OHARRAK
1 JEHOBA
Jaungoikoaren izena Jehoba da eta, hainbat adituren ustez, bere izenaren esanahia «bihurtzea eragiten du» izan daiteke. Jehoba Jainko ahalguztiduna da eta gauza guztiak sortu zituen. Erabakitzen duen edozer burutzeko boterea du.
Hebreeraz, Jainkoaren izena lau hizkiz idazten zen. Euskaraz, hizki hauek YHWH edo JHVH hizkiekin adierazten dira. Jainkoaren izena ia 7.000 aldiz agertzen da jatorrizko testu hebrearrean. Mundu osoko jendeak Jehoba izenaren forma desberdinak erabiltzen ditu, norberaren hizkuntzan ohikoa den ahoskera erabiliz.
▸ 1. kapitulua, 15. paragrafoa, oharra
2 BIBLIA «JAINKOAK INSPIRATUA DA»
Bibliaren egilea Jainkoa da, baina gizakiak erabili zituen hau idazteko. Enpresari batek bere idazkariari eskutitz bat idazteko eskatzen dionean gertatzen denaren antzekoa da. Idazkariak ideiak idazten ditu, baina ideiak enpresariarenak dira. Modu berean, Jainkoak bere espiritu santua erabili zuen Bibliako idazleek bere pentsamenduak idatzi zitzaten. Jainkoaren espiritu santuak modu desberdinetan gidatu zituen idazleak, batzuetan ikuskarien edo ametsen bidez.
3 PRINTZIPIOAK
Biblia-printzipioak gauza garrantzitsuak irakasten dituzten oinarrizko egiak dira. Adibidez, «lagun txarrek ohitura onak usteldu egiten dituzte» printzipioak lagunek guregan onerako edo txarrerako eragiten dutela esaten digu (1 Korintoarrei 15:33). «Bakoitzak zer erein, huraxe bilduko du» printzipioak gure ekintzen emaitzak jasoko ditugula erakusten du (Galaziarrei 6:7).
4 PROFEZIA
Jainkoaren mezua da. Jainkoaren nahiaren azalpena, irakaskuntza morala, agindua edo epaia izan daiteke. Etorkizunean gertatuko den zerbaiti buruzko mezua ere izan daiteke. Dagoeneko bete diren profezia asko daude Biblian.
5 MESIASI BURUZKO PROFEZIAK
Jesusek bete zituen Mesiasi buruzko profezia ugariak. Ikusi «Mesiasi buruzko profeziak» taula.
▸ 2. kapitulua, 17. paragrafoa, oharra
6 JEHOBAREN HELBURUA LURRARENTZAT
Jehobak lurra paradisu izateko eta bera maite duten gizakiak bizitzeko sortu zuen. Bere helburua ez da aldatu. Laster, Jainkoak gaiztakeria kendu eta bere zerbitzariei betiko bizitza emango die.
7 SATANAS DEABRUA
Satanas Jainkoaren aurkako matxinada hasi zuen aingerua da. Satanas izenak «aurkari» esan nahi du eta Jehobaren aurka borroka egiten duelako deitzen zaio honela. Deabru izenak «iraintzaile» esan nahi du eta Jainkoari buruzko gezurrak esan eta jendea engainatzen duelako deitzen zaio honela.
8 AINGERUAK
Jehobak lurra baino askoz lehenago sortu zituen aingeruak. Zeruan bizitzeko sortuak izan ziren. Ehun milioi aingeru baino gehiago daude (Daniel 7:10). Izen eta izaera desberdinak dituzte. Aingeru leial eta apal hauek ez dute gizakiek adoratu ditzaten nahi. Maila desberdinak dituzte lan ugari burutuz. Lan hauetako batzuk hauek dira: Jehobaren tronu aurrean zerbitzatzea, Jainkoaren mezuak gizakiei ematea, lurreko zerbitzariei gida eta babesa ematea, Jainkoaren epaiak burutzea eta predikatze-lanaren alde egitea (34. Salmoa 8 [34:7, NW ]; Apokalipsia 14:6; 22:8, 9). Etorkizunean, Jesusekin batera borroka egingo dute Harmagedongo gerran (Apokalipsia 16:14, 16; 19:14, 15).
