5. KAPITULUA
«Agintari bezala Jainkoa obeditu behar dugu»
Apostoluek kristau guztiontzako eredua ezartzen dute
Eginak 5:12-6:7 pasartean oinarrituta
1-3. a) Zergatik eraman zituzten apostoluak Sanedrinaren aurrera, eta zer kontu zegoen honen atzean? b) Zergatik da garrantzitsua guretzat apostoluek nola erantzun zuten jakitea?
SANEDRINAREN epaileak sutan daude! Apostoluak salatuak izan dira eta auzitegi goren honen aurrean daude. Jose Kaifasek, apaiz nagusi eta Sanedrinaren buru denak, honakoa esaten die: «Zorrotz agindu genizuen gizon horren izenean ez irakasteko». Kaifas hain haserre dago, ez duela Jesusen izena ahoskatu ere egin nahi, eta horrela jarraitzen du: «Jerusalem osoa bete duzue zuen irakaspenekin, eta gizon horren odola gure gain erortzea besterik ez duzue nahi» (Eg. 5:28). Mezua argia da: utzi predikatzeari edo arazoak izango dituzue!
2 Zer egingo dute apostoluek? Predikatzeko eginkizuna Jesusek eman die eta bere autoritatea Jainkoarengandik dator (Mat. 28:18-20). Predikatzeari utziko al diote etsaien beldur izateagatik? Edo jarraituko al dute berri onak ausardiaz zabaltzen? Kontua honakoa da: Jainkoa obedituko dute ala gizakia? Zalantzarik egin gabe, Pedrok apostolu guztien izenean hitz egiten du. Bere hitzak argiak eta ausartak dira.
3 Egiazko kristauontzat oso garrantzitsua da apostoluek Sanedrinaren mehatxuei nola erantzun zieten jakitea. Zergatik? Guk ere predikatzeko eginkizun bera dugulako eta gu ere pertsegituak izan gaitezkeelako (Mat. 10:22). Gure lana mugatzen edo debekatzen saiatzen badira, zer egingo dugu? Apostoluek Sanedrinaren aurrean izan zuten jarrera eta egoera horretara zerk eraman zituen aztertzeak sendo irauten lagunduko gaitu.a
«Jehobaren aingeruak kartzelako ateak ireki [...] zituen» (Eginak 5:12-21a)
4, 5. Zergatik zeuden «inbidiaz beterik» Kaifas eta beste saduzearrak?
4 Gogoratu dezagun Sanedrinak predikatzeari uzteko lehen aldiz esan zienean, Pedrok eta Joanek honakoa erantzun zutela: «Guk, ezin diogu ikusi eta entzundakoari buruz hitz egiteari utzi» (Eg. 4:20). Sanedrinean lehen epaiketa izan ondoren, Pedrok eta Joanek beste apostoluekin batera, tenpluan predikatzen jarraitu zuten. «Salomonen Arkupean»b, apostoluek mirariak egin zituzten, esaterako, gaixoak sendatu eta deabruak bota. Badirudi Pedroren itzalak ere jendea sendatzen zuela! Sendatuak izan ziren askok berri onak ere onartu zituzten. Ondorioz, «Jaunarengan sinesten zutenak gero eta gehiago ziren, bai gizonak, baita emakumeak ere» (Eg. 5:12-15).
5 «Inbidiaz beterik» saduzearrek, horien artean Kaifasek, apostoluak kartzelan sartzea agindu zuten (Eg. 5:17, 18). Zergatik zeuden saduzear haiek hain haserre? Hasteko, apostoluek Jesus berpiztua izan zela irakasten zutelako; baina saduzearrek ez zuten berpizkundean sinesten. Gainera, apostoluak Jesusengan fedea jartzen zutenak bakarrik salbatuko zirela esaten ari ziren. Horregatik, Jesus lidertzat hartzen bazuten, Erromak zigortuko zituen beldur ziren saduzearrak (Joan 11:48). Ez da harritzekoa saduzearrek apostoluak isilarazi nahi izatea!
6. Nortzuk daude gaur egun Jehobaren zerbitzarien pertsekuzioaren atzean, eta zergatik ez gintuzke horrek harritu beharko?
