2. IKASKETARAKO ARTIKULUA
Zer ikasten dugu Jesusen anaiarengandik?
«Nik, Santiagok, Jainkoaren eta Jesu Kristo Jaunaren zerbitzari honek» (ST 1:1).
sjj 88. KANTA Azaldu niri zure bideak
ZER AZTERTUKO DUGU?a
1. Nolakoa zen Santiagoren familia?
SANTIAGO, Jesusen anaia, oso familia espiritualean hazi zenb. Bere gurasoek, Jose eta Mariak, asko maite zuten Jehoba eta ahal zuten guztia egiten zuten bere zerbitzuan. Honetaz gain, beste bedeinkapen bat izan zuen: Bere anaia zaharrena Mesias izatera iritsiko zen. A zer nolako ohorea familia horren parte izatea!
2. Zer arrazoi zituen Santiagok bere anaia zaharrena miresteko?
2 Santiagok arrazoi asko zituen bere anaia zaharrena miresteko (Mt 13:55). Adibidez, Jesusek 12 urte zituenean, Jerusalemgo lege-maisuak txunditurik utzi zituen idazkiak oso ongi ezagutzen zituelako (Lk 2:46, 47). Santiagok seguraski Jesusekin batera egingo zuen lan aroztegian. Horrela izan bazen, oso ongi ezagutuko zuen bere anaia. «Norbaitekin lan egiten duzunean, oso ondo ezagutzera iristen zara», esan ohi zuen Nathan Knorr-ek.c Santiagok bere begiekin argi ikusiko zuen Bibliak dioen hau: «Jesus haziz zihoan, bai jakinduriaz, bai gorputzez, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago zuten» (Lk 2:52). Arrazoi guzti hauengatik logikoa da Santiago Jesusen lehenengo jarraitzaileetako bat izango zela pentsatzea. Baina ez zen hala izan.
3. Nola jokatu zuen Santiagok Jesus predikatzen hasi zenean?
3 Jesus lurrean predikatzen aritu zenean, Santiago ez zen bere jarraitzaile bihurtu (Jn 7:3-5). Seguruenik, «burutik egina zegoela» pentsatu zuten senitartekoen artean egongo zen (Mk 3:21). Gainera, Jesus habean hilzorian zegoenean, ez dago Santiago beraien ama Mariarekin zegoela pentsatzeko arrazoirik (Jn 19:25-27).
4. Zer ikasiko dugu?
4 Denborarekin, Santiagok Jesusengan fedea jarri zuen eta kristau kongregazioko adindun errespetatua izatera iritsi zen. Artikulu honetan Santiagorengandik bi gauza ikasiko ditugu: 1) zergatik jarraitu apal izaten eta 2) irakasle onak nola izan.
SANTIAGO BEZALA, JARRAITU APAL IZATEN
5. Nola jokatu zuen Santiagok Jesus berpiztu ondoren agertu zitzaionean?
5 Noiz hasi zen Santiago Jesus leialki jarraitzen? Jesus berpiztu ondoren, «Santiagori agertu zitzaion, ondoren apostolu guztiei» (1 Ko 15:7). Gertakizun hark goitik behera markatu zuen Santiagoren bizitza. Apostoluak Jerusalemgo etxe bateko goiko gelan Espiritu santua jasotzeko zain zeudenean, han zegoen bera (Eg 1:13, 14). Beranduago, Zuzendari-batzordeko kide izateko ohorea izan zuen (Eg 15:6, 13-22; Ga 2:9). Eta K.o. 62 urtea baino pixka bat lehenago, gutun inspiratu bat idatzi zien kristau gantzutuei. Gutun hau oso lagungarria da gaur egun guztiontzat, zeruan edo lurrean bizitzeko itxaropena dugun axola gabe (St 1:1). Lehen mendeko Josefo historialariaren arabera, Santiago Ananias Gaztea izeneko apaiz nagusi judutarraren aginduz exekutatua izan zen. Santiago Jehobari leial izan zitzaion bere lurreko ibilbidea amaitu zuen arte.