9 BEKATUA
Jehobaren edo bere helburuaren aurkako edozein sentimendu, pentsamendu edo ekintza da bekatua. Bekatuak Jainkoarekin dugun harremana kaltetzen duenez, Jehobak lege eta printzipioak eman dizkigu nahigabetu ez dezagun. Hasieran, Jehobak sortutako guztia perfektua zen, baina Adam eta Ebak desobeditzea erabaki zutenean, bekatu egin eta perfektu izateari utzi zioten. Zahartu eta hil egin ziren eta, Adamen bekatua jaso dugunez, gu ere zahartzen eta hiltzen gara.
10 HARMAGEDON
Satanasen mundua eta gaiztakeria guztia suntsituko dituen Jainkoaren gerra da.
▸ 3. kapitulua, 13. paragrafoa; 8. kapitulua, 18. paragrafoa
11 JAINKOAREN ERREINUA
Jainkoaren Erreinua Jehobak zeruan ezarritako gobernua da. Jesu Kristo da erregea. Etorkizunean, Jehobak Erreinua erabiliko du gaiztakeria guztia kentzeko. Jainkoaren Erreinuak mundua gobernatuko du.
12 JESU KRISTO
Jainkoak beste gauza guztiak baino lehen sortu zuen Jesus. Jehobak Jesus lurrera bidali zuen gizaki guztien alde hil zedin. Jesus eraila izan ondoren Jehobak berpiztu egin zuen. Gaur egun Jesus Jainkoaren Erreinuaren Errege da eta zeruan gobernatzen ari da.
13 70 DENBORALDIEN PROFEZIA
Bibliak Mesias noiz agertuko zen aurresan zuen. Hau 69 denboraldiren amaieran gertatuko zen. Denbora tarte hau K.a. 455. urtean hasi eta K.o. 29. urtean amaitu zen.
Nola dakigu K.o. 29. urtean amaitu zela? 7 urteko 69 denboraldiak K.a. 455. urtean hasi ziren Nehemias Jerusalemera iritsi eta hiria berreraikitzen hasi zenean (Daniel 9:25; Nehemias 2:1, 5-8). 7 urte irauten dituzten 69 denboraldik 483 urte osatzen dituzte (69 x 7). 483 urte kontatzen baditugu K.a. 455. urtetik aurrera K.o. 29. urtera iristen gara (ez baitago 0 urterik). Hauxe da Jesus bataiatu eta Mesias bihurtu zen urte zehatza! (Lukas 3:1, 2, 21, 22).
Profezia berak beste denboraldi bat aurresan zuen, hau da, 7 urte gehiago. Denboraldi honetan zehar, K.o. 33. urtean Mesias hilko zuten eta K.o. 36. urtetik aurrera Jainkoaren Erreinuaren berri onak herri guztiei zabalduko zitzaizkien, ez juduei soilik (Daniel 9:24-27).
14 TRINITATEAREN IRAKASKUNTZA FALTSUA
Bibliak Jehoba Sortzailea dela eta beste gauza guztiak baino lehen Jesus sortu zuela erakusten du (Kolosarrei 1:15, 16). Jesus ez da Jainko Ahalguztiduna. Berak ez zuen inoiz Jainkoaren parekoa zenik esan. «Aita ni baino handiago baita» esan zuen horren ordez (Joan 14:28; 1 Korintoarrei 15:28). Baina erlijio batzuek Trinitatea erakusten dute. Aita, Semea eta espiritu santuak, hiru pertsonak, bat bakarra osatzen dutela diote. Trinitate hitza ez da Biblian agertzen. Irakaskuntza faltsua da.
Espiritu santua Jainkoaren indar eraginkorra da, bere nahia betetzeko erabiltzen duen botere ikusezina ekinean. Ez da pertsona bat. Adibidez, lehen kristauak espiritu santuz «bete ziren» eta Jehobak esan zuen: «Neure espiritua isuriko diet gizaki guztiei» (Eginak 2:1-4, 17).
