9. KAPITULUA
Gertu al da munduaren amaiera?
1. Non ezagutu dezakegu etorkizuna?
ENTZUN al dituzu inoiz telebistan albisteak eta honakoa pentsatu: «Nora ote doa mundu hau?». Hainbeste ezbehar eta gaiztakeria ikustean, munduaren amaierak gertu egon behar duela uste dute batzuek. Hala al da? Etorkizunean gertatuko dena jakiteko modurik ba al da? Bai. Nahiz eta gizakiok ezin dugun aurresan zer gertatuko den, Jehobak bai. Lurraren etorkizuna eta gurea ere zein den esaten digu Biblian (Isaias 46:10; Santiago 4:14).
2, 3. Zer jakin nahi izan zuten Jesusen ikasleek eta zer erantzun zien honek?
2 Bibliak munduaren amaieraz hitz egiten duenean, ez du esan nahi gure planetak amaiera izango duenik. Gaiztakeriaren amaieraz ari da. Jesusek Jainkoaren Erreinuak lur osoan aginduko duela irakatsi zuen (Lukas 4:43). Bere ikasleek Jainkoaren Erreinua noiz etorriko zen jakin nahi izan zutenean, honakoa galdetu zioten: «Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zein izango den zure etorreraren eta munduaren azkenaren ezaugarria» (Mateo 24:3). Jesusek ez zien egun zehatzik esan. Baina mundua amaitu baino lehentxeago gertatuko zena adierazi zien. Jesusek iragarri zuena gertatzen ari da gaur egun.
3 Kapitulu honetan munduaren amaieraren atean gaudela erakusten duten frogak aztertuko ditugu. Lurrean gauzak horren gaizki zergatik dauden ulertzeko, hitz egin dezagun zeruan izan zen gerra bati buruz.
GERRA ZERUAN
4, 5. a) Zer gertatu zen zeruan Jesus Errege bihurtu eta denbora gutxira? b) Apokalipsia 12:12aren arabera, zer gertatuko zen lurrean Satanas bertara jaurtia izan eta gero?
4 1914. urtean Jesus zeruan Errege bihurtu zela ikasi genuen 8. kapituluan (Daniel 7:13, 14). Apokalipsia liburuak gertatu zena esaten digu: «Gudua izan zen zeruan: Mikel [hau da, Jesus] eta beronen aingeruak herensugearen [Satanasen] aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor borrokatu ziren».a Satanas eta bere deabruek gerra galdu eta lurrera jaurtiak izan ziren. Imajinatu al dezakezu aingeruek izan zuten poza? Baina zer gertatuko zitzaien lurreko biztanleei? Bibliaren arabera, handik aurrera arazoz jositako garaian bizi beharko zuten. Zergatik? «Zuengana jaitsi baita deabrua amorru biziz, denbora gutxirako dela jakinik» (Apokalipsia 12:7, 9, 12).
5 Deabruak ahal duen guztia egiten du lurrean arazoak sortzeko. Jainkoak lurretik kendu baino lehen denbora gutxi geratzen zaionez, amorru bizian dago. Aztertu dezagun Jesusek azken egunei buruz iragarritakoa (Ikusi 24. oharra).
AZKEN EGUNAK
6, 7. Nola ari da gaur egun betetzen Jesusek gerra eta goseteei buruz esan zuena?
6 Gerrak. Jesusek esan zuen: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira» (Mateo 24:7). 1914tik aurrera, inoiz baino jende gehiago hil da gerretan. Munduko gertaerak aztertzen dituen erakunde baten arabera, urte hartatik aurrera 100 milioi lagun baino gehiago hil dira gerretan. Gerraren ondorioz XX. mendean izandako hildakoen kopurua, aurreko 1.900 urteetan hil zirenen kopurua baino hiru aldiz handiagoa izan zen. Pentsa ezazu zer-nolako miseria eta atsekabea jasan behar izan duten gerraren ondorioz milioika lagunek!