6. Zer desberdintasun zegoen Santiago eta bere garaiko erlijio buruen artean?
6 Santiago apala izan zen. Zergatik esan dezakegu hori? Konparatu dezagun Santiagok azkenean Jesusi emandako erantzuna erlijio buruek emandako erantzunarekin. Jesus Jainkoaren semea zela erakusten zuten froga argiak ikusi zituenean, Santiagok apaltasunez onartu zituen. Jerusalemgo apaiz nagusiek ez zuten horrela jokatu. Adibidez, ezin zuten Jesusek Lazaro berpiztu zuenik ukatu. Baina, Jesus Jehobaren ordezkaria zela onartu beharrean, Jesus eta Lazaro akabatzen saiatu ziren (Jn 11:53; 12:9-11). Beranduago Jesus berpiztua izan zenean, azpikeriatan ibili ziren jendeari gertatutakoa ezkutatzeko (Mt 28:11-15). Erlijio buru haiek harroputz hutsak zirenez, Mesias baztertu zuten.
7. Zergatik baztertu behar dugu harrokeria?
7 Ikasgaia: Harrokeria alde batera utzi, eta ikasteko prest egon. Gaixotasun batek arteriak gogortu eta bihotz-taupadak oztopatu ditzakeen bezala, harrokeriak bihotz sinbolikoa gogortu eta Jehobaren gida jarraitzea oztopatu dezake. Fariseuek euren bihotza gogortzen utzi zuten. Horregatik Jainkoaren espirituaren bidez jasotako froga argiak baztertzeraino iritsi ziren (Jn 12:37-40). Hori jokaera arriskutsua zen betiko bizitzeko aukera galdu baitzuten (Mt 23:13). Beraz, Jainkoaren Hitzari eta bere espirituari gure izaera, pentsaera eta erabakietan eragina izaten utzi behar diegu. Zein inportantea den hau egiten jarraitzea! (St 3:17). Santiago apala zenez, prest zegoen Jehobarengandik ikasteko. Eta, ikusiko dugun bezala, apaltasunari esker bihurtu zen irakasle trebea.
SANTIAGO BEZALA, IRAKASLE ONA IZAN
8. Zerk lagunduko digu irakasle onak izaten?
8 Santiagok ez zuen aparteko hezkuntzarik jaso. Bere garaiko erlijio buruek Pedro eta Juan apostoluak ikusten zituzten bezala ikusiko zuten bera ere: «Eskolagabe eta arrunta» (Eg 4:13). Baina Santiagok irakasle ona izaten ikasi zuen, bere izena daraman liburuan ikusten den bezala. Santiagoren antzera, agian guk ere ez dugu eskolara joateko aukera handirik izan. Horrela izan arren, gu ere irakasle onak izan gaitezke Jehobaren espiritua eta bere erakundearen prestakuntzari esker. Ikusi dezagun Santiagoren irakasle eredua eta ikasi dezagun berarengandik.
9. Zer esango zenuke Santiagoren irakasteko moduari buruz?
9 Santiagok ez zituen hitz zailak edo arrazoiketa konplikatuak erabili. Horri esker, entzuleek bazekiten zer egin eta nola egin behar zuten. Adibidez, kristauek injustizia erresuminik gabe jasateko prest egon behar dutela irakatsi zuen Santiagok. Ikus dezagun zein modu errazean egin zuen hau. «Gure ustez zoriontsu dira iraun dutenak. Joben iraupenari buruz entzun duzue eta Jehobak azkenean bere alde zer egin zuen ikusi duzue, Jehoba oso maitekorra eta errukitsua dela» (St 5:11, NWT). Santiagorentzat Jainkoaren Hitza zen autoritatea. Izan ere, Joben eredua aipatu zuen Jehobak berari leialak direnak beti saritzen dituela erakusteko. Eta hau hitz errazak eta logika erabiliz egin zuen. Horrela, atentzioa ez zion bere buruari eman, Jehobari baizik.
