Galaziarrei
3 O, galaziar zentzugabeok! Nork engainatu zaituzte? Zeren argi eta garbi azaldu zitzaizuen Jesu Kristok zutoinean jasandako heriotza. 2 Gauza bakar bat galdetu nahi dizuet*: legeak agintzen dituen ekintzak egiteagatik jaso zenuten espiritua ala entzundakoan fedea jartzeagatik? 3 Hain zentzugabeak al zarete? Espirituzko bide bat* hasi ondoren, haragizko bide batean amaitu behar al duzue*? 4 Hainbeste sufrimendu pasa dituzue, eta alferrik? Ziur nago ez dela alferrik izan. 5 Orduan, espiritua ematen dizuenak eta zuen artean mirariak* egiten dituenak, zergatik egiten du hori? Legeak agintzen dituen ekintzak egiten dituzuelako ala entzundako mezuan fedea jarri duzuelako? 6 Horixe da Abrahamekin gertatu zena: «Jehobarengan* fedea jarri zuen, eta honek justutzat hartu zuen».
7 Ziur badakizuela fedeari eusten diotenak Abrahamen seme-alaba direla. 8 Idazkietako pasarte batek, Jainkoak nazioetako pertsonak beraien fedeagatik justu deklaratuko zituela aurreikusiz, Abrahami aldez aurretik berri onak eman zizkion hau esanez: «Zure bitartez nazio guztiak bedeinkatuak izango dira». 9 Beraz, fedeari eusten diotenak bedeinkatuak izaten ari dira, fedea izan zuen Abrahamekin batera.
10 Legeak agintzen dituen ekintzetan konfiantza jartzen duten guztiak, madarikazio baten menpe daude, idatzita baitago: «Madarikatua Legearen erroiluan idatzita dagoen guztia betetzen jarraitzen ez duena». 11 Gainera, argi dago legea obeditzeagatik inor ez dela Jainkoaren aurrean justu deklaratua izaten ari, zeren «justua bere fedearengatik biziko da». 12 Baina Legea ez da fedean oinarritzen, baizik eta honakoa esaten du: «Gauza hauek egiten dituena, gauza hauei esker biziko da». 13 Kristok erosi gintuen eta Legearen madarikaziotik askatu gintuen, gure ordez madarikazio bihurtuz, idatzita baitago: «Madarikatua zutoin batetik zintzilik dagoena». 14 Hori Abrahamen bedeinkapena Kristo Jesusen bidez nazioetara iristeko gertatu zen eta, gure fedeari esker, promestutako espiritua guk jaso ahal izateko.
15 Anai-arrebok, eguneroko gauzetan oinarritutako adibide bat jarriko dizuet: itun bat balioztatzen denean, nahiz eta gizaki huts batek balioztatu, inork ezin du baliogabetu, ezta ezer gehiago gehitu ere. 16 Ba, promesak Abrahami eta bere ondorengotzari egin zitzaizkion. Ez du esaten «eta zure ondorengoei», asko izango balira bezala; horren ordez, «eta zure ondorengotzari*» esaten du, bat bakarrari buruz hitz eginez: Kristori buruz. 17 Are gehiago, honakoa diot: Legeak, 430 urte beranduago eman zenak, ez du Jainkoak aurretik egin zuen ituna baliogabetzen eta, beraz, promesa indargabetzen. 18 Zeren herentzia legean oinarrituko balitz, ez litzateke dagoeneko promes batean oinarrituko. Hala ere, Jainkoak promes baten bidez eman zion herentzia gogo onez Abrahami.
19 Orduan, zertarako eman zen Legea? Lege-hausteak agerian uzteko eman zen, promesa egin zitzaion ondorengotza* iritsi arte; eta aingeruen bidez transmititu zen bitartekari baten eskutik. 20 Baina, hala ere, ez dago bitartekaririk pertsona bakarra dagoenean inplikatua, eta Jainkoa bat bakarra da. 21 Orduan, zer esan nahi du horrek? Legea Jainkoaren promesen aurka dagoela? Ez horixe! Zeren bizia eman zezakeen lege bat eman izan balitz, justizia legearen bidez lortuko zen. 22 Baina Idazkiek bekatuaren kontrolpean utzi zituzten gauza guztiak, horrela, Jesu Kristorengan fedea jartzeagatik lortzen den promesa, fedea erakusten dutenei emana izan zedin.
23 Hala ere, fedea iritsi aurretik, legearen zaintzapean geunden, kontrolpean, ezagutzera emateko zorian zegoen fedearen zain. 24 Beraz, Legea Kristorenganaino gidatu gintuen tutore* bihurtu zen, horrela, fedearen bidez justu deklaratuak izan gintezen. 25 Baina orain fedea iritsi denez, ez gaude dagoeneko tutore baten menpe.
26 Izan ere, zuek guztiak Jainkoaren seme-alaba zarete Kristo Jesusengan jarri duzuen fedeagatik. 27 Zeren zuek guztiak, Kristorengan bataiatuak izan zinetenak, Kristoz jantzi zarete. 28 Ez dago ez judurik, ez greziarrik; ez dago ez esklaborik, ez gizon librerik; ez dago ez gizonik, ez emakumerik; zeren zuek guztiak bat zarete Kristo Jesusekin bat eginda. 29 Gainera, Kristorenak bazarete, orduan, Abrahamen ondorengotza zarete, promesaren arabera herentzia jasoko dutenak.