7 Gosea. Jesusek «goseteak» izango zirela esan zuen (Mateo 24:7). Inoiz baino janari gehiago dagoen arren, jende askok ez dauka jateko nahikoa. Zergatik? Ez duelako janaria edo lantzeko lursailak erosteko dirurik. Munduko biztanleriaren %10 inguru miseria gorrian bizi da. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, urtero milioika haur hiltzen dira osasuntsu egoteko nahikoa janari ez dutelako.
8, 9. Zerk erakusten du lurrikara eta gaixotasunei buruzko Jesusen profeziak bete egin direla?
8 Lurrikarak. Jesusek aurresan zuen: «Lurrikara handiak izango dira» (Lukas 21:11). Urtero indar handiko lurrikarak espero izaten dira. 1900etik aurrera, bi milioi lagun baino gehiago hil dira lurrikaren ondorioz. Teknologiak lurrikarak lehen baino azkarrago antzematen lagundu arren, oraindik ere jende asko hiltzen da.
9 Gaixotasunak. Jesusek «izurriteak» egongo zirela aurresan zuen. Gaixotasun arriskutsuak ziztu bizian zabalduko ziren jende asko hilez (Lukas 21:11). Nahiz eta medikuek gaixotasun asko tratatzen ikasi duten, sendatu ezin diren eritasunak daude oraindik ere. Txosten baten arabera, urtero milioika lagun hiltzen dira, besteak beste, minbizi, bihotzeko gaixotasun, tuberkulosi, malaria eta koleraren ondorioz. Honetaz gain, medikuek 30 gaixotasun berri aurkitu dituzte eta hauetako batzuek ez dute sendabiderik.
NOLAKOA IZANGO ZEN JENDEA AZKEN EGUNETAN?
10. Nola ari da betetzen 2 Timoteori 3:1-5 pasartea?
10 2 Timoteori 3:1-5 pasarteak dio: «Jakin behar duzu azken egunetan une latzak izango direla». Paulo apostoluak azken egunetan jende asko nolakoa izango zen deskribatu zuen:
Berekoiak
Diruzaleak
Harroak
Biraolariak
Gurasoekin errebeldeak
Esker txarrekoak
Basatiak
Jainkoaren baino atseginen maitaleagoak
Itxuran erlijiozale izanik, ez dira Jainkoaren esanekoak
11. Zer gertatuko zaie 92. Salmoa 8aren arabera gaiztoei?
11 Ba al dago honelako jarrera duen jenderik zure inguruan? Munduan zehar jende askok erakusten ditu horrelako ezaugarriak. Baina Jainkoak laster esku hartuko du. Honakoa promesten du: «Erne daitezela belarra bezain ugari gaiztoak, garatu gaizkile guztiak: betiko hondatuak izango dira!» (92. Salmoa 8 [92:7, NW ]).
BERRI ONAK AZKEN EGUNETAN
12, 13. Zer irakatsi digu Jehobak azken egunetan?
12 Azken egunetan mundua atsekabe eta sufrimenduz josita egongo zela aurresan zuen Bibliak. Baina, era berean, gauza onak gertatuko zirela esaten du.
13 Bibliaren ulermen handiagoa. Daniel profetak azken egunei buruz idaztean, hau esan zuen: «Benetako ezagutza ugarituko da» (Daniel 12:4, NW ). Jainkoari esker, bere zerbitzariak Biblia inoiz baino argiago ulertzeko gai izango ziren. 1914tik aurrera nabarmendu da hau. Gauza ugari irakatsi dizkigu Jehobak, esate baterako, bere izenaren garrantzia, lurrarentzako duen helburua, erreskatearen esanahia, hil ondoren gertatzen zaiguna eta berpizkundeari buruzko egia. Gure arazoak Jainkoaren Erreinuak bakarrik konponduko dituela ikasi dugu. Zoriontsu nola izan gaitezkeen eta Jainkoak atsegin duen bizimodua zein den ere jakin dugu. Zer egiten dute Jainkoaren zerbitzariek ikasten dutenarekin? Beste profezia batek erantzuten du galdera hau (Ikusi 21. eta 25. oharrak).