10. Nola imitatu dezakegu Santiago irakastean?
10 Ikasgaia: Jainkoaren Hitzetik eta modu errazean irakatsi. Gure helburua ez da entzuten digutenei asko dakigula erakustea. Horren ordez, Jehobak zenbat dakien eta beraiez zenbat arduratzen den ikustea nahi dugu (Erm 11:33). Nola lortu dezakegu helburu hau? Esaten duguna beti Biblian oinarrituz. Adibidez, ez diegu gure biblia-ikasleei beraien tokian guk zer ezingo genukeen esango. Hori egin beharrean, beraiei lagundu behar diegu biblia-ereduetan pentsatzen eta Jehobaren sentimendu eta pentsaera ulertzen. Horrela, euren motibazioa ez da gu poztea izango, Jehoba baizik.
11. Zer zailtasun zituzten Santiagoren garaiko kristau batzuek, eta zer aholku eman zien? (Santiago 5:13-15)
11 Santiago errealista zen. Bere gutunean, argi ikusten dugu Santiagok ondo ezagutzen zituela bere anai-arreben zailtasunak, eta hauei aurre egiteko gida argia eman zien. Adibidez, batzuei aholkuak praktikan jartzea kostatzen zitzaien (St 1:22). Beste batzuek maila ekonomikoagatik bereizketak egiten zituzten (St 2:1-3). Eta beste batzuei zaila egiten zitzaien mihiari eustea (St 3:8-10). Nahiz eta kristau haiek arazo larriak eduki, Santiagok ez zuen erremediorik ez zutela pentsatu. Aholkua modu goxoan baina zuzenean eman zien eta espiritualki gaixo zeudenak adindunengana laguntza bila joatera animatu zituen (Irakurri Santiago 5:13-15).
12. Zer egin dezakegu gure ikasleei buruz ikuspuntu positiboa mantentzeko?
12 Ikasgaia: Errealista izan, baina besteei buruzko ikuspuntu positiboa eduki. Biblia-ikasle askorentzat aholkuak praktikan jartzea zaila izan daiteke (St 4:1-4). Denbora behar dute ohitura txarrak utzi eta ezaugarri kristauak lantzeko. Santiago bezala, ausartak izan behar dugu ikasleari zertan hobetu behar duen esateko. Jehobak apalak erakarri eta aldaketak egiteko indarra emango die (St 4:10). Honetaz ziur egonda, mantendu dezagun ikuspuntu positiboa.
13. Santiago 3:2ak dioen bezala, zer aitortu zuen Santiagok?
13 Santiagok bere buruaz ikuspuntu egokia zuen. Santiagok ez zuen pentsatu besteak baino inportanteagoa zenik Jesusen anaia zelako edo eginkizun bereziak zituelako. Bere fedekideei «senide maiteok» deitu zien (St 1:16, 19-20; 2:5). Ez zuen perfektua zenaren itxura eman. Horren ordez, «denok baitugu askotan huts egiten» aitortu zuen (Irakurri Santiago 3:2).
14. Zergatik egon behar dugu gure akatsak onartzeko prest?
14 Ikasgaia: Gogoratu guztiok garela bekatariak. Ez dugu pentsatu behar gure ikasleen gainetik gaudenik. Zergatik ez? Gure ikasleari akatsik egiten ez dugula pentsarazten badiogu, desanimatu egingo da, Jehobak eskatzen duena inoiz ezingo duela bete pentsatuz. Nola lagundu ahal diogu berak ere Jehoba zerbitzatu dezakeela sentitzen? Guretzat biblia-printzipioak jarraitzea ez dela beti erraza izan aitortu eta Jehobak nola lagundu digun azalduz.
15. Nolako adibideak erabili zituen Santiagok? (Santiago 3:2-5, 10-12).
15 Santiagok bihotza ukitzen zuten adibideak erabili zituen. Dudarik gabe espiritu santuak lagunduko zion, baina Jesus, bere anaia zaharrenak, erabilitako adibideak aztertzeak irakasle ona izaten irakatsiko zion. Bere gutunean erabili zituen adibideak errazak dira, eta hauekin irakatsi nahi zituen ideiak argiak (Irakurri Santiago 3:2-5, 10-12).
