9. KAPITULUA
«Jainkoak ez [du] bereizketarik egiten»
Kristauak nazioetako jendeari predikatzen hasten dira
Eginak 10:1-11:30 pasartean oinarrituta
1-3. Zer ikuskari izan zuen Pedrok, eta zergatik da garrantzitsua guk horren esanahia ulertzea?
UDAZKENA da, K.o. 36. urtea. Pedrok eguzkiaren beroa nabaritzen du Jopen itsasotik gertu dagoen etxe bateko terrazan otoitz egiten ari den bitartean. Egun batzuk pasa ditu etxe horretan. Etxeko jabea Simon izeneko larrugin bat da, eta bere lanarengatik judu asko ez lirateke bere etxean egongo.a Baina Pedrok ez du judu horiek bezala pentsatzen. Hala ere, Jehoba zein inpartziala den ikasiko du laster.
2 Otoitz egiten ari den bitartean, Pedrok ikuskari bat du. Ikusten duenak edozein judu eskandalizatuko luke. Zerutik maindire bat jaisten ikusten du eta, horren gainean, Legearen arabera zikinak edo kutsatuak diren animaliak daude. Ahots batek animalia hauek hiltzeko eta jateko esaten dio. Baina Pedrok ez du jan nahi, eta hurrengoa erantzuten du: «Ez dut sekula zikin edo kutsatua den ezer jan». Hala ere, ahotsak hiru aldiz honakoa esaten dio: «Ez segi Jainkoak garbitu dituen gauzei zikin deitzen» (Eg. 10:14-16). Pedro nahastuta dago. Ez du ulertzen zer esan nahi duen ikuskariak, baina laster Jehobak ulertzen lagunduko dio.
3 Ikuskari honen esanahia ulertzea oso garrantzitsua da, Jehobak pertsonak nola ikusten dituen ulertzen laguntzen digulako. Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa emateko, beharrezkoa dugu pertsonak Jehobak ikusten dituen moduan ikustea. Orduan, zer esan nahi du ikuskari horrek? Galdera hori erantzuteko, aztertu dezagun aurretik eta ondoren gertatu zena.
«Jainkoari etengabe erregutzen zion» (Eginak 10:1-8)
4, 5. Nor zen Kornelio, eta zer gertatu zen otoitz egiten zuen bitartean?
4 Pedrok ez zekien, baina Jopetik 50 bat kilometrotara iparralderantz, Zesarean, Kornelio izeneko gizon batek ere ikuskari bat izan zuen. Kornelio erromatar armadako zenturioi bat zen eta «debozioz beteriko gizona zen».b Gainera, familiaburu eredugarria zen eta «bera eta bere etxeko guztiek Jainkoari errespetu handia zioten». Kornelio ez zen judua, ezta judu berria ere, zirkunzidatu gabeko jentila baizik. Hala ere, beharrean zeuden juduei errukia erakusten zien eta, askotan, dirua eta beste opari batzuk ematen zizkien. Bihotz oneko gizon honek «Jainkoari etengabe erregutzen zion» (Eg. 10:2).
5 Arratsaldeko hirurak aldera, Korneliok ikuskari bat izan zuen otoitz egiten zuen bitartean. Ikuskarian aingeru batek honakoa esan zion: «Zure otoitzak eta behartsuei eman diezun laguntza Jainkoarengana igo dira eta berak gogoan ditu» (Eg. 10:4). Aingeruak Korneliori gizon batzuk Pedroren bila bidaltzeko esan zion, eta honek halaxe egin zuen. Kornelio, nazioetako jendearen artean, kristau bihurtzen lehenengoa izango zen.
6, 7. a) Erantzuten al ditu Jainkoak bera ezagutu nahi duten bihotz oneko pertsonen otoitzak? Aipatu bizipen bat. b) Zer erakusten digute mota horietako bizipenek?
6 Gaur egun ere, bihotz oneko pertsonek otoitz egiten dute Jainkoari buruzko egiak ezagutzeko. Erantzuten al ditu Jainkoak otoitz horiek? Bai, noski. Ikus dezagun adibide bat. Albaniako emakume batek Talaia bat onartu zuen eta aldizkari horrek haurrak hezteko artikulu bat zuen.c Berak honakoa esan zion atea jo zuen Lekukoari: «Ez duzu sinistuko, baina Jainkoari nire alabak hezteko laguntza eskatu diot oraintxe bertan. Berak bidali zaitu! Hunkituta nago. Hauxe da juxtu behar nuena». Emakumea eta bere alabak Biblia aztertzen hasi ziren eta, denborarekin, senarrak ere ikastaro bat onartu zuen.
