1. KAPITULUA
Nor da Jainkoa?
1, 2. Zer galdera izaten ditu jendeak askotan?
HAURREK galdera asko egiten dituzte. Zerbait azaldu ondoren, askotan galdetzen dute: «Zergatik?». Eta horri erantzuten saiatzean, galdetzen jarraitzen dute: «Baina zergatik?».
2 Gazte nahiz zahar izan, guztiok ditugu galderak. Jan, jantzi edo erosiko dugunari buruzko galderak izan daitezke. Edo garrantzitsuagoak ere egin ditzakegu, zergatik existitzen garen eta geroa nolakoa izango ote den, adibidez. Baina erantzunek asetzen ez bagaituzte, beharbada bilatzeari utziko diogu.
3. Zergatik pentsatzen du jende askok ezinezkoa dela galdera garrantzitsuen erantzunak topatzea?
3 Posible al da egiten ditugun galdera garrantzitsuei erantzutea? Askok hala uste dute, baina ez dakite erantzunak non topatu. Batzuen ustez Biblian daude, baina hau ulertzea oso zaila dela pentsatzen dute. Beste batzuei lotsa handia ematen die erantzunak ez dakizkitela onartzeak. Zer pentsatzen duzu zuk?
4, 5. Zer galdera garrantzitsu dituzu? Zergatik jarraitu behar zenuke erantzunen bila?
4 Ziur aski ondorengo galderen erantzuna jakin nahiko duzu: Zer helburu du bizitzak? Zer gertatzen da hiltzean? Ba al da Jainkorik? Zergatik dago hainbeste sufrimendu? Jesu Kristo maisu ospetsuak esan zuen: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue» (Mateo 7:7). Ez eman amore erantzun fidagarriak aurkitu arte.
5 Bila eta bila jarraitzen baduzu, erantzunak aurkituko dituzu Biblian (Esaera Zaharrak 2:1-5). Erantzun hauek ez dira ulertzeko zailegiak. Ikasitakoak orain zoriontsuago izaten lagunduko zaitu eta etorkizunerako esperantza zoragarria emango dizu. Hasteko, jende asko nahastu duen galdera bat erantzungo dugu.
ARDURATZEN AL DA GUTAZ JAINKOA?
6. Zergatik pentsatzen dute batzuek Jainkoari ez zaiola beraien sufrimendua axola?
6 Jende askoren ustez Jainkoa ez da gutaz arduratzen. Arduratuko balitz, mundua oso desberdina izango litzatekeela pentsatzen dute. Gerra, gorrotoa eta miseria ikusten ditugu edonon. Jendeak gaixotasunak eta sufrimendua jasaten du eta hil egiten da. Batzuek honela pentsatzen dute: «Jainkoa gutaz arduratzen bada, zergatik ez du sufrimendua kentzen?».
7. a) Nola irakatsi dute erlijioburuek Jainkoa bihozgabea dela? b) Nola egon gaitezke ziur Jainkoak ez duela gertatzen diren gauza txarren errurik?
7 Erlijioburuek Jainkoa bihozgabea dela sinestarazten diote jendeari batzuetan. Ezbeharrak gertatzen direnean, adibidez senide bat hiltzean, Jainkoaren borondatea izan dela esaten dute, hori gertatzea nahi zuela. Hau esatean, Jainkoari botatzen diote errua. Baina Bibliaren arabera, Jainkoa ez da inoiz gaiztakeriaren sortzailea. Jainkoak ez duela inor gauza txarrekin probatzen dio Santiago 1:13ak: «Inork, tentaldirik duenean, ez beza esan Jainkoak tentatzen duenik. Jainkoak ez du gaizkirako tentaziorik eta ez du inor gaizkirako tentatzen ere». Zer esan nahi du honek? Jainkoak gauza txarrak geldiarazi ez baditu ere, ez dituela inoiz sortzen (Irakurri Job 34:10-12).
8, 9. Zergatik izango litzateke bidegabea gure arazoen errua Jainkoari botatzea? Eman adibide bat.
8 Jar dezagun adibide bat. Seme heldu bat gurasoen etxean bizi da. Aitak asko maite du eta erabaki onak hartzen irakatsi dio. Baina aitaren aurka altxatu eta etxetik alde egiten du. Gauza txarrak egiten ditu eta arazotan sartzen da. Aitari botako al zenioke errua semeari etxetik joaten uzteagatik? Ez, noski! (Lukas 15:11-13). Aita horrek bezala, Jainkoak ez zituen gizakiak geldiarazi bere aurka altxatu eta gauza txarrak egitea erabaki zutenean. Beraz, gauza txarrak gertatzean, ez dituela Jainkoak sortu gogoratu behar genuke. Bidegabea izango litzateke errua Jainkoari botatzea.
9 Jainkoak arrazoi on bat du gauza txarrak oraindik ez kentzeko. Bibliak honi buruz zer esaten duen ikasiko duzu 11. kapituluan. Baina ziur egon Jainkoak maite gaituela eta inoiz ez duela gure arazoen errurik. Izan ere, konpondu ditzakeen bakarra da (Isaias 33:2).