▸ 4. kapitulua, 12. paragrafoa; 15. kapitulua, 17. paragrafoa
15 GURUTZEA
Benetako kristauek ez dute gurutzea erabiltzen Jainkoa adoratzeko. Zergatik?
Gurutzea erlijio faltsuetan erabili izan da denbora luzez. Antzina, natura adoratzeko eta sexu-erritu paganoetan erabili ohi zen. Jesusen heriotzaren ondorengo 300 urteetan kristauek ez zuten gurutzea erabili. Hala ere, Konstantino erromatar enperadoreak gurutzea kristautasunaren sinbolo egin zuen. Ikur hau herriak kristautasuna onartu zezan erabili zuen. Baina gurutzeak ez du Jesu Kristorekin zerikusirik. Entziklopedia katoliko batek dio: «Gurutzea kristautasunaren aurreko kulturetan eta kristauak ez zirenetan aurkitzen da» (New Catholic Encyclopedia).
Jesus ez zen gurutze batean hil. «Gurutze» itzulitako hitz grekoak «egur bertikala», «zutoina» edo «zuhaitza» esan nahi du. Biblia-itzulpen baten arabera, «[Itun Berria] idatzi zen grekoan ez da inoiz aditzera ematen bi egur zirenik» (The Companion Bible). Jesus egur bertikal batean hil zen.
Jehobak ez du irudi edo sinbolorik nahi bere adorazioan (Irteera 20:4, 5; 1 Korintoarrei 10:14).
16 OROITZAPENA
Jesusek bere heriotzaren oroitzapena ospatzeko agindu zien bere ikasleei. Nisanaren 14an ospatzen dute urtero, israeldarrek Pazkoa ospatzen zuten egun berean. Jesusen gorputz eta odola irudikatzen duten ogi eta ardoa pasatzen diote elkarri oroitzapena ospatzen ari direnek. Jesusekin zeruan aginduko dutenek ogia jan eta ardoa edaten dute. Betiko lurrean bizitzeko itxaropena dutenek ez dute ogirik jaten, ezta ardorik edaten ere. Bertan egon eta portaera duina izanez erakusten dute euren esker ona.
17 ARIMA
Biblia ugaritan «arima» itzuli izan den hitza hebreeraz neʹphesh eta grekoz psy·kheʹ da eta hiru esanahi nagusi ditu: 1) pertsona, 2) animalia edo 3) pertsona edo animalia batek duen bizia. Horregatik, euskarazko biblia-itzulpen batzuetan «lagun», «animalia» edo «bizia» itzuli ohi da. Hona hemen adibide batzuk:
Pertsona bat. «Noeren egunetan [...] zortzi arima [psy·kheʹ] salbatu baitziren uraren erdian» (1 Pedro 3:20, BS). Hemen «arima» hitza pertsonei buruz ari da: Noe eta bere emaztea, haien hiru semeak eta hauen emazteak.
Animalia bat. «Jainkoak esan zuen: “Egin bezate urek borbor bizidunez [neʹphesh]; egin bezate hegan hegaztiek lurraren gainean, airean. Jainkoak esan zuen: “Eman bitza lurrak orotariko bizidunak [neʹphesh]: abereak, piztiak eta narrastiak”. Eta hala izan zen» (Hasiera 1:20, 24).
Pertsona edo animalia baten bizia. Jehobak Moisesi esan zion: «Hilak dira zuri bizia [neʹphesh] kendu nahi zizuten guztiak» (Irteera 4:19, BJU). Jesus lurrean izan zenean hau esan zuen: «Ni naiz artzai ona. Artzai onak bere bizia [psy·kheʹ] ardiagatik ematen du» (Joan 10:11, BJU).
Gainera, norbaitek zerbait «arima guztiaz» egiteak, gogoz eta ahal duen hobekien egiten duela esan nahi du (Mateo 22:37, BS; Deuteronomioa 6:5, BS). «Arima» hitzak izaki bizidun baten desira ere azaldu dezake. Arima hilak pertsona hila edo gorputz hila adierazi dezake (Zenbakiak 6:6; Esaera Zaharrak 23:2; Isaias 56:11; Ageo 2:13).