6 Gaur egun ere, Jehobaren zerbitzarien pertsekuzioaren atzean erlijioburuak daude nagusiki. Hauek, askotan, gobernuei eta komunikabideei eragiten saiatzen dira gure predikazioa gelditzeko. Harritu beharko al gintuzke honek? Ez. Izan ere, gure mezuak erlijio faltsuaren gezurrak agerian uzten ditu. Pertsona zintzoek Bibliako egiak onartzen dituztenean, Biblian oinarrituta ez dauden sinesmen eta ohituretatik libratzen dira (Joan 8:32). Horregatik sortzen du gure mezuak erlijioburuengan inbidia eta gorrotoa.
7, 8. Zer eragin izan zuen aingeruaren aginduak apostoluengan, eta zer galdetu beharko genioke geure buruari?
7 Kartzelan itxaroten ari ziren bitartean, apostoluek, agian, euren fedearengatik hilko ote zituzten pentsatuko zuten (Mat. 24:9). Baina gauean, espero ez zuten zerbait gertatu zen: «Jehobaren aingeruak kartzelako ateak ireki» zituen (Eg. 5:19).c Orduan, aingeruak argibide zehatzak eman zizkien: «Zoazte tenplura eta han jarraitu herriari bizi honi buruzko mezu osoa ematen» (Eg. 5:20). Zalantzarik gabe, agindu horrek gauzak ondo egiten ari zirela ziurtatu zien apostoluei. Gainera, pertsekuzioaren aurrean tinko irauteko indarra eman zien. Fede sendoz eta ausardiaz apostoluak «goizean goiz tenplura sartu eta irakasten hasi ziren» (Eg. 5:21).
8 Gutako bakoitzak honakoa galdetu beharko genioke geure buruari: «Izango al nuke beharrezko fedea eta ausardia antzeko egoeran predikatzen jarraitzeko?». «Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa» emateko aingeruen laguntza eta gida dugula jakiteak indartu gaitzake (Eg. 28:23; Ap. 14:6, 7).
«Agintari bezala Jainkoa obeditu behar dugu lehenik, ez gizakia» (Eginak 5:21b-33)
9-11. Zer egin zuten apostoluek predikatzeari uzteko agindu zietenean, eta zer eredu ezarri zuten kristau guztiontzat?
9 Kaifas eta Sanedrinaren beste epaileak dagoeneko apostoluak zigortzeko prest zeuden. Kartzelan zer gertatu zen ez zekitenez, guardiak bidali zituzten presoak ekartzeko. Zer-nolako ezustekoa hartuko zuten presoak ez zeudela ikustean, nahiz eta kartzela itxita eta «guardiak atean» egon! (Eg. 5:23). Tenpluko kapitainak laster jakin zuen apostoluak berriz ere tenpluan zeudela Jesu Kristori buruzko testigantza ematen, lehentxeago arrazoi horrexegatik atxilotuak izan arren! Kapitaina eta bere guardia berehala tenplura joan ziren presoak atxilotzeko eta Sanedrinaren aurrera eramateko.
10 Kapitulu honen hasieran ikusi dugun bezala, sutan zeuden erlijioburuek argi utzi zieten apostoluei predikatzeari utzi behar ziotela. Nola erantzun zuten apostoluek? Guztien izenean, Pedrok honakoa esan zuen ausardiaz: «Agintari bezala Jainkoa obeditu behar dugu lehenik, ez gizakia» (Eg. 5:29). Era horretara, apostoluek garai guztietako kristauontzako eredua jarri zuten. Nahiz eta Jainkoak giza agintariak obeditu behar ditugula esan, hauek ez dute guk Jainkoaren nahia ez egiteko eskatzeko eskubiderik. Beraz, gaur egun agintariek gure predikatze lana debekatzen badute, berri onak predikatzeko eginkizuna betetzen jarraitu behar dugu (Erm. 13:1). Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa ematen segiko dugu agintarien arreta ez erakartzeko moduan.
11 Ez da harritzekoa apostoluen ausardiak epaile haiek sutan jartzea. Izan ere, apostoluak «hil egin nahi izan zituzten» (Eg. 5:33). Ziurrenik apostoluek exekutatu egingo zituztela pentsatuko zuten, baina Jehobak modu harrigarrian lagundu zien!