10. Zergatik egon gaitezke ziur Jainkoak jende gaiztoak egindako kalte guztia konponduko duela?
10 Jainkoa santua da (Isaias 6:3). Egiten duen guztia garbia eta ona da. Beraz, konfiantza izan dezakegu berarengan. Gizakiak ez dira horrelakoak. Batzuetan gauzak oker egiten dituzte. Agintari zintzoenak ere ez dauka jende gaiztoak egindako kaltea konpontzeko ahalmenik. Ez dago Jainkoa bezain boteretsu den inor. Gaiztoek egindako kalte guztia konpontzeko ahalmena eta nahia dauka. Gaiztakeria guztia kenduko du betiko (Irakurri 37. Salmoa 9-11).
NOLA SENTITZEN DA JAINKOA SUFRIMENDUA IKUSTEAN?
11. Nola sentitzen da Jainkoa sufrimendua ikustean?
11 Nola sentitzen da Jainkoa munduan gertatzen ari dena eta zure arazoak ikusten dituenean? Bibliak Jainkoak «zuzenbidea maite» duela dio (37. Salmoa 28). Benetan arduratzen da zuzen eta oker dagoenaz. Jendearen sufrimendua ikustea gorroto du. Bibliaren arabera, «bihozmindurik» sentitu zen iraganean mundua gaiztakeriaz beteta ikusi zuenean (Hasiera 6:5, 6). Jainkoa ez da aldatu (Malakias 3:6). Zutaz benetan arduratzen dela esaten du Bibliak (Irakurri 1 Pedro 5:7).
12, 13. a) Zergatik erakusten dugu besteekiko maitasuna eta ardura, eta nola sentitzen gara munduko sufrimendua ikustean? b) Zergatik egon gaitezke ziur Jainkoak sufrimendu eta injustizia guztia kenduko duela?
12 Bibliak Jainkoak bere irudiko sortu gintuela ere esaten du (Hasiera 1:26). Honek Jainkoak berak dituen ezaugarri bikainekin sortu gintuela esan nahi du. Beraz, errugabeak sufritzen ikustean gaizki sentitzen bazara, Jainkoa are okerrago sentituko da, noski! Nola dakigu hori?
13 Bibliak «Jainkoa maitasuna» dela irakasten du (1 Joan 4:8). Maitasunak bultzatuta egiten du guztia. Beraz, Jainkoak maitatzen duelako maitatzen dugu guk. Pentsa ezazu honetan. Ez al zenuke munduko sufrimendu eta injustizia guztia kenduko hori egiteko ahalmena bazenu? Bai, noski, jendea maite baituzu. Eta Jainkoak? Berak badu ahalmena eta, maite gaituenez, sufrimendu eta injustizia guztia kenduko du. Liburu honen hasieran aipatutako Jainkoaren promes guztiak beteko direla ziur egon zaitezke! Baina promes hauetan konfiantza izateko, Jainkoari buruz gehiago jakin behar duzu.
JAINKOAK BERA EZAGUTU DEZAZUN NAHI DU
14. Zer izen du Jainkoak eta nola dakigu erabili behar genukeela?
14 Norbaiten lagun izan nahi duzunean, zer esaten diozu hasiera-hasieratik? Zeure izena. Ba al du izenik Jainkoak? Erlijio askok Jainkoa edo Jauna deitzen dela esaten dute, baina horiek ez dira izenak. Tituluak dira, «errege» edo «lehendakari» bezala. Jainkoak bere izena Jehoba dela esan digu. Bibliak dio: «Jakin bezate zu, zu bakarrik, zarela Jauna [“Jehoba”, NW ], zu bakarrik lur guztiaren gain Goi-goikoa» (83. Salmoa 19 [83:18, NW ]). Biblia itzulpen batzuek Jahweh itzultzen dute izen hau (Ikusi Irteera 3:15, oharra). Biblia-idazleek milaka aldiz erabili zuten Jainkoaren izena. Jainkoak ezagutu eta erabili dezazun nahi du. Bere adiskide izateko esaten dizu bere izena.
15. Zer esan nahi du Jehoba izenak?
15 Jainkoaren izenak, Jehobak, esanahi sakona du. Jainkoak edozein promes bete eta bere asmoa gauzatu dezakeela esan nahi du. Ezin du ezerk geldiarazi. Jehobak bakarrik merezi du izen hori izatea.a
16, 17. Zer esan nahi dute honako tituluek? a) «Ahalguztiduna» b) «Gizaldien Errege» c) «Sortzailea»
16 Lehenago irakurri dugunez, 83. Salmoa 19ak dio Jehoba «bakarrik [dela] lur guztiaren gain Goi-goikoa». Gainera, Apokalipsia 15:3ak dio: «Bai handi eta harrigarriak zuk eginak, oi Jauna, Jainko ahalguztiduna!». Zer esan nahi du «ahalguztidun» tituluak? Jehoba unibertsoko beste inor baino boteretsuagoa dela. 1 Timoteori 1:17an «Gizaldien Errege» esaten zaio Jehobari. Titulu honek beti existitu dela esan nahi du. Gainera, 90. Salmoa 2ak «betidanik eta betiko» dela ere esaten du. Ez al da harrigarria?