▸ 6. kapitulua, 6. paragrafoa, oharra; 15. kapitulua, 17. paragrafoa
18 ESPIRITUA
Biblian «espiritu» hitzarekin itzuli diren hitz hebrear eta grekoek gauza desberdinak esan nahi ditzakete. Hala ere, beti gizakiek ikusi ezin dituzten gauzak adierazten dituzte, adibidez, haizea edo gizakien nahiz animalien arnasa. Hitz hauek izaki espiritualak edota espiritu santua, hau da, Jainkoaren indarra ere adierazi ditzakete. Bibliak ez du irakasten hil ondoren gizakiaren atalen batek bizirik jarraitzen duenik (103. Salmoa 29, BJU [104:29, NW ]; Mateo 12:43; Lukas 11:13).
▸ 6. kapitulua, 6. paragrafoa, oharra; 15. kapitulua, 17. paragrafoa
19 GEHENNA
Biblia-itzulpen batzuetan Gehenna hitz grekoa «infernu» itzuli da. Baina Gehenna Jerusalemdik gertu zegoen bailara baten izena zen eta hemen zaborra kiskali eta suntsitzen zen. Jesusen garaian toki hau animaliak edo gizakiak torturatu eta erretzeko erabiltzen zela esateko frogarik ez dago. Beraz, Gehennak ez du hildakoak betiko torturatzen eta erretzen diren leku ikusezina irudikatzen. Jesusek, Gehennara jaurtiak direnei buruz hitz egitean, behin-betiko suntsituak izango direla eta berpizteko itxaropenik ez dutela esan nahi zuen (Mateo 5:22; 10:28).
20 AITAGUREA
Jesusek bere jarraitzaileei otoitz egiten irakasteko erabili zuen eredua da hau. Adibidez, Jesusek honakoak eskatzen irakatsi zuen:
«Agertu santu zeure izena»
Bere izen ona edo ospea gezur guztietatik garbitzeko eskatzen diogu Jehobari otoitzean. Horrela zeruan eta lurrean dauden guztiek Jainkoaren izena ohoratu eta errespetatuko dute.
«Etorrarazi zeure erregetza»
Jainkoaren gobernuak Satanasen mundu gaiztoa suntsitzeko, lur osoan agintzeko eta lurra paradisu bihurtzeko eskatzen dugu otoitzean.
«Betearazi lurrean zeure nahia»
Jainkoak lurrarentzako duen helburua bete dadin eskatzen dugu otoitzean. Horrela esaneko diren gizaki perfektuak paradisuan betiko biziko dira. Hori zen Jainkoak gizakiak sortu zituenean nahi zuena.
21 ERRESKATEA
Jehobak gizakiak bekatu eta heriotzatik salbatzeko eskaini zuen erreskatea. Erreskatea lehen gizonak, Adamek, galdutako giza bizitza perfektua eta gizakiek Jehobarekin zuten harremana berreskuratzeko ordaintzen dena da. Jainkoak Jesus lurrera bidali zuen bekatari guztien alde hil zedin. Jesusen heriotzari esker, gizaki guztiek betiko bizitzeko eta perfektuak izateko aukera dute.
▸ 8. kapitulua, 21. paragrafoa; 9. kapitulua, 13. paragrafoa
22 ZERGATIK DA HAIN GARRANTZITSUA 1914. URTEA?
Daniel liburuko 4. kapituluko profeziak Jainkoak 1914. urtean bere Erreinua ezarri zuela adierazten du.
Profezia: Jehobak Nabukodonosor erregeari moztua izan zen zuhaitz bati buruzko amets profetikoa ikusarazi zion. Ametsean zuhaitzondoa burdinazko eta brontzezko kateez lotu zen. Era honetara, zuhaitzak «zazpi urtez» hazteari utziko zion. Denbora hori pasa ondoren zuhaitza berriro haziko zen (Daniel 3:31; 4:7-13 [4:1, 10-16, NW ]).