«Ezingo duzue desegin» (Eginak 5:34-42)
12, 13. a) Zer aholku eman zien Gamalielek beste epaileei, eta zer egin zuten hauek? b) Zer egin dezake Jehobak gaur egun bere herriaren alde, eta zertaz egon gaitezke ziur «zuzen jokatzeagatik sufritu beharrean gertatzen» bagara ere?
12 Orduan, Gamalielek, «herri osoak estimatzen zuen lege maisu» batek, hitz egin zuen.d Beste epaileek ere asko errespetatzen zutenez, «apostoluak pixka batean kanpora ateratzeko» agindu zuenean, besteek kasu egin zioten (Eg. 5:34). Gamalielek erromatarren aurkako aurreko matxinadei buruz hitz egin zuen. Buruzagiak hil zirenean, matxinada haiek azkar amaitu zirela esan zuen. Beraz, apostoluekin pazientzia izan behar zutela eta ez zutela haiek geldiarazten saiatu behar esan zien. Azken finean, haien buruzagia, Jesus, duela gutxi hil zen. Bere arrazoitzeko modua oso eraginkorra izan zen: «Ez sartu gizon hauekin, utzi bakean. Asmo edo lan hau gizakiena bada, berez desegingo da, baina Jainkoarena bada, ezingo duzue desegin. Kontuz ibili, bestela Jainkoaren aurka arituko zinatekete borrokan» (Eg. 5:38, 39). Epaileek bere aholkua jarraitu zuten. Hala ere, apostoluak jo eta «Jesusen izenean hitz egiteari uzteko agindu zieten» (Eg. 5:40).
13 Gaur egun, garai hartan bezala, Jehobak Gamaliel bezalako gizon boteretsuak erabili ditzake bere herriaren alde egiteko (Esa. 21:1). Jehobak bere espiritua erabili dezake agintariak, epaileak edo legegileak bere nahiaren arabera jokatu dezaten (Neh. 2:4-8). Baina «zuzen jokatzeagatik sufritu beharrean gertatzen» bagara ere, bi gauza argi izan behar ditugu (1 Ped. 3:14). Alde batetik, Jainkoak irauteko indarra eman ahal digu (1 Kor. 10:13). Eta bestetik, etsaiek ezingo dute Jainkoaren lana geldiarazi (Is. 54:17).
14, 15. a) Zer egin zuten apostoluek zigortu zituztenean, eta zergatik? b) Aipatu Jehobaren zerbitzariek pertsekuzioaren aurrean pozik irauten dutela erakusten duen bizipen bat.
14 Desanimatu al ziren apostoluak? Edo amore eman al zuten zigortuak izan zirelako? Inola ere ez! «Poz-pozik atera ziren Sanedrinetik» (Eg. 5:41). «Poz-pozik»? Nolatan? Ez zen izan tratu txarrak jaso zituztelako, baizik eta bazekitelako Jehobari leial izateagatik eta Jesusen pausoak jarraitzeagatik gertatu zitzaiela hori (Mat. 5:11, 12).
15 Lehen mendeko gure anai-arrebek bezala, guk ere berri onengatik sufritzen dugunean, poztasunez irauten dugu (1 Ped. 4:12-14). Noski, ez dugu gustuko mehatxatuak, pertsegituak edo atxilotuak izatea. Baina poz handia sentitzen dugu Jehobari leial garenean. Azter dezagun Henryk Dornik-i gertatutakoa. Anaia honek urteak pasa zituen gobernu totalitarioen menpean. 1944ko abuztuan, agintariek bera eta bere anaia kontzentrazio eremu batera bidaltzea erabaki zuten. Euren aurkariek honakoa esan zuten: «Ezinezkoa da guk esaten dieguna egin dezaten konbentzitzea. Beraien fedearengatik hil daitezkeela jakiteak poza ematen die». Dornik anaiak honela azaltzen du: «Ez nuen hiltzerik nahi. Baina sufritzen ari nintzen bitartean, Jehobari leial izateko gai izan nintzen ausardia eta duintasuna galdu gabe, eta horrek izugarri poztu ninduen» (St. 1:2-4).