7 Horrelako bizipenak askotan gertatzen dira mundu osoan zehar. Beraz, zaila da kasualitatea direla sinestea. Zer irakasten digu honek? Lehenik, Jehobak bere bila ari diren pertsona zintzoen otoitzak erantzuten dituela (1 Err. 8:41-43; Sal. 65:3 [65:2, NWT]). Bigarrenik, predikatzen dugunean, aingeruen laguntza eta gida dugula (Ap. 14:6, 7).
«Pedro zer egin ez zekiela geratu zen» (Eginak 10:9-23a)
8, 9. Zer egiteko agindu zion Jainkoak Pedrori, eta nola erantzun zuen honek?
8 Pedrok terrazan jarraitzen zuen ikuskariaren esanahiari buruz pentsatzen, «zer egin ez zekiela». Orduan, Korneliok bidalitako gizonak iritsi ziren (Eg. 10:17). Zer egingo zuen Pedrok? Legearen arabera zikina zen janaria jateko prest ez bazegoen, egongo ote zen gizon horiekin joan eta jentil baten etxean sartzeko prest? Nolabait Jainkoak, bere espirituaren bidez, Pedrori zer egin behar zuen jakinarazi zion. Honakoa agindu zion: «Begira! Hiru gizon zutaz galdezka ari dira. Beraz, altxa, behera jaitsi eta joan beraiekin. Ez egin dudarik, nik bidali ditut eta» (Eg. 10:19, 20). Zalantzarik gabe, maindirearen ikuskariak Pedro espiritu santuaren gida jarraitzeko prestatu zuen.
9 Orduan, gizon horiek beraien bisitaren arrazoia azaldu zioten: Korneliok bidali zituela aingeru batek hori egiteko agindu ziolako. Hori entzutean, «Pedrok sartzera eta berarekin geratzera gonbidatu zituen» (Eg. 10:23a). Pedro Jainkoaren nahia zein zen konturatzen ari zenez, obeditu eta moldatzen hasi zen.
10. Nola gidatzen du Jehobak bere herria, eta zer galdetu beharko genioke geure buruari?
10 Gaur egun ere, Jehobak bere nahia pixkanaka-pixkanaka argitzen digu (Esa. 4:18). Bere espiritu santua erabiltzen du «morroi leial eta zentzuduna» gidatzeko (Mat. 24:45). Horregatik, batzuetan, Bibliako pasarteren baten ulermena aldatzen da, baita erakundean gauza batzuk egiteko modua ere. Beraz, galdetu diezaiogun hurrengoa geure buruari: «Aldaketak daudenean, prest al nago nire pentsatzeko modua aldatzeko? Gogo onez jarraitzen al dut Jainkoaren espirituaren gida?».
«Bataiatu zitzatela agindu zuen» (Eginak 10:23b-48)
11, 12. Zer egin zuen Pedrok Zesareara iristean, eta zer ikasi zuen?
11 Ikuskaria izan eta hurrengo egunean, Pedro eta bederatzi gizon (Korneliok bidalitako hirurak eta juduak ziren Jopeko «sei anaia») Zesareara abiatu ziren (Eg. 11:12). Kornelio Pedroren zain zegoen, «familia eta lagun minak berarekin elkartuta zituela». Ziurrenik, guztiak jentilak ziren (Eg. 10:24). Iristean, Pedrok lehen berarentzat pentsaezina zen zerbait egin zuen: zirkunzidatu gabeko jentil baten etxean sartu zen! Pedrok honakoa azaldu zuen: «Ongi dakizue judu batentzat beste arraza bateko gizon batekin tratua edukitzea edo berarengana hurbiltzea legearen kontrakoa dela. Baina Jainkoak erakutsi dit ez diodala inori zikin edo kutsatu deitu behar» (Eg. 10:28). Ordurako, Pedrok bazekien izan zuen ikuskariak ez zuela jan zezakeenarekin bakarrik zerikusirik. Ikusi zuenak ez ziola «inori [ezta jentilei ere] zikin edo kutsatu deitu behar» irakatsi zion.