16. Zergatik erabili behar ditugu adibide onak?
16 Ikasgaia: Adibide onak erabili. Adibide aproposak erabiltzen dituzunean, entzuleek imajinazioaren bidez ikusten dutenarekin ikasi egiten dute. Irudi hauei esker Bibliako oinarrizko egiak gogoratu ditzakete. Jesus maisua zen adibide onak ematen, eta bere anaiak eredu hau jarraitu zuen. Azter dezagun Santiagoren adibide bat eta ikus dezagun zergatik den hain ona.
17. Zergatik da hain ona Santiago 1:22-25ko adibidea?
17 Irakurri Santiago 1:22-25. Zergatik da hain ona Santiagoren ispiluaren adibidea? Hainbat arrazoirengatik. Ikasgai zehatz bat azaldu nahi zuen. Jainkoaren Hitza bete betean aprobetxatzeko, irakurtzeaz gain praktikan jarri behar dugu. Gainera entzuleek erraz ulertuko zuten irudi bat erabili zuen: Bere aurpegia ispiluan ikusten duen norbaiten adibidea. Zer azaldu nahi zuen honekin? Zentzugabea izango litzateke ispiluan begiratu, zuzendu beharreko zerbait ikusi, baina ezer ez egitea. Era berean, zentzugabea izango litzateke Jainkoaren Hitza irakurri, gure izaeran aldaketaren bat egin behar dugula ikusi, baina ezer ez egitea.
18. Zer hiru gauza egin behar ditugu adibide bat erabili nahi dugunean?
18 Adibideak erabiltzean, Santiagoren eredua jarraitu dezakegu hiru gauza hauek eginez: 1) Ziurtatu adibidea irakatsi nahi duzun ikasgairako aproposa dela. 2) Entzuleek erraz ulertuko duten adibidea erabili. 3) Argi utzi adibidearen aplikazioa. Ez bazaizu adibide aproposik bururatzen, jo Indice de las publicaciones Watchtower-era (Index des publications des Témoins de Jéhovah). «Ejemplos» edo «Examples» gaiaren barruan erabili ditzakezun adibide pila topatuko dituzu. Hala ere, gogoratu mikrofonoak ahotsa nabarmentzen duen bezala, adibideak irakatsi nahi duzun ideia nabarmenduko duela. Beraz, ziurtatu ideia nagusiak azaltzeko bakarrik erabiltzen dituzula. Noski, gogoratu dezagun gure irakasteko trebetasunak hobetzearen helburua ez dela geure buruari garrantzia ematea, ahalik eta jende gehienari Jehobaren familiaren parte izaten laguntzea baizik.
19. Nola erakusten dugu gure familia espirituala maite dugula?
19 Santiagok ez bezala, guk ez dugu perfektua den anaia zaharrago baten ondoan hazteko ohorea izan. Baina anai-arrebaz osatutako familia handi baten parte izanez Jehoba zerbitzatzeko ohorea daukagu. Maitasuna erakusten diegu elkarrekin denbora pasatzen, beraiengandik ikasten, eta beraiekin batera predikatzen eta irakasten. Saia gaitezen Santiagoren eredua imitatzen gure jarrera, jokaera eta irakasteko metodoekin. Horrela, Jehobari ohore emango diogu eta bihotz oneko jendeari gure Aita maitearengana hurbiltzen lagunduko diogu.
sjj 114. KANTA «Izan pazientzia»
a Santiago Jesusen familiakoa zen. Jainkoaren seme perfektua garaiko jende gehienak baino hobeto ezagutzen zuen. Gainera, lehen mendeko kristau kongregazioko zutabe izatera iritsi zen. Artikulu honetan, Jesusen anaia gaztearen bizitza eta irakaspenetatik ikasiko dugu.
b Gauzak errazteko, Santiago Jesusen anaia zela esango dugu. Berez, Jesusen anaiordea zen eta bere izena daraman Biblia liburua idatzi zuen.
c Nathan Knorr Zuzendari-batzordeko kidea izan zen. Bere lurreko ibilbidea 1977an amaitu zen.
d IRUDIAREN AZALPENA: Santiagok su txiki baten adibidea erabili zuen, jendeak erraz ulertu zezakeen zerbait, mihia gaizki erabiltzearen arriskua irudikatzeko.