16. Nola erakutsi zuten apostoluek testigantza osoa emateko erabakita zeudela, eta nola jarraitzen dugu apostoluen predikatzeko metodoa?
16 Apostoluak segituan hasi ziren predikatze lanean, denbora galdu gabe. Beldurrik gabe «egunero-egunero, tenpluan eta etxez etxe Kristori buruzko, hau da, Jesusi buruzko berri onak irakasten eta predikatzen jarraitu zuten etengabe» (Eg. 5:42).e Predikatzaile sutsu haiek testigantza osoa emateko erabakita zeuden. Jesu Kristok agindu zien bezala, mezua jendearen etxeetara eraman zuten (Mat. 10:7, 11-14). Dudarik gabe, horrela bete zuten Jerusalem osoa beraien irakaspenekin. Gaur egun, Jehobaren lekukook apostoluen predikatzeko metodoa jarraitzeagatik ezagunak gara. Gure eremuko etxe bakoitza bisitatzen dugunean, argi uzten dugu testigantza osoa eman nahi dugula. Izan ere, horrela jende guztiari berri onak entzuteko aukera ematen diogu. Bedeinkatu al du Jehobak etxez etxeko predikazioa? Bai, hala egin du! Amaierako garai honetan, milioika lagunek Erreinuaren mezua onartu dute, eta askok Lekuko bat euren etxera joan zenean entzun zuten lehenengo aldiz mezu hori.
Hainbat gizon «beharrezko lan» batzuk egiteko aukeratzen dira (Eginak 6:1-6)
17-19. Zer arazo sortu zen, eta zer egin zuten apostoluek hau konpontzeko?
17 Kongregazio berria mehatxu arriskutsu baten aurrean zegoen: anai-arreben arteko banaketak. Bataiatu berri ziren dizipulu asko, etxera itzuli aurretik, Jerusalemen denbora batez gelditu ziren gehiago ikasteko. Horregatik, Jerusalemen bizi ziren dizipuluek gogo onez dirua eman zuten hauei janaria eta beharrezko artikuluak erosteko (Eg. 2:44-46; 4:34-37). Orduan, kontu handiz tratatu beharreko arazo bat sortu zen: eguneroko janari banaketan, ez zituzten grekoz hitz egiten zuten alargunak kontuan hartzen, hebrearrez hitz egiten zutenak, aldiz, bai (Eg. 6:1). Badirudi diskriminazio arazo bat zela. Hau mehatxu handia izan zitekeen kongregazioaren batasunerako.
18 Apostoluak, garai hartako zuzendari batzordea, oso lanpetuta zeuden hazten ari zen kristau kongregazioa zuzentzen. Beraz, honakoa adierazi zuten: «Ez da egokia guk Jainkoaren hitza irakasteari uztea mahaietan janaria banatzeko» (Eg. 6:2). Arazo hura konpontzeko, apostoluek dizipuluei «espirituz eta jakinduriaz beteak» zeuden zazpi gizon aukeratzeko eskatu zieten «beharrezko lan hauetaz arduratzeko» (Eg. 6:3). Gizon hauek beharrezko gaitasunak izan behar zituzten. Izan ere, ez zuten soilik janaria banatu behar; dirua kudeatu, beharrezkoa zena erosi eta dena erregistratu behar zuten. Aukeratu zituzten gizonek izen grekoak zituzten; honek errazagoa egingo zuen grekoz hitz egiten zuten alargunek gizon hauengan konfiantza izatea. Beraien ezaugarriak aztertu eta gai honen inguruan otoitz egin ondoren, apostoluek zazpi gizon hauek izendatu zituzten «beharrezko lan hauetaz arduratzeko».f
19 Gizon horiek oso lanpetuta egongo ziren janaria banatzen. Esan nahi al du horrek ez zutela predikatu behar? Ez! Izan ere, aukeratutako gizonetako bat Esteban izan zen eta, laster, predikatzaile sutsu eta ausarta zela frogatuko zuen (Eg. 6:8-10). Felipe ere zazpietako bat zen eta «ebanjelizatzailea» deitu zitzaion (Eg. 21:8). Argi dago zazpi gizon hauek Erreinuaren berri onak sutsuki predikatzen jarraitu zutela.
