Eta, azkenean, denek paradisuan bizitzaz disfrutatzen dute.