12 Kornelioren etxean zegoen jende guztia Pedrori entzuteko irrikan zegoen. Izan ere, Korneliok honakoa esan zion: «Hemen gaude denak Jainkoaren aurrean, Jehobak esateko agindu dizuna entzuteko prest» (Eg. 10:33). Imajinatu nola sentituko zinatekeen interesa duen pertsona batek hori esango balizu! Zer egin zuen Pedrok? Hurrengo hitz zirraragarriak esaten hasi zen: «Oraintxe ulertzen dut benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten. Izan ere, errespetu handia diotenak eta ondo jokatzen dutenak onartzen ditu, zein naziotakoak diren axola gabe» (Eg. 10:34, 35). Jainkoak ez duela inor bere arraza, nazionalitate edo azalaren kolorearengatik epaitzen ikasi zuen Pedrok. Orduan, Jesusek lurrean egin zuenaz, eta bere heriotzaz eta berpizkundeaz hitz egiten hasi zitzaien.
13, 14. a) Zer garai amaitu zen K.o. 36. urtean Kornelio eta beste jentil batzuk kristau egin zirenean? b) Zergatik ez genuke predikazioan inor bere itxurarengatik epaitu behar?
13 «Pedro oraindik gauza hauei buruz hitz egiten ari zela», inoiz gertatu ez zen zerbait gertatu zen: «Nazioetako jendea» espiritu santua jasotzen hasi zen (Eg. 10:44, 45). Hau da Bibliak espiritu santua norbaitengan bataiatu aurretik isurtzen dela aipatzen duen kasu bakarra. Jentil talde horrek Jainkoaren onespena zuela konturatu zen Pedro. Beraz, «bataiatu zitzatela agindu zuen» (Eg. 10:48). Kristo ondorengo 36. urtean, jentil horiek kristau egin zirenean, Jainkoak juduei tratu berezia eman zien garaia bukatu zen (Dan. 9:24-27). Momentu horretan, Pedrok Erreinuko hirugarren eta azken «giltza» erabili zuen (Mat. 16:19). Giltza horrek zirkunzidatu gabeko jentilak kristau gantzutu izateko atea ireki zuen.
14 Gaur egun berri onak predikatzen ditugunean, «Jainkoak ez [duela] bereizkeriarik egiten» onartzen dugu (Erm. 2:11). Izan ere, «gizaki guztiak salbatu eta egia ezagutzera hel daitezen» nahi du (1 Tim. 2:4). Beraz, ez genuke inoiz inor bere itxurarengatik epaitu behar. Gure eginkizuna Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa ematea da. Zer esan nahi du horrek? Jende guztiari predikatu behar diogula, beraien arraza, nazionalitatea, itxura edo erlijioa axola gabe.
«Trabak jartzeari utzi zioten, eta Jainkoa goretsi zuten» (Eginak 11:1-18)
15, 16. Zergatik kritikatu zuten judu jatorria zuten kristau batzuek Pedro, eta nola justifikatu zuen Pedrok egin zuena?
15 Seguruenik, Pedro irrikitan egongo zen gertatutakoa kontatzeko. Beraz, Jerusalemera joan zen. Baina, ordurako, hango kristauek bazekiten «nazioetako jendeak ere Jainkoaren hitza onartu zuela». Iritsi bezain pronto, «zirkunzisioaren aldekoak bera kritikatzen hasi ziren». Eskandalizatuta zeuden «zirkunzidatu gabeko gizonen etxean sartu […] eta beraiekin jan» zuelako (Eg. 11:1-3). Ez zeuden haserre jentilak kristau egin zirelako, baizik eta jentil horiek ez zutelako Legea obeditzen eta ez zeudelako zirkunzidatuta. Beraientzat hori zen Jehoba adoratzeko modu egokia. Argi dago jatorri judua zuten dizipulu batzuei Moisesen Legea atzean uztea kosta egiten zitzaiela.