20. Nola jarraitzen du Jehobaren herriak gaur egun izendapenak egiteko apostoluen eredua?
20 Gaur egun, Jehobaren herriak kongregazioan ardurak dituzten anaiak izendatzeko apostoluen eredu bera jarraitzen du. Adindun edo laguntzaile izateko gomendatzen diren anaiek euren bizitzan Jainkoaren jakinduria eta espiritu santuaren ezaugarriak erakutsi behar dituzte. Anaia hauek Biblian agertzen diren baldintzak bete behar dituzte izendatuak izateko (1 Tim. 3:1-9, 12, 13).g Biblian agertzen diren baldintza horiek espiritu santuz idatzi zirenez, gizon horiek espiritu santuz izendatuak izan direla esan daiteke. Anaia hauek oso langileak dira eta eginkizun askoz arduratzen dira. Adibidez, adindunek adineko anai-arrebei laguntza praktikoa emateko antolakuntzak egiten dituzte (St. 1:27). Beste batzuk oso lanpetuta daude bilera aretoen eraikuntzan parte hartzen, biltzarrak antolatzen edo Ospitale Harremanetarako Batzordeetan laguntzen. Bestalde, laguntzaileek kongregazioan modu praktikoetan laguntzen dute, adindunak anai-arrebak espiritualki sendotzeaz eta irakasteaz arduratzen diren bitartean. Gizon hauek kongregazioan eta erakundean dituzten ardurak betetzeaz gain, berri onak predikatzeaz ere arduratu behar dira (1 Ko. 9:16).
«Jainkoaren hitza zabaltzen joan zen» (Eginak 6:7)
21, 22. Zerk erakusten du Jehoba kongregazio hasi berria bedeinkatzen ari zela?
21 Jehobaren laguntzarekin, hasi berri zen kristau kongregazioak kanpotik zetorren pertsekuzioa gainditu ahal izan zuen, baita kongregazio barruan banaketak sortu zitzakeen arazo bat ere. Argi zegoen Jehoba bedeinkatzen ari zela. Izan ere, «Jainkoaren hitza zabaltzen joan zen, eta dizipulu kopuruak izugarri handitzen jarraitu zuen Jerusalemen, eta apaiz kopuru ederra hasi zen fedea onartzen» (Eg. 6:7). Hau Eginak liburuan aurkitzen ditugun kongregazioaren aurrerapenari buruzko txostenetako bat besterik ez da (Eg. 9:31; 12:24; 16:5; 19:20; 28:31). Gaur egun ere, mundu osoko predikatze lanaren aurrerapenaren txostenek asko animatzen gaituzte.
22 Bueltatu gaitezen lehen mendera. Erlijioburuak sutan zeuden eta ez zuten amorerik emango. Pertsekuzio bolada bat gertu zegoen eta, hurrengo kapituluan ikusiko dugun bezala, Estebanek laster eraso krudela jasango zuen.
a Ikusi «Sanedrina: Juduen auzitegi gorena» taula.
b Salomonen Arkupea tenpluko ekialdean zegoen estalitako galeria bat zen eta bertan judu asko elkartzen ziren.
c Hau da Eginak liburuan aingeruei buruz egiten diren 20 erreferentzietatik lehenengoa. Aurretik, Eginak 1:10ean, «zuriz jantzitako bi gizon» aipatzen dira, eta hauek ere aingeruak dira.
d Ikusi «Gamaliel: Errabino oso estimatua» taula.
e Ikusi «Etxez etxeko predikazioa» taula.
f «Beharrezko lan» horiek ardura handia ziren. Beraz, aukeratutako gizon horiek, ziurrenik, adindunak izateko baldintzak beteko zituzten. Hala ere, Bibliak ez du zehazki esaten noiz hasi ziren kristau kongregazioan adindunak edo arduradunak izendatzen.
g Lehenengo mendean, beharrezko gaitasunak zituzten gizonek adindunak izendatzeko baimena zuten (Eg. 14:23; 1 Tim. 5:22; Tit. 1:5). Gaur egun, Zuzendari Batzordeak eskualde arduradunak izendatzen ditu eta hauek kongregazioetan adindunak eta laguntzaileak izendatzeko ardura dute.