Mateo
28 Larunbata pasa ondoren, asteko lehen eguna argitzean, Magdalako Maria eta beste Maria hilobia ikustera joan ziren.
2 Eta hara!, lurrikara handi bat gertatu zen, zeren Jehobaren aingeruak zerutik jaitsi eta harria biratu zuen. Aingerua harriaren gainean eserita zegoen. 3 Eta tximistak bezala egiten zuen distira eta bere arropa elurra bezain zuria zen. 4 Guardia egiten ari ziren gizonak, aingerua ikustean, zeharo beldurtuta dardarka hasi eta hilda bezala geratu ziren.
5 Baina aingeruak esan zien emakumeei: «Ez beldurtu, badakit zutoinean exekutatu zuten Jesusen bila zabiltzatela. 6 Ez dago hemen; berak esan bezala, berpiztua* izan da. Zatozte, ikusi gorpua zegoen tokia. 7 Eta orain, bizkor, zoazte dizipuluengana eta esaiezue: “Hildakoen artetik berpiztua* izan da. Hara!, zuen aurretik doa Galileara. Han ikusiko duzue”. Hauxe da esan behar nizuena».
8 Beraz, ziztu bizian atera ziren hilobitik*, beldurrez, baina pozez beteta. Eta korrika joan ziren dizipuluei berria kontatzera. 9 Eta hara!, Jesusek bidean aurkitu zituen eta esan zien: «Egun on!». Berarengana hurbilduz, bere aurrean makurtu* eta oinak besarkatu zizkioten. 10 Orduan, Jesusek esan zien: «Ez beldurtu! Zoazte nire anaiei berria kontatzera Galileara joan daitezen, eta han ikusiko naute».
11 Emakumeak bidean zeudela, guardia egiten aritu ziren soldaduetako batzuk hirian sartu eta gertatutako guztia kontatu zieten apaizburuei. 12 Hauek adindunekin elkartu ziren eta, zer egin adostu ondoren, soldaduei zilarrezko txanpon kopuru ederra eman 13 eta esan zieten: «Esan: “Gauean, lo geunden bitartean, bere dizipuluak etorri eta gorpua lapurtu dute”. 14 Eta hau gobernariaren belarrietara iristen bada, ez kezkatu, guk hitz egingo dugu berarekin*». 15 Beraz, zilarrezko txanponak hartu eta esandakoa egin zuten, eta hau da gaur arte judutarren artean zabaldu den istorioa.
16 11 dizipuluak, berriz, Galileara joan ziren, Jesusek esandako mendira. 17 Ikusi zutenean, bere aurrean makurtu egin ziren*, baina batzuek zalantzak zituzten. 18 Jesusek, beraiengana hurbilduz, esan zien: «Jainkoak autoritate osoa eman dit zeruan eta lurrean. 19 Zoazte, ba, eta egin dizipuluak herri guztietako jendearen artetik, Aitaren eta Semearen eta espiritu santuaren izenean bataiatuz, 20 eta agindu dizuedan guztia obeditzen irakatsiz. Eta gogoratu! Zuekin egongo naiz egunero sistemaren* amaiera* arte».