Zer esanahi du profeziak guretzat?: Zuhaitzak Jainkoaren agintaritza irudikatzen du. Jehobak urte askoz Jerusalemdik agintzen zuten erregeak erabili zituen Israelgo nazioa gobernatzeko (1 Kronikak 29:23). Baina errege hauek ez ziren leialak izan eta hauen agintaritza amaitu egin zen. Jerusalem K.a. 607. urtean suntsitua izan zen. Hau izan zen «zazpi urteen» hasiera (2 Erregeak 25:1, 8-10; Ezekiel 21:25-27, NW ). Jesus «zazpi urteei» buruz hitz egiten ari zen honakoa esan zuenean: «Jerusalem jentilek zapalduko dute, jentilentzat Jainkoak erabakitako garaia erabat bete arte» (Lukas 21:24). Beraz, «zazpi urteak» ez ziren amaitu Jesus lurrean egon zen bitartean. «Zazpi urteen» amaieran errege bat izendatuko zuela promestu zuen Jehobak. Jesus izango zen errege berri hori eta bere agintaritzak bedeinkapen zoragarriak ekarriko zizkien mundu osoko Jainkoaren zerbitzariei betiko (Lukas 1:30-33).
«Zazpi urteen» iraupena: «Zazpi urteek» 2.520 urte iraun zituzten. Kristo aurreko 607. urtetik hasita 2.520 urte kontatzen baditugu, 1914. urtera heltzen gara (ez baitago 0 urterik). Urte honetan izendatu zuen Jehobak Jesus Kristo Jainkoaren Erreinuaren Errege zeruan.
Nondik ateratzen dugu 2.520 zenbakia? Bibliaren arabera, hiru urte eta erdi 1.260 egun dira (Apokalipsia 12:6, 14). Beraz, «zazpi urteek» honen bikoitza iraungo zuten, hau da, 2.520 egun. «Urte bakoitzeko egun bat» arau profetikoa kontuan hartzen badugu, 2.520 egunak 2.520 urte dira (Zenbakiak 14:34; Ezekiel 4:6).
▸ 8. kapitulua, 23. paragrafoa
23 MIKEL GOIAINGERUA
«Goiaingeru» hitzak «aingeruen buruzagi» esan nahi du. Bibliak goiaingeru bakarra aipatzen du eta bere izena Mikel da (Daniel 12:1; Judas 9).
Mikel aingeru leialez osatutako Jainkoaren gudarostearen burua da. Bibliak honakoa dio: «Ondoren, gudua izan zen zeruan: Mikel eta beronen aingeruak herensugearen aurka. Herensugea eta beronen aingeruak gogor borrokatu ziren» (Apokalipsia 12:7). Jesus Jainkoaren gudarostearen buru dela ere dio (Apokalipsia 19:14-16). Beraz, Mikel Jesusek duen beste izen bat da.
▸ 9. kapitulua, 4. paragrafoa, oharra
24 AZKEN EGUNAK
Lurrean gertakari garrantzitsuak pasako ziren garaia da, Jainkoaren Erreinuak Satanasen mundua suntsitu aurreko garaia. Biblia-profezietan denbora tarte berberaz hitz egiteko beste adierazpen batzuk ere agertzen dira, esaterako, «munduaren azkena» eta «Gizonaren Semearen etorrera» (Mateo 24:3, 27, 37). 1914an Jainkoaren Erreinua zeruan agintzen hasi zen. «Azken egunak» urte horretan hasi eta Harmagedonen Satanasen mundua suntsitzen denean amaituko dira (2 Timoteori 3:1; 2 Pedro 3:3).
25 BERPIZKUNDEA
Jainkoak hildako bat bizira bueltatzen duenean berpiztu egin duela esaten da. Biblian bederatzi berpizkunde aipatzen dira. Elias, Eliseo, Jesus, Pedro eta Paulok egin zituzten. Jainkoaren botereari esker egin ahal izan zituzten mirari hauek. Jehobak lurrean bizitzeko berpizkunde bat egongo dela promesten du, bai «justuena nola injustuena» (Eginak 24:15, TB). Bibliak zeruan bizitzeko berpizkunde bati buruz ere hitz egiten du. Jainkoak aukeratu dituenak zeruan Jesusekin batera errege izateko berpizten dituenean gertatzen da (Joan 5:28, 29; 11:25; Filipoarrei 3:11; Apokalipsia 20:5, 6).