14. Non predikatzen dira Jainkoaren Erreinuaren berri onak eta nork zabaltzen ditu?
14 Mundu-mailako predikatze-lana. Azken egunei buruz hitz egitean, Jesusek esan zuen: «Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau» (Mateo 24:3, 14). Jainkoaren Erreinuaren berri onak 240 bat herrialdetan eta 1000 hizkuntza baino gehiagotan ari dira zabaltzen. Mundu osoan zehar, «arraza, herri eta hizkuntza guztietako» Jehobaren lekukoak ari dira jendeari Erreinua zer den eta gizadiaren alde zer egingo duen erakusten (Apokalipsia 7:9). Gainera, doan egiten dute. Jesusek aurresan bezala askok gorrotatu eta pertsegitzen dituzten arren, ezerk ezin du predikatze-lana gelditu (Lukas 21:17).
ZER EGINGO DUZU?
15. a) Azken egunetan bizi garela uste al duzu? Zergatik? b) Zer gertatuko zaie Jehoba obeditu nahi dutenei? Eta obeditu nahi ez dutenei?
15 Azken egunetan bizi garela uste al duzu? Egun hauei buruzko profezia asko betetzen ari dira. Laster, Jehobak berri onak zabaltzeko lana etetea erabakiko du eta «orduan etorriko da azkena» (Mateo 24:14). Zer da azkena? Harmagedon, Jainkoak gaiztakeria kenduko duen gerra. Jehobak bere esana eta bere Semearena egin nahi ez dutenak suntsituko ditu. Horretarako Jesus eta bere aingeru boteretsuez baliatuko da (2 Tesalonikarrei 1:6-9). Gero, Satanas eta deabruek ez dute jendea engainatuko. Jainkoa obeditu eta Erreinua onartu nahi dutenek Jainkoaren promesa guztiak betetzen ikusiko dituzte (Apokalipsia 20:1-3; 21:3-5).
16. Amaiera hain gertu dagoenez, zer egin behar zenuke?
16 Satanasek agintzen duen mundu hau laster amaituko da. Beraz, oso garrantzitsua da geure buruari honakoa galdetzea: «Zer egin behar nuke?». Jehobak Biblia ahal duzun hobekien ezagutu dezazun nahi du. Jainkoari buruz ikasten ahalegindu behar duzu (Joan 17:3). Jehobaren lekukoek astero dituzte bilerak. Hauetan Biblia ulertzen laguntzen zaio jendeari. Saiatu zaitez bileretara joateko ohitura izaten (Irakurri Hebrearrei 10:24, 25). Zerbait aldatu behar duzula ikusten baduzu, ez izan aldaketak egiteko beldurrik. Hauek egin ahala, Jehobarekin duzun adiskidetasuna gero eta estuagoa izango da (Santiago 4:8).
17. Zergatik harrituko da jende gehiena amaiera etortzen denean?
17 Paulo apostoluak gaiztoen suntsipena jendeak esperoko ez zuen unean etorriko zela esan zuen, «lapurra gauez bezala» (1 Tesalonikarrei 5:2). Jesusek aurresan zuenaren arabera, askok ez zieten jaramonik egingo azken egunetan gaudela adierazten duten frogei. Esan zuen: «Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan [edo, azken egunetan]. Uholdearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zen jendea, Noe ontzian sartu zen arte; eta ez ziren konturatu, uholdea iritsi eta denak eraman zituen arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere» (Mateo 24:37-39).
18. Zer arriskuren berri eman zigun Jesusek?
18 Jesusen arabera, arreta galtzeko arriskua dago. Nola? Jan-edanean ibiliz eta «bizitzako ardurak direla eta». Sarea bezala «munduan bizi diren guztien gainera» bat-batean eroriko da azkena. Ondoren, hau esan zuen: «Egon erne eta erregutu uneoro, gertatuko diren horiei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutik irauteko kemena izan dezazuen» (Lukas 21:34-36). Zergatik da hain garrantzitsua Jesusen abisua entzutea? Laster Satanasen mundu gaiztoa suntsitua izango delako. Jehobak eta Jesusek onartzen dituztenek bakarrik biziraungo dute eta mundu berriaz betiko gozatuko dute (Joan 3:16; 2 Pedro 3:13).
a Mikel Jesu Kristok duen beste izen bat da. Gehiago jakiteko, ikusi 23. oharra.