16 Nola justifikatu zuen Pedrok egin zuena? Eginak 11:4-16 pasartearen arabera, lau arrazoi eman zituen Jainkoaren nahia hori zela azaltzeko: 1) jaso zuen ikuskaria (4-10 bertsetak); 2) Jehobak espirituaren bitartez emandako agindua (11, 12 bertsetak); 3) Korneliok jasotako aingeruaren bisita (13, 14 bertsetak); eta 4) jentilengan espiritu santua isurtzea (15, 16 bertsetak). Pedrok pisuzko arrazoiketa batekin amaitu zuen: «Jainkoak guri [juduoi], Jesu Kristo Jaunarengan sinetsi dugunoi, emandako opari bera [espiritu santua] eman zien [jentil sinestunei]. Beraz, nor nintzen ni Jainkoari aurka egiteko?» (Eg. 11:17).
17, 18. a) Zer erabaki hartu behar izan zuten judu jatorriko kristau batzuek Pedro entzun ondoren? b) Zergatik izan daiteke erronka handia kongregazioan batasuna mantentzea, eta zer galdetu beharko genioke geure buruari?
17 Judu jatorriko kristau haiek Pedro entzun ondoren, erabaki bat hartu behar izan zuten. Baztertuko al zituzten aurreiritziak? Onartuko al zituzten beraien anai-arrebak bezala bataiatu berri ziren jentil haiek? Pasarteak honakoa dio: «Hau entzutean, [apostoluek eta judu jatorriko beste kristau batzuek] trabak jartzeari utzi zioten, eta Jainkoa goretsi zuten esanez: “Orduan, nazioetako jendeak bizia jaso dezan, Jainkoak damutzeko aukera eman dio”» (Eg. 11:18). Jarrera positibo horrek kongregazioaren batasuna mantendu zuen.
18 Gaur egun ere, benetako adoratzaileok «nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako» pertsonak garenez, erronka handia izan daiteke kongregazioan batasuna mantentzea (Ap. 7:9). Kongregazio askotan, arraza, kultura eta jatorri desberdinetako anai-arrebak daude. Beraz, galdetu diezaiogun geure buruari: «Ba al dut bihotzean aurreiritzirik errotuta oraindik? Nazio, arraza, hizkuntza edo kulturarengatik zatituta dagoen mundu honetan, gogor saiatzen al naiz gauza horiek nigan eraginik izan ez dezaten anai-arrebak tratatzean?». Gogoratu Pedrori lehen jentilak bataiatu eta urte batzuetara gertatu zitzaiona. Besteen aurreiritzien ondorioz, kristau jentilengandik banatu zen eta Paulok zuzendu egin behar izan zuen (Gal. 2:11-14). Beraz, kontu handiz ibili gaitezen aurreiritzien tranpan ez erortzeko.
«Askok sinetsi zuten» (Eginak 11:19-26a)
19. Nori predikatzen hasi ziren judu jatorriko Antiokiako kristauak, eta zer emaitzarekin?
19 Jainkoaren nahia zein zen jakin ondoren, hasi al ziren Jesusen jarraitzaileak zirkunzidatu gabeko jentilei predikatzen? Ikus dezagun zer gertatu zen beranduago Siriako Antiokian.d Hiri horretan juduen komunitate handi bat zegoen, eta hiriko judu eta jentilak ondo konpontzen ziren beraien artean. Beraz, Antiokia jentilei predikatzeko leku ona zen. Hantxe hasi ziren judu jatorriko dizipulu batzuk «grekoz hitz egiten zuen jendeari [berri onak] predikatzen» (Eg. 11:20). Grekoz hitz egiten zuten juduei berri onak zabaltzeaz gain, zirkunzidatu gabeko jentilei ere predikatzen zieten, eta Jehobak lan hura bedeinkatu zuen. Izan ere, «askok sinetsi zuten» (Eg. 11:21).
20, 21. Nola erakutsi zuen Bernabek umila zela, eta nola erakutsi dezakegu apaltasun berdina predikatzean?
20 Jerusalemgo kongregazioak Bernabe bidali zuen Antiokiara entzuteko prest zegoen jendeari predikatzeko. Baina interesa agertzen zuen jende asko zegoenez, lan gehiegi zen pertsona bakarrarentzat. Zein Saulo baino hobeto laguntzeko? Izan ere, bera izango zen beranduago nazioentzat apostolu (Eg. 9:15; Erm. 1:5). Ikusiko ote zuen Bernabek Saulo bere lehiakide bezala? Ez. Horren ordez, umila izan zen eta laguntza behar zuela onartu zuen. Beraz, Tarsora joan zen Sauloren bila eta elkarrekin urtebete pasa zuten Antiokian bertako kongregazioko dizipuluak sendotzen (Eg. 11:22-26a).