26 DEABRUKERIA (ESPIRITISMOA)
Deabrukeria edo espiritismoa espirituekin harremanetan jartzeko egiten den praktika txarra da. Hau zuzenean edo beste norbaiten bidez egiten da, esaterako, ezkutuko botereak erabiltzen dituzten sendalarien edo aztien bidez. Espiritismoa praktikatzen duen jendeak gizakien espirituak hil ondoren bizirik jarraitu eta espiritu boteretsu bihurtzen direla uste du. Deabruek ez dute irakaskuntza faltsu hau bakarrik erabiltzen jendearengan eragina izateko. Honetaz gain, hainbat praktika erabiltzen dituzte jendeak Jainkoa desobeditu dezan, hauen artean, astrologia, igarpena, magia, sorginkeria, superstizioa, ezkutukoa dena eta naturaz gaindiko gauzak. Guztiak daude deabrukeriaren barne. Liburu, aldizkari, horoskopo, film, poster eta abesti askok magia, deabruak eta ezkutuko gauzak erakargarriak direla edo kalterik egiten ez dutela pentsarazten dute. Hileta-ohitura askok deabruekin harremana dute, esaterako, hildakoen aldeko eskaintza, ospakizun eta urteurrenak. Jendeak askotan drogak erabiltzen ditu deabruen boterea erabiltzen saiatzen direnean (Galaziarrei 5:20, 21; Apokalipsia 21:8).
▸ 10. kapitulua, 10. paragrafoa; 16. kapitulua, 4. paragrafoa
27 JEHOBAREN SUBIRANOTASUNA
Jehoba Jainko Ahalguztiduna da eta unibertsoa sortu zuen (Apokalipsia 15:3). Horregatik da gauza guztien jabea eta subiranotasuna edo aginpide osoa du bere sorkuntzaren gain agintzeko (24. Salmoa 1; Isaias 40:21-23; Apokalipsia 4:11). Sortu duen guztiarentzako egin ditu legeak. Besteak agintari izendatzeko aginpidea ere badu. Jainkoa maitatu eta obeditzen dugunean bere subiranotasunaren alde egiten dugu (1 Kronikak 29:11).
28 ABORTUA
Jaio ez den haur baten heriotza nahita eragitea gaizki dago. Ernaltzen den momentutik aurrera, amaren barruan dagoen haurra Jainkoaren aurrean pertsona bat da. Beraz, abortua norbait erailtzea da.
29 ODOL-TRANSFUSIOA
Odol osoa edo bere osagai nagusietako bat pertsona baten gorputzean sartzeko medikuntza-prozedura da. Biltegiratutako norberaren odola izan daiteke, baita beste pertsona baten odola ere. Odolaren lau osagai nagusiak hauek dira: plasma, globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak.
30 DIZIPLINA
Biblian «diziplina» itzultzen den jatorrizko hitzak ez du zigorra soilik esan nahi. Diziplina jasotzen dugunean, irakaspena, ohartarazpena, zentzarazpena eta zuzenketa jasotzen dugu. Jehobak ez du sekula diziplina neurrigabea edo gogorra ematen (Esaera Zaharrak 4:1, 2). Jehobak eredu polita ezartzen die gurasoei. Ematen duen diziplina egokia da eta jasotzen duena diziplina maitatzera iristen da (Esaera Zaharrak 12:1). Jehobak bere herria maite duenez, hezi egiten du. Ideia okerrak zuzentzeko eta modu egokian pentsatu eta jokatzeko laguntza ematen dio. Gurasoen kasuan, diziplinaren barne honakoak daude: seme-alabei esaneko izatearen arrazoia ulertaraztea, Jehoba eta Biblia maitatzen irakastea eta biblia-printzipioak ulertzen laguntzea.
31 DEABRUAK
Ikusi ezin ditugun izaki espiritual gaiztoak dira, gizakiak baino askoz ere boteretsuagoak. Aingeru gaiztoak dira. Jainkoari desobeditzean bere etsai bihurtu ziren (Hasiera 6:2; Judas 6). Satanasen matxinadarekin bat egin zuten Jehobaren aurka altxatuz (Deuteronomioa 32:17; Lukas 8:30; Eginak 16:16; Santiago 2:19).