17 Jehoba gure Sortzailea da. Apokalipsia 4:11k dio: «Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko, zeuk baitzenituen gauza guztiak egin eta, zuk nahi izan duzulako, baitira sortu eta dira oraindik». Hala da, zeruko aingeru eta izarretatik hasi eta zuhaitzetako fruitu eta itsasoko arrainetara, Jehobak den-dena sortu du!
JEHOBAREN ADISKIDE IZAN ZAITEZKE
18. a) Zergatik pentsatzen dute batzuek inoiz ez direla Jainkoaren adiskide izango? b) Zer dio Bibliak honi buruz?
18 Jehobaren ezaugarri harrigarriak ezagutu ondoren, jendeak beldurra sentitu eta honakoa pentsatu dezake: «Jainkoa hain boteretsua, hain santua eta ikusezina bada, nolatan arduratuko da nitaz?». Baina Jainkoak guk horrela pentsatzea nahi ote du? Ez, ezta gutxiagorik ere. Jehobak gugandik gertu egon nahi du. Bibliak Jainkoaz dio: «Ez dago guretako bakoitzarengandik urruti» (Eginak 17:27). Jainkoak zu berarengana gerturatzea nahi du eta bera gugana «hurbildu» egingo dela esaten du (Santiago 4:8).
19. a) Nola izan zaitezke Jainkoaren adiskide? b) Jehobaren zer ezaugarri duzu gustukoen?
19 Nola izan zaitezke Jainkoaren adiskide? Jesusek esan zuen: «Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean» (Joan 17:3). Segi ikasten eta Jehoba eta Jesus ezagutzera iritsiko zara. Adibidez, dagoeneko hau ikasi dugu: «Jainkoa maitasuna da» (1 Joan 4:16). Baina beste ezaugarri polit ugari ditu. Jehoba «bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea» dela dio Bibliak (Irteera 34:6). «Ona [...] eta barkabera» da, baita egiazalea ere (86. Salmoa 5; Hebrearrei 6:18). Jainkoak pazientzia du eta leiala da (2 Pedro 3:9; 18. Salmoa 26 [18:25, NW ]). Bere ezaugarri ederrei buruz askoz gehiago ikasiko duzu Biblia aztertzen duzun heinean.
20-22. a) Nola gerturatu gaitezke Jainkoarengana ikusi ezin badugu? b) Zer egin zenezake besteek zuk Biblia ikasteari uztea nahiko balute?
20 Nola sentitu zaitezke Jainkoarengandik hurbil ikusi ezin baduzu? (Joan 1:18; 4:24; 1 Timoteori 1:17). Biblian Jehobari buruz irakurtzean, bere pentsamenduak eta sentimenduak hobeto ezagutuko dituzu (27. Salmoa 4; Erromatarrei 1:20). Jehobari buruz gehiago ikasten duzun heinean, gero eta gehiago maitatuko duzu eta berarengandik gertuago sentituko zara.
21 Jehoba gure Aita dela ulertuko duzu (Mateo 6:9). Bizia eman zigun eta bizitzarik onena izan dezagun nahi du. Horixe da aita maitekor batek bere haurrentzat nahiko lukeena (36. Salmoa 10 [36:9, NW ]). Bai, Bibliak Jehobaren lagun bihurtu zaitezkeela irakasten du (Santiago 2:23). Pentsa! Jehobak, unibertsoaren Sortzaileak, zu bere lagun izatea nahi du!
22 Asmo oneko pertsona batzuek zuk Biblia ikasteari uztea nahiko dute agian. Zure erlijioa aldatu edo engainatua izango zarenaren beldur izan daitezke. Baina ez utzi inori Jehobaren adiskide izatea oztopatzen. Bera da izan dezakezun lagunik onena.
23, 24. a) Zergatik jarraitu behar zenuke galderak egiten? b) Zeri buruz hitz egingo dugu hurrengo kapituluan?
23 Biblia aztertzen duzun heinean ulertuko ez dituzun gauzak aurkituko dituzu. Ez izan lotsarik galdetu edo laguntza eskatzeko. Haur txikiak bezala apalak izan behar dugula esan zuen Jesusek (Mateo 18:2-4). Eta haurrek galdera asko egiten dituzte. Jainkoak zuk erantzunak aurkitzea nahi du. Beraz, Biblia arretaz aztertu ezazu ikasitakoa egia dela ziurtatzeko (Irakurri Eginak 17:11).
24 Jehobari buruz ikasteko modurik onena Biblia aztertzea da. Hurrengo kapituluan, Biblia beste liburuekin parekatuta zergatik den desberdina ikusiko dugu.