21 Nola erakutsi dezakegu apaltasuna predikatzean? Batzuetan laguntza behar dugula onartuz. Guztiok ditugu abileziak eta ahuleziak. Adibidez, batzuk oso trebeak dira informalki edo etxez etxe predikatzen, baina zailtasunak izaten dituzte bisitak egitean edo Biblia ikastaroak hastean. Predikazioaren arloren batean laguntza behar baduzu, zergatik ez duzu laguntza eskatzen? Hori egiten baduzu, Biblia irakasle hobea izango zara eta poz handiagoa izango duzu predikazioan (1 Ko. 9:26).
«Anai-arrebei laguntza bidaltzea erabaki zuten» (Eginak 11:26b-30)
22, 23. Zer egin zuten Antiokiako kristauek anai-arrebei zieten maitasuna erakusteko, eta nola imitatzen ditu gaur egun Jainkoaren herriak?
22 Pasarteak honela jarraitzen du: «Antiokian eman zitzaien lehen aldiz Kristau izena dizipuluei» (Eg. 11:26). Jainkoak onartutako izen horrek oso ondo deskribatzen ditu Jesu Kristoren eredua jarraituz bizi direnak. Nazioetako jendea kristau egiten joan zen heinean, sortuko al zen maitasun loturarik judu jatorriko kristauen eta jentilak ziren kristauen artean? Ikusi dezagun zer gertatu zen K.o. 46. urtean gosete handi bat egon zenean.e Iraganean, goseteek bereziki behartsuei eragiten zieten ez baitzuten dirurik, ezta janaririk gordeta ere. Gosete hartan, dirudienez, Judean bizi ziren judu jatorriko kristau asko behartsuak ziren. Egoerari buruz jakin zutenean, Antiokiako dizipuluek, jentilak ziren kristauek barne, «Judean bizi ziren anai-arrebei laguntza bidaltzea erabaki zuten» (Eg. 11:29). Hura bai benetako maitasuna!
23 Gaur egun, gauza bera gertatzen da. Gure anai-arrebek laguntza behar dutela jakiten dugunean, beraiei laguntzeko prest gaude, beste herrialderen batean bizi badira ere. Sukurtsal Batzordeek berehala antolatzen dituzte Larrialdietarako Laguntza Batzordeak urakanak, lurrikarak, tsunamiak edo beste hondamendi natural batzuk jasan dituzten anai-arrebei laguntzeko. Esfortzu hauek guztiek gure anaiartea benetan maite dugula erakusten dute (Joan 13:34, 35; 1 Joan 3:17).
24. Nola erakusten dugu Pedrok izan zuen ikuskariaren ikasgaia serioski hartzen dugula?
24 Benetako kristauok serioski hartzen dugu Pedrok Jopen izan zuen ikuskariaren ikasgaia. Bereizketarik egiten ez duen Jainkoa adoratzen dugu. Bere nahia guk Erreinuari buruzko testigantza osoa ematea da. Pertsona guztiei predikatu behar diegula esan nahi du horrek, euren arraza, jatorri edo maila soziala kontuan izan gabe. Beraz, entzun nahi duen edonori berri onak zabaltzeko prest egon gaitezen! (Erm. 10:11-13).
a Judu askok larruginak mespretxatzen zituzten hildako animaliekin kontaktuan zeudelako eta larrua lantzeko prozesua nazkagarria egiten zitzaielako. Juduek ez zuten larruginak tenplura joaterik nahi, eta beraien tailerrak herritik gutxienez 20 metrotara egon behar ziren. Agian horregatik zegoen Simonen etxea «itsasertzean» (Eg. 10:6).
b Ikusi «Kornelio eta erromatar armada» taula.
c 2006ko azaroaren 1eko La Atalaya, 4-7 orrialdeetako artikulua: «Consejos infalibles para la crianza de los hijos» («Des conseils fiables pour éduquer les enfants»).
d Ikusi «Siriako Antiokia» taula.
e Josefo historialari juduaren arabera, «gosete handi» hori Klaudio enperadorearen erregealdian gertatu zen (K.